2018/08/03

Erreportajea
 
Bizipozaren Jaia

Arlo ezberdinetako 33 elkartek osatzen dute Bizipoza, eta horietako bi ezagutuko ditugu erreportaje honetan, Errenteriakoak biak, Juneren Hegoak eta Mindara, Oarsoaldeko herri honetan izanen baita aurtengo Bizipozaren Jaia heldu den irailaren 29an. Egun osoko besta prestatzen ari dira, bereziki familiei zuzendua. Bertzeak bertze, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna eta mila lagunentzako bazkaria izanen dira (5 euroan bakoitza, gainerako guztia doan). Jende guzia animatu dute etortzera, baita boluntario izatera ere. Informazioa eta sarrerak, Bizipoza.eus-en.

Maider Iantzi Goienetxe

Juneren Hegoak: «30 familia lagundu ditugu; adituz, erietxean egonez, aulki bat lortuz...»

Tximeletadun kamisetak jantzita, ongietorri goxoa egin digute Bea Martin, Maite Gartzia eta Alazne Mendikutek Juneren Hegoak elkartearen egoitzan, Errenterian. Proiektua 2013an sortu zen. Martxoan June haurra hil zen, minbizi baten ondorioz, eta haren gurasoek, Karlosek eta Amaiak, ospitalean hutsuneak sentitu zituztenez, laguntza sare bat sortzea erabaki zuten. Ekainean, lagun talde baten ahaleginez, Juneren Hegoak jaio zen, Gipuzkoa mailan behar bereziak dituzten umeei eta ahultasun egoeran dauden familiei laguntzeko.
Erietxean konturatu ziren bazirela zuloak Gizarte Segurantzak eta Osakidetzak betetzen ez dituztenak. «Adibidez, eri dagoen umea zaintzen ari zarela, baimena bukatzen zaizunean zer egin? Gauza horietan sartzen gara gu. Beste kasu bat izan zen guraso bakarreko familia batena. Bera bakarrik zegoen umea zaintzen, ez zuen sarerik. Orduan, ezin zuen etxera joan arropa aldatzera edo atseden hartzera. Doluan ere laguntzen dugu; bitartekari gara, horretan lan egiten duten elkarteetara bideratzen ditugu. Gogorra da, baina aurrera egin behar da. Karlosek eta Amaiak, etxean gelditu beharrean, pauso hau eman zuten», adierazi dute.

70 bat boluntario

Boluntarioek osatzen dute elkartea. 70 izanen dira gutxi gorabehera, Oarsoalde ingurukoak. 15 urtetik hasi eta 65 urtera artekoak daude. Familiak inplikatzen dituzte. «Gure familiak gurekin datoz. Gauza asko egiten dugu: batzuk ospitalera joaten gara, besteek proiektu bereziak egiten dituzte, edo merchandisinga, baina azkenean guztion helburua bera da: laguntzea, modu batera edo bestera. Batzuetan eskuak eta bihotza behar ditugu bakarrik. Adibidez, ospitalean boluntario gisa egoteko. Bestetan, dirua behar dugu aulkiren bat edo tratamendu bereziren bat ordaintzeko».
Ekainean Juneren Hegoak Kirol Eguna egin zuten eta «oso ondo» joan zen. Goizean saskibaloian, eskubaloian eta eskaladan ibili ziren umeak; arratsaldean, aldiz, Tximeleta Triatloia eta running solidarioa egin zituzten, Errenteriako Udalak eta hainbat elkartek eta boluntario sarek lagunduta.
«Bost urte hauetan babes handia jasotzen ari gara. Ez gaude bakarrik; beste elkarteekin batera ari gara lanean», baloratu dute. Hasieran jarritako helburuak betetzen ari al diren galdetuta, aho batez erantzun dute: «Bai, bai. 30 bat familia lagundu ditugu, era batera ala bestera, ospitalean egonez, tratamendu bat edo aulki bat emanez, entzunez edo beste elkarte batera bideratuz. Beti adin txikikoekin lotuta. Nahiz eta jada umea ez egon, gurasoei ere lagundu diegu».

