2018/08/04

Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa
Oporretarako lurraldeak

Munduko zonalde honetan, uztaila eta abuztua onetsitako migrazio-hilabeteak ditugu: oporraldietarako ihesaldi garaia. Datuen arabera, munduan gertatzen den migrazio mugimendurik handi eta populatuenari turismoa esaten zaio. Kanpoalderako mugimendua egiten dugu gorputza eta burua ahitu baino lehen, gaixotasunean erori aurretik, ongizatearen bidean. Oporrak, hedonismora sandalia hutsean botatzeko garaia. Intentsitatez gozatu nahi dugulako, nago udako plana erabakitzeko mahai-inguruak antolatu izan direla euskal etxe askotan. Nora eta nola joan erabakitzeko bideak eztabaidarako hizketa eta negoziaketa-tarteak utziko zituen, desio indibidualen ahoskatzeak bitartekari.

Oporraldietarako herrialde eta lurralde baten alde deliberatzea tokatzen zaigunen, lurraldearen hausnarketa kontzientea burutzen dugu. Hirigile trebeak bilakatzen gara, alegia. Lurraldearen latitudea askorentzat ezinbesteko datua gertatzen da; eguzkiaren azimutak gidatu ohi du erabakia-eta. Hegaldien web orrialdeetan sartu aurretik, lurraldearen orografia ere tentuz aztertzen dugu. Mendikateen bailarak, mendien gailurrak, tontorrak eta ureztapen putzuak. Erreken meandroetako herrixkak, bainurako ibai txikiak. Lurraldearen kokapen estrategikoak lotzen dituzten oinezko ibilbideak, bideen maldak eta irisgarritasuna. Itsasaldeko morfologia; labarrak, kalak eta hondartzen luzerak. Parke naturalik ote dagoen; ikuspegi paisajistikoetarako errepideak. Finean, landa eremua zaindu eta baloratzen duen lurraldean jartzen da interesa. Baina lurraldearen bertuteak disfrutatzearekin batera, hondartzako lehen lerroko hotelean lo egitea hautatutakoan, plazer uneak ingurumenean sortzen duen sarraskiaren ziztada iritsiko ote zaigu? Lurralde antolakuntza diseinatzen denean bezalaxe, giza bizitzak lurraldearen gain egin nahi dituen ustiatze desioei ere mugak jarri behar zaizkio.

Hirigile sena esnatzearekin batera, bat-batean arkitekturarekiko sentsibilitatea eskuratzea ere oso ohikoa izaten da. Herrialdearen arkitektura-altxorrengatik interes handia sortzen zaigu, izan arkitektura historikoa izan garaikidea. Apustu egingo nuke euskal arkitektura garaikideaz tutik ere ez dakienak, Finlandiara bidaiatu duenean Alvar Aalto arkitektoaren eraikinik bisitatu duela. Lurralde baten arkitekturak herrialdearen izaeraz hitz egiten duela aise ulertzen dugulako. Arkitekturaren materialtasunean itsatsirik historiaren errelato aztarnak eta memoria kolektiboarekin irudiak ikusgai ditugulako. Ez da interpretazio-museorik eraikinen adierazkortasuna gaindituko duenik.

Oporraldietan lurraldeei buruz biltzen dugun informazio eta begirada zorrotza negurako gorde dezagun, arren, deskantsuko oroimen freskagarriekin batera. •