2018/08/04

Mirari Martiarena Iraola
Iratxo Dortoka

Plastikozko akuario txiki batean bizi ziren bi dortoka izan nituen umetan. Erdian irlatxo bat zuen, palmeratxo eta aterpe txiki batekin. Gogoratzen dut behin bietako bat hozkailu azpian sartu zela eta amak komeriak izan zituela bertatik ateratzeko. Ez dakit noiz arte egon ziren gure etxean, badakit ez zutela askorik iraun.

“Dragoi bola” marrazki bizidunak iritsi ziren gero nire bizitzara eta txundituta egoten nintzen beraiei begira. Son Goku eta bere lagunen abenturekin iluntzero izaten genuen zita eta bertan Iratxo Dortoka azaldu zain egoten nintzen. Bere irlako etxe txiki eta dotorean, dortoka erraldoia lagun zuela.

Urteak pasata dortokak maite dituen lagun bat ekarri zidan bizitzak, nire Iratxo Dortoka propioa. Berarekin ikasi dut lurrean mantso ibili arren pauso seguruak ematen dituztela, lurrarekin lotzea garrantzitsua delako. Dortokak uretan arinak direla, emozioak sentitzen dituztelako, emozioetan dantzan ibiltzen direlako. Edo egin behar duten bidea egiten ez badute goitibehera batean jarri eta bi hankak puskatzen dituztela. Eta bidean asmatuz gero «bingooo!» oihukatzen dutela.

Dortokek hondarretan jartzen dituzte arrautzak eta kumeak pixkanaka joaten dira berriz ere uretara bueltan. Halaxe sentitzen naiz momentu honetan, hondar azpitik atera den dortokakumea uretara bidean. Iratxo Dortokak irakatsitakoak eta erakutsitakoak bizkarrean hartuta. Esker onez beteriko oskolarekin eta bihotzarekin, emozioekin dantzan egiteko desiratzen. •