Zuk zaintzeko, zu zaindu

Maite Gartzia ospitaleko boluntarioa da. Han umearekin goxo-goxo egoteak eta laguntzeak pila bat betetzen du. «Nik ezin dut –aitortu du Bea Martinek–. Horretarako balio behar duzu. Haurrak gaizki ikusi eta askotan ezin duzu musurik eman, protokoloak daudelako. Elkarrekin deitzen den arloan nago. Beste elkarteekin lan egiten dugu bertan. Gero, behar den edozein lekutan egoten naiz, denetarik egiten. Egunen batean ospitalera joatea tokatzen bazait joango naiz, baina nahiago dut beste lan batzuk egitea. Zeure burua ezagutu eta zintzoa izan behar duzu».
Ospitalean egoten ikasi dutela esplikatu du Gartziak. «Hasieran zure maitasunarekin joaten zara eta topatzen zara egoera batean… Behar den guztia egiten duzu baina gero etxera itzultzen zara. Etxera nola joan ere ikasi dugu. Hasieran gaizki bueltatzen ginen, gehiago eman nahi genuen, umeak gureak balira bezala tratatzen genituen eta ezin genuen hori egin, arazoa gure etxera ere eramaten genuen. Hemen formazioa jaso dugu, zuk zaintzeko zeure burua zaindu behar duzulako. Orain hobeto moldatzen gara».
Alazne Mendikutek azaldu du aspaldian ez dutela izan ospitaleko kasurik. «Zaila da. Niri asko kostatu zitzaidan pauso hori ematea, baina lortu nuen eta izugarri aberatsa da. Bi hilabeteko haur batekin egon nintzen, hodiz betea zegoen. Umea zaindu eta denek eskertzen dizute. Oso polita da».
Diotenez, zaila da familiak eurengana gerturatzea. «Normalean halako egoerak daudenean ezkutatu egiten ditugu. Beldur gara eta ez gara ausartzen pauso hori ematera. Jendeari gerturatzea kostatzen zaio. Etorri direnak gehienbat atzerritarrak dira. Hemen baliabide gutxiago daukatenak, pertsona sare eta ekonomia aldetik. Hemengoek familia gehiago daukate eta arazoak etxean konpontzen saiatzen dira orokorrean».

Zein behar dituzte familiek?

Boluntarioek azaldu dutenez, batzuetan denbora, «gu hor egotea». Bestetan dirua, tratamenduak edo aulkiak lortzeko. «Oso garestiak dira eta ez dira Gizarte Segurantzan sartzen. Gainera, kanpora joan behar dute batzuetan tratamendua hartzeko. Ahal duguna egiten dugu. Agian gastu guztia ez dugu ordaintzen baina laguntza txiki bat ematen diegu».
Eurekin mintzatzea, aditzea… Norbaitek entzuten dituela konturatzea ere inportantea da. Ez direla bakarrak ikustea, antzeko egoerak pasatu dituztenen aholkuak jasotzea. «Beraien arteko lotura oso interesgarria da. Momentu batzuetan oso minduta egoten dira eta ez dakite gauzak nola egin, edo ezin dituzte egin. Beste familia batzuk ezagutzeak edo gurekin hitz egiteak lasaitzen ditu eta babestuak sentitzen dira. Hori ere eskertzen dute».
Lagundutako pertsona batzuk boluntario bilakatzen dira, nahiz eta, orokorrean, ez duten denbora gehiegi. 24 ordu daude lanpeturik.

Egitura zabala

Juneren Hegoak elkartearen egitura zabala da. Hainbat talde daude: boluntarioak, ekitaldiak, merchandisinga, lokalaren mantenimendua, komunikazioa, administrazioa… «Familiak dira gure motorra. Denek eurengatik egiten dugu lan. Bakoitzak bere betebeharrak ditu eta gauzak egiteko elkartzen gara. Batzar bat dago koordinazio lana egiten duena».
Ostegunero lokala irekia egoten da kamiseta eta bertze produktuak saltzeko. «Familiekin hitzorduak jartzen ditugu. Lan asko ez dugu hemen barruan egiten, kanpoan baizik».
Herrikideak dituzten Mindara elkartekoekin proiektuak partekatzen dituzte. Bizipozako bertze elkarteekin urteroko bestan elkartzen dira eta bileretan parte hartzen dute. «Azkenean boluntarioa zarenean hemen eta beste leku batzuetan zara», onartu dute. «Bizipozak babes handia ematen digu, ez dauzkagun baliabideak, formakuntza… Batzuetan etortzen diren familien arazoak ezin ditugu konpondu baina beste elkarte batek bai. Hortaz, ongi dago sarea izatea eta bakoitzak zer egiten dugun jakitea».

Ilusio guztia

Bizipoza jaian izanak dira aitzineko hiru urteetan, Tolosa, Usurbil eta Derion. Aurten Errenterian egitea proposatu zietenean aurrena eskuak burura eraman zituzten. Gero, ongi pentsatuta, «aurrera», erran zuten. «Guk egin dezakegu Mindararekin batera». Bizipozaren esperientzia hagitz baliagarria izaten ari zaie. Udala ere «denerako prest» dago eta bidea «erraza» izaten ari da. «Laguntza pila bat izaten ari gara. Ia dena lotua dago».
Errenteria osoan zabalduko den jaian gune ugari egonen dira eta horietako batean Bizipozako elkarte guztiak bilduko dira. Ezagutzea da asmoa, bai elkarren artean eta bai familiek. Egitaraua familientzat da bereziki. Egun osoko besta izanen da eta garraio publikoan etortzeko deialdia eginen dute. «Gure ilusio guztia jarri dugu». Animatzeko erran nahi diote jendeari. Udalari, Bizipozari eta Mindarari, aldiz, eskerrik beroenak eman nahi dizkiete. Kontent daude jendeak Juneren Hegoak elkartea ezagutzen duelako eta bere tximeletak hamaika tokitan zabaltzen ari direlako.

