2018/08/04

Amagoia Mujika Telleria
Zer usain dauka beldurrak?

Makina bat lan egin behar da denok kabitzeko moduko jendartea josten. Baina ez azaletik josia, orratza ondo barrura sartuta baizik, arrazismoaren babak orratzarekin lehertu eta azala berrituta

Mediterraneoko uretan baldintza oso eskasetan nabigatzen saiatzen diren pertsona errefuxiatuen ontziak erreskatatzen aritzen den batek kontatu dit. Batzuetan, ilunpetan, ontzi horiek ikusi baino lehen usaindu egiten dituzte. Oso usain berezia dute, sarkorra, ahaztezina. Pixa, kaka, gasolina, izerdia, kresala... hor sortzen den nahasketa zaila da deskribatzen. Erreskatean aritzen den profesional horren hitzetan, «beldurraren usaina» da. Izan ere, zer usain dauka beldurrak?

Sekulako zirrara sortu dit kontaketak. Beldurra zer den ondo jakin behar du bueltarik gabeko bidaia ikaragarri hori abiatzen duenak. Imajinatzen dut behin abiatuta, aurrera segitzea beste aukerarik ez duela, aurrera eta aurrera. Eta seguru naiz oso jakitun dela bidaia horretan dena galdu dezakeela, baita duintasuna ere. Duintasuna, batez ere.

Erreskateko ontzietan ur freskoa ematen diete, dutxa bat, osasun arreta, arropa garbia, jateko zerbait eta pixka batean egoteko toki bat. Finean, arnasa hartzeko tarte bat; bidaia ez baita bukatu, hasi baino ez da egin. Itsasoko zeharkaldi prekario hori gogorra da, baina gero datorrena ez da samurragoa.

Pablo Casado, Alderdi Popularreko buru berria, ikusi dut lurra zapaldu berri duten pertsona migratzaileen alboan argazkia ateratzen. Zein eta Pablo Casado, «denentzat paperik ez dagoela» eta mugetan «neurri zorrotzak» jarri behar direla esan duen tipo bera. Irribarretsu agertu da argazkian bi gazte beltzen ondoan, «ni ere pertsona naiz» eta «ontasunaren balio guztiak ez dira ezkerrarenak» esanez. Hortxe, errefuxiatuen krisiaren oinarrian dauden bi gako garrantzitsu: pertsonak eta ontasuna.

Denok gara pertsonak. Baina, maila bereko pertsonak al gara? Zer iritzi duzu, Pablo? Egunotan sarean ikusi dudan bideo batean, Madrilgo metroan emakume batek ez dio uzten haur bati bere ondoan esertzen, «ez delako espainola». Zorionez, metroko bidaiari talde batek bere jarrera lotsagarria dela esaten dio. Baina ez zait iruditzen emakume hori iritziz aldarazi dutenik. Metrora igo eta jaitsi, iritzi berarekin egin duela esango nuke: «guri lana kentzera datoz; terroristak dira; ez dira gure ohituretara moldatzen; laguntza sozialetatik bizi nahi dute; oso arraroak dira; ilegalak dira; ezjakinak; batzuk onartuz gero, masan etorriko dira besteak atzetik...».

Alegia, Pablo Casadok eta beste askok benetan pentsatzen dutena metroko aulkian lasai ederrean eserita dagoen emakume horren ahotik ateratakoa da. Tira, ez omen dira pertsona txarrak eta pixka batean lagunduko omen diete, ontasunarekin izenean. Adibidez, zure etxe ondoan abandonatuta utzi duten katuari esne pixka bat eman diezaiokezu egun pare batez. Baina, gero, ospa egin dezala zure bistatik, ezta? Bestela egunero gogoraraziko dizu bere abandonatu egoera eta, akaso, gaizki sentiaraziko zaitu. Horrelako zerbait behar du izan ontasun klase horrek.

Ontasunak, baina, ez du arazoa konponduko. Lehen urratsa, eskubide guztiak dituzten pertsonak ikusten hastea izango da. Eta ez da erraza izango. Lan asko egin beharra dago, norabide guztietan, baita alderdi politikoen mezuetan ere.

Hortik aurrera, makina bat lan egin behar da denok kabitzeko moduko jendartea josten. Baina ez azaletik josia, orratza ondo barrura sartuta baizik, arrazismoaren babak orratzarekin lehertu eta azala berrituta. Ez dago beste biderik, hau ere bueltarik gabeko bidaia bat da-eta. Eta gure beldurrak usain bera du. •