Nekane Zinkunegi Barandiaran

Periferiaz

Zalaparta eragin du Tuterako jaien hasierako suzirian gertatu denak. Lehen aldiz, txupina botatzerakoan hitza hartzeko ardura zuenak, Edurne Leon Erribera Intsumisoa elkarteko kideak, “Gora Tutera” eta “Gora Santa Ana” oihukatu dituelako, ohiko “Viva Tudela” eta “Viva Santa Ana” esaldiez gain.

Zenbaitek urrats historikotzat hartu dute eta gogo onez egin diote harrera, 2018ra arte itxaron beharra esanguratsua bada ere, txupinazoan euskara presente egon delako. Euskara, gaztelaniarekin batera, ez dezagun ahaztu. Eta festa onak pasatzeko desioaz gain, emakumeek jaiak aske bizitzeko eskubidea dutela ere aldarrikatu du Leonek.

Beraz, txupinazo inklusiboa izan dela ondoriozta daiteke. Baina inklusiboa izateko ahaleginak min egin die betikoei, baztertzaileei, argi hitz eginda. Festak politikarekin nahastea leporatu diote, tuterar euskaldunik ez dagoela eta esandako hitzak erabat lekuz kanpo zeudela baieztatu dute. Txupina botatzeko ohorea horretarako erabili izanagatik kritikatu dute. Halako kritikak egiten dituztenek kontuan izan beharko lukete beren ezjakintasun eta gabeziak bistaratzen dituztela, Tuteran euskal hiztunik ez dagoela esatea sekulako astakeria baita.

Baina eremu euskaldun eta erosoagoetatik lezioak emateko ohitura dugunok ere hausnartu beharko genuke periferia hain homogeneoan sailkatzen ditugun herrien artean aniztasuna dagoela. Gure konfort burbuilatik ez gaudela inori zer egin behar duen esateko moduan. Eta txupinak zalaparta sortu izanak edo bestengatik dirua kobratzeko asmoak eraman gaituztela Tuteraz edo Baionaz hitz egitera, egunerokoan geure ataritik harago Euskal Herririk badenik ahazten dugunok. •