 

Mindara: «Inklusioa dugu xede, urritasuna duten eta ez duten haurrek ekintza beretan parte hartzea»

Mindara 2012an jaio zen Donostian, Euskal Pilota Egokituaren programarekin. Gero Errenteriara aldatu zen eta bertan osasuna, kultura, aisialdia eta teknologia berriak lantzen hasi ziren aniztasun funtzionala duten ume eta gazteekin.
Langileetako batek, Erika Martinezek, esplikatu digunez, zazpi programa dituzte orain. Nagusia Jarduera Anitza da. «4-16 urte bitarteko ume eta gaztetxoekin igeriketa, musika terapia, kirol egokituaren hastapena eta psikomotrizitatea egiten ditugu. Eskolaz kanpoko orduetan izaten da, aste barruan. Hori osatzeko Indar programa dugu. Irteera eta tailerrak egiten ditugu: golfa, Plaiaundira joan, kamiseta tailerra…».
Euskal Pilota Egokituko Eskola ere badute. «Pilotari batzuk gurpil aulkian ibiltzen dira eta besteak zutik. Urritasun intelektuala edo fisikoa dutenek edo urritasunik gabekoek joka dezakete. Errenteriako jaietan txapelketa egin genuen partida inklusiboekin. 18 urtetik gorako pilotariak dira».
Kima programan, norbaitek kirolen bat egin nahi badu eta ez bada ausartzen klub batera joaten eta bere egoera planteatzen, entrenatzaile bat jartzen diote, klubera joaten dira berarekin eta banakako entrenamenduak egiten dituzte, baina klubaren barrenean. Ideia da entrenatzaile hori gero eta gutxiago joatea eta pertsona hori klubean gelditzea. Mahai tenisa egiten ari dira pertsona batekin eta bertze batekin eslaloma eta atletismoa gurpil aulkian.

Mindatxu udalekuak

Mindatxu udalekuak bukatu berri dituzte. «Aste tematikoak egin ditugu: lehenengoa naturarena izan da, bigarrena urarena eta azkena kirolarena». Aurten 4 eta 16 urte bitarteko 18 ume eta gazte izan dituzte. Zazpi begiraleetako bat izan da Martinez. Kontatu duenez, elkarri pila bat laguntzen diote, handiek txikiei eta txikiek handiei. Baina ekintzak egiterakoan interesak eta arreta ez dira berdinak. «Inporta zaiguna da umea nolakoa den, ze gaitasun eta interes dituen, horren barruan lan egiteko. Adina zenbaki bat da eta askotan ez dator bat umearen izaerarekin».
Udalekuon laugarren edizioa izan da. «Gero eta hobeto» ateratzen dira. «Hasieran barruan egiten genituen ekintza asko: eskulanak, tailerrak… Baina konturatu ginen umeei gustatzen zaiena ateratzea eta gauza berriak ikustea dela, autobusean edo trenean joatea…».
Bizitu zinema egokitua ere sortu dute Juneren Hegoak-ekin batera. Ekainaren 28an izan zen bigarren emanaldia, Errenteriako Niessen aretoan. «Oso harrera ona izan genuen. Lehenengoz jarri genuen zeinu hizkuntzako interprete bat. Gorrak etorri ziren eta asko eskertu zuten. Gero eta egokituagoa da espazioa. Familiak etortzen dira umeekin eta espazio bera konpartitzen dute. Gure asmoa da Gabonen inguruan errepikatzea».

Urritasunak, oso zabalak

Mindaran ikusi dute jendea ez dela konturatzen pertsona batzuk ezin direla ohiko zinema aretoetara joan. «Zinema egokitua, zergatik?», galdetu izan diote Martinezi. «Zer dauka, arrapala bat?». Eta berak: «Ez, pentsatu gehiago. Urritasuna ez da norbait gurpil aulkian. Urritasunak oso zabalak dira».
Downen sindromea, autismoa, garun paralisia, jokabide arazoak… Denetariko urritasunak dituzten ume eta gazteak biltzen dira Mindaran. Urritasunik gabekoak ere bai. «Hori da gure helburu nagusietakoa, inklusioa lortzea, eta urritasuna duten eta ez duten haurrek ekintza berberetan parte hartzea. Lehengusuekin, anai-arrebekin, lagun batzuekin lortzen dugu, baina ez da ohikoena».
Nahiz eta desberdinak izan, denak berdinak garela aldarrikatzen dute, eta aukera berdinak izan beharko genituzkeela denok aisialdirako, osasunerako… denerako. «Badira elkarte edo erakunde asko sailkatzen dutenak: Downen sindromea hemen, autismoa han… Guretzat oso garrantzitsua da aniztasuna. Zailtasun asko ditu, ezaugarri ezberdinak dituzte, batzuk oso burugogorrak dira, baina moldatzen gara».

Langilez osatutako elkartea

Mindaran bederatzi langile daude. «Denok gara kontratatutako langileak. Ez gara boluntarioak. Boluntarioak ekintza puntualetan etortzen dira, txapelketa bat antolatzen dugunean, adibidez. Arraroa egiten zaio jendeari elkarte batean kontratuarekin aritzea lanean, baina guk asko baloratzen dugu hori. Profesionalak gara gure arloan». 32 familia hartzen dituzte guztira. Oarsoaldekoak dira gehienak, baina badira Bidasoaldekoak eta Donostialdekoak ere.
Mindara ez litzatekeela existitu behar pentsatzen dute. «Kirol egokitua eskoletan sartu beharko litzateke. Baina askotan ez daude prest pertsona bat jartzeko ume batentzat. Pertsona bat dago hogei umerentzat. Horregatik sortu zen Mindara, behar hori ikusten genuelako». Eskoletara joaten gara sentsibilizazio jardunaldiak ematera. «Oso garrantzitsua da hori irakasleentzat, eskolarentzat eta ikasleentzat. Eskatzen diguten edozein tokitara joaten gara, jende guztia sentsibilizatzeko oraindik lan asko gelditzen delako».
Erika Martinez hondarribiarra administrari gisa hasi zen Mindaran praktiketan. Gaur egun idazkari eta koordinatzaile dabil. «Denetarik egiten dut. Bosgarren urtea dut hemen eta gero eta hobeto nabil. Administrazio eta Finantzak ikasi nituen, ez du honekin zerikusirik, baina hemen hasi eta beste ate batzuk ireki zitzaizkidan, asko gustatzen zitzaizkidanak, eta orain Gizarte Integrazioa ikasten ari naiz. Asko aldatu da nire ikuspuntua».
Zertan aldatu den galdetuta, hala erantzun du: «Gehienbat jendearenganako enpatia izaten ikasi dut. Aurreiritzirik ez izaten ere bai. Askotan pertsona bat ikusi eta esaten duzu: hau halakoa da. Baina gero ez du zerikusirik. Urritasunari buruz ere pila bat ikasi dut. Errespetu handia izaten dut jendearenganako. Lehen agian ez neukan hainbeste. Niretzat dira gauza horiek».

Aunitz hobetzen dira

Ume eta gazteek ere pila bat egiten dute hobera. «Gurasoak guregana etortzen dira eta esaten digute: ‘Aurtengo udaran ez du mangitorik behar’. Edo ‘aurten instrumentu batekin hasi da eta ahotsa ateratzen du’. Ze ongi!, diozu. Oso-oso positiboa da».
Juneren Hegoak elkarteak bezala, Mindarak ere erronka gisa hartu zuen Bizipoza Jaia antolatzea. «Mindara oso txikia da eta auzoetako jai txikiak antolatu izan ditugu. Baina ausartak izan ginen eta oso ondo doaz gauzak. Denek partekatzen dugu dena. Eta, honi esker, aurrerapauso bat ematen ari gara jendeak gu ezagutzeko. Jende gehiago gerturatu zaigu bulegora udalekuez galdezka. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen gaituela sumatu dugu».
Pertsonalki ere aunitz ikasten ari da Erika Martinez, antolatzen, harremanak egiten… Programazio oso zabala osatu dute, «egokitua, egun osoan gauza pila egongo dira Errenteria osoan». Mindara elkarteak ere eskerrak eman nahi dizkie asmo honetan parte hartu duten eta parte hartuko duten lagun guztiei: Udala, babesleak, boluntarioak, elkarteak...
«Bizipozako elkarteekin bilerak egiten ditugu elkar ezagutzeko eta elkartearen martxa jakiteko. Formakuntza bereziak ere eman dituzte, gure artean partekatzeko nola komunikatu, nola iritsi hedabideetara, sare sozialak nola erabili… Bizipozan sartu ginenetik gauza positibo pila bat izan ditugu. Datorren urtean, adibidez, Real Sociedad Fundazioaren Egunean egongo gara elkarte berezi bezala», iragarri du langileak.