2018/08/11

Kronika
 
AMBAZADA, GALAXIA MATXINATUAK KONEKTATZEKO ESTAZIOA

Argazkietan kanaberaz eginda dirudien etxola luzea, «Herri borrokak uztartu» lemarekin eta auzolanerako eta topaketa «intergalaktiko» baterako deiarekin. Euskal Herriko kale zenbaitetan itsatsi kartelak galdera pizten du: zer ote da hau?

Hartzea Lopez Arana
0811_ambazada7

Mehatxua ez zen hitzetan geratu. 2.500 polizia mobilizatuta, 300 zauritutik gora, 38 bizitegi hautsita, 14.000 granada inguru jaurtikiak, kartzelatzeak, baratze eta landa zangopilatuak...

«Ez duzue gehiago entzungo Notre-Dame-des-Landesen aipamenik» esan zuen Barne ministroak kanporatze operazioaren azken egunean, sei urtez Errepublikatik kanpo egondako zonaldea buruetatik betiko ezabatu nahian

Nahiz eta operazio horren aurkako erresistentzia jendetsu, irmo eta koloretsua gertatu, apirileko eta maiatzeko eraso militar zein administratiboek bulldozer efektua ukan dute ZADen. Poliziaren presentzia nabaria da oraindik ere

Mintzakide izateko osatutako delegazioaren eta agintarien arteko bilkuretan ez zen adostasunik lortu. Okupatzaileek Larzaceko aurrekari juridikoa jarri zuten mahaiaren gainean; prefetak, dosierrak banaka aztertzea

Egunotan eta orotara lau aste iraungo duen egonaldian, hamarnaka euskaldun ari dira bertan lanean, lastozko pareten emokadurak bukatzen eta barneko gelak eratzen. Frantziatik zein Europa osotik etorritako jendea juntatu zaie, munduko borrokak eta kulturak aterpetuko dituen Ambazada izeneko ekimena denen artean altxatzeko. Bretainiako Notre-Dame-des-Landes herriko ZADek, Babestu Beharreko Guneak alegia, pairatu duen udaberri latzaren ondotik, abiatutakoa segitzeko gogoek horretan dirautela erakutsiz.

Frantziar Gobernuak joan den urtarrilaren 17an Notre-Dame-des-Landesko nazioarteko aireportuaren egitasmo korapilatsua bertan behera utzi zuen, berrogei urteko talkari amaiera ofiziala emanez. Erabakia aurkarientzat garaipen historikoa izan zen, nahiz eta euforiak gutxi iraun zuen: galera konpentsatzeko, aireportua egin behar zen lurretan finkatu zen okupazioa deuseztatuko zuela hitzeman zuen Edouard Philippe lehen ministroak, legearen eta eskubidearen izenean; ilegalki paratutako bizitegi eta nekazaritza ekoizpenei irteteko ultimatuma jarri zien. Bide batez eta eskarmentu gisa, Estatuarentzat iraina diren ZAD siglekin famatu bihurtutako oposizioei beste lurralde batzuetan garatzen ez uzteko. Lehen saioa Lorraine eskualdeko Bure herrixkan gauzatu zuten handik hilabete eskasera: hilobi nuklear baten kontra oihanean jarritako kanpamentu finkoa desegin eta hamabost pertsona atxilotuz.

Notre-Dame-des-Landesen kasuan, okupazioen eremua askoz zabalagoa eta azkarragoa izanik (90 gune eta bizitegi autokudeatu eta 300 hektarea ekoizpen inguru), Gobernuak makila ateratzearekin batera negoziazioaren azenarioa astindu zuen, legeztatzeko gogoa zuten nekazaritza jarduera indibidualak soilik onartuko dituela zehaztuz.

ZADen errotutako esperientzien esentzia bera desagerrarazteko taktika izan zen hura. Tentsio egoeran, iragarpenak eztabaida sutsuak eragin zituen okupazio mugimenduaren eta aireportuaren kontrako elkarteen baitan: kontzesioak bai ala ez, zer galtzeko eta zer irabazteko, Poliziaren etorrera masiboari nola aurre egin, norekin aliatu...

Berrogei kolektibok, Ambazadak barne, Administrazioak eskatutako paperak Prefekturara helaraztea erabaki zuten, ezinbestean denbora irabazteko eta aurreikusitako bataila desorekatuan bestelako zirrikituak bilatzeko. Betiere ZADen izaera kolektiboa etorkizunerako ezinbesteko baldintza zela azpimarratuz, jarduera guztien arteko interdependentziari eutsiz eta ekimen guztiak kudeatuko zituen elkartea eratzeko proposatuz.

Mintzakide izateko muntatu zen delegazioaren eta agintarien arteko bilkuretan ez zen adostasunik suertatu. Okupatzaileek Larzaceko aurrekari juridikoa jarri zuten mahaiaren gainean; prefetak, berriz, dosierrak banaka eta separatuki aztertzea, kolektiboa litzatekeen guztiari ateak itxiz. Lehen ministroak finkatu zuen epea iritsi arte.

