2018/08/04

BRICS taldearen kokapena nazioarteko anabasan
Kontraesanak kontraesan, hamar urteotan, adierazpenak adosteaz gain, gauza batzuk ere egin dituzte BRICS taldeko kideek. Esate baterako, lantaldeak osatu dituzte gai asko eta ezberdinak elkarrekin lantzeko

Pasa den astean BRICS taldearen azken bilera egin zen Johannesburgon. Brasil, Errusia, Txina eta India 2009. urtean bildu ziren lehenengo aldiz, krisi finantzarioaren hasieran. Urte bat geroago Hego Afrika gehitu zen taldera. Hamar gailur egin ostean, beharbada, oraingo honetan balantzea egin eta aurrera begira estrategia finkatu dute. Are gehiago uneko nazioarteko testuinguru aldakorra kontuan hartuta. AEBetako Administrazio berriaren isolazionismo, protekzionismo eta aldebakartasun politikek erabat aldatu dute nazioarteko eremua, erronka berriak sortuz nazioarteko eragile guztientzat, baita BRICS taldearentzat berarentzat ere. Kontuan hartu behar dugu BRICS ez dela nolanahiko elkartea. Bost bazkideen artean munduko populazioaren %40 barnebiltzen dute eta produkzioaren %23 ekoizten dute. Zenbakiotan Txinak duen pisua erabakigarria da, baina ez soilik.

BRICS taldea osatzen duten estatuak oso ezberdinak dira, bai pisu politikoaren ikuspuntutik, baita ikuspuntu ekonomikotik ere. Zaila da aniztasun hori kudeatzea. Are gehiago, barneko egoera politikoa ezegonkorra denean; Brasil eta India dira momentu honetan lidergo arazoak dituzten herrialdeak, Hego Afrikako presidente aldaketa gertatu eta gero. Horrez gain, badira beraien arteko kontraesanak ere, esanguratsuenak, beharbada, Txinaren eta Indiaren artekoak. Horregatik, inork gutxi uste zuen talde horretatik ezer garrantzitsurik aterako zenik.

Kontraesanak kontraesan, baina, hamar urteotan, adierazpenak adosteaz gain, gauza batzuk ere egin dituzte. Esate baterako, lantaldeak osatu dituzte gai asko eta ezberdinak elkarrekin lantzeko, genero berdintasunetik hasi eta industria digitaleraino. Martxan jarri dituzten proiektuen artean, bi dira esanguratsuenak. Alde batetik, Contingent Reserve Arrangement edo Erreserba Kontingentearen Akordioa, zeinaren arabera funts bat sortu zuten epe motzeko ordainketekin arazoak dituzten taldeko estatuak likideziarekin hornitzeko. Beste proiektua New Development Bank edo Garapenerako Banku Berria da, garapen proiektu iraunkorrak finantzatzea xede duena. Orain arte bultzatutako egitasmo gehienek energia berriztagarriekin dute zerikusia. Hala ere, badira gutxi batzuk ur hornidurarekin edota azpiegitura sozialekin lotutakoak. Guztira 23 proiektu babestu edo finantzatu ditu Bankuak, 6.000 milioi dolarreko maileguak emanez.

Epe motzean ziurrenik aldaketarik gabe jarraituko du taldeak. Baina munduan emandako aldaketen ondorioz, asko taldearen garrantziaz jabetu direla ematen du. Horretan asko lagundu du Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek. Izan ere, Turkia taldeko partaide bihurtzeko eskaera egin du. Momentuz, aukera hori baztertu dute BRICSeko partaideek. Ez dute beharrezko ikusten taldea zabaltzea. Horren ordez, orain arte bezala jarraituko dute, beste gobernuekin biltzeko taldearen gailurrak baliatuz. Johannesburgon, Turkiaz gain, Argentina, Zimbabwe, Senegal, Ruanda eta Namibia ere egon dira.

Turkiari emandako erantzuna esanguratsua da. Badakite taldea zabalduz gero, askoz zailagoa izango dela taldea gai zehatzen inguruan trinkotzea. Barne egituraketan sakontzea lehenetsi dute, aldatzen ari den mundu honetan taldearen garrantzia handituko den jakitun. Nazioarteko marko berria ez da egun batetik bestera sortuko, baina BRICS taldeak berak ere parte hartu nahi du marko berri hori nolakoa izango den definitzeko lanetan. •