2018/07/28

Bideak eta bidegurutzeak
«Mendi tontor altu batera igotzen zarenean, askoz gehiago ere igo beharko dituzula jabetzen zara», nabarmendu zuen Nelson Mandelak

Ez da “E eguna” existitzen, ez ditugu sekula aldarrikatzen ditugun helburu guzti-guztiak lortuko, ez baita mundu perfektua existitzen, ezta existituko ere: independentzia, sozialismoa, herrien Europa, mundu justuago bat. Beti izango ditugu gauzak egiteko, hobetzeko, aldatzeko. Hori ondo barneratuko bagenu, nire ustez, bi ondorio nagusi aterako genituzke. Batetik, helburua bezain garrantzitsua dela bidea. Borrokaren bide luzea bihurgunez, atzerapausoz eta aurrerapausoz beterik dago. Ez da lineala, ezta erregularra ere. Bidean une lasaiagoak eta aztoratuagoak egongo dira. Batzuk eta besteak ondo irakurri behar dira, erabaki politiko hoberenak hartu ahal izateko. Bidean aurrera egin ahal izateko bidelagunak behar dira, bidean jarraituko duten militanteak beharrezkoak dira, bestela, bidea eten eta bidea ez ezik “bidaia” bea ere amaituko litzatekeelako. Ezin ahaztu zure aurretik beste batzuk ibili zirela, ez zarela zerotik hasten, beraiei esker ari zarela zu ere. Beraiek ikasitakoa, egindakoa, beraien lorpenak eta akatsak ezin dira bide bazterrean utzi, zure etorkizunaren kapital garrantzitsua baitira, iraganik gabe zailagoa baita etorkizuna eraikitzea. Eta zure ondoren beste batzuek jarraituko dute bidea; jarraituko duenik egongo dela ziurtatu behar duzu. Borroka hari luze bat da, elkarrekin josi beharreko haria.

Bestetik, norberaren ekarpen bitala, militantea, zein izan behar den ondo asmatzen jakin beharra dago. Nire ustez gutako bakoitzak eta guk talde edo belaunaldi bezala bi eginbehar nagusi dauzkagu. Euskal Herria jaso genuena baino egoera hobean uztea, eta, esan bezala, bidea jarraituko duten belaunaldi berriak borrokari lotuko direla ziurtatzea.

Zer esan nahi du Euskal Herria aurkitu genuena baino baldintza hobean uzteak? Hor dago koska. Tarteko helburuak zeintzuk izan behar diren asmatzeak berebiziko garrantzia dauka. Okertzeak frustrazioa, ezinegona eta bidaia zein taldea bera apurtzea eragin ditzakeelako; desmenbrazioa. Baina helburuen zehaztapenean okertzeak asimilazioa, akomodazioa eta abar ere eragin ditzake. Utopikoak izan behar dugu, baina errealistak izanik eta oinak beti lurrean mantenduz.

«Mendi tontor altu batera igotzen zarenean, askoz gehiago ere igo beharko dituzula jabetzen zara», esan zuen Nelson Mandelak bere helburu politikoez, militanteez, bitalez, borrokaren helburu orokorrez hitz egiterakoan. Eta arrazoia zuen. Kartzelatik atera zeneko bere esperientzia politiko berrien inguruan liburu berria atera du Mandla Langak, Mandela berak idatziriko apunte eta ideiak oinarri harturik, eta, nola ez, izenburua oso adierazgarria da eta ideia horrekin loturik dago: “Dare no linger”. Euskarara itzulita, “ez ausartu atseden hartzera” edo izango litzateke.

Euskal Herriko borroka urrutira eraman dugu, tontor asko igo ditugu bide luze horretan, eta oraindik beste horrenbeste ditugu igotzeke. Bidea egiten jarraitzeko gero eta gehiago izan behar gara, sua ezin da itzali. Argi dago gatazka politikoaren ondorioak modu integralean konpondu behar direla, urgentziaz, eta horrek preso, iheslari eta deportatu guztien kaleratzea, etxeratzea eskatzen duela nahitaez. Horrekin batera askapen prozesua aurrera eramaten jarraitu behar dugu, gatazkaren arrazoi politikoek bizirik eta inoiz baino ageriago dirautelako, Katalunian argiki ikusi den moduan. Bidea asmatu, adostu eta ibili behar dugu eta bidegurutze bakoitzean norabide zuzena asmatu. Estatuarekin erabakitze eskubidea errespetatuko duen akordiorik ezin bada erdietsi, azkeneko hamarkadek erakutsi duten bezala, aukera horri aterik itxi gabe aurrera jarraitu beharko dugu, bide propio eta berriak ibiliz, agian beste batzuekin batera, bai Euskal Herrian bertan bai estaturik gabeko beste nazio batzuekin. Izan ere, gure joko zelaiak berdina izaten jarraitzen du: alde batetik, Estatu espainiarra eta Estatu frantsesa, eta, bestetik, Europa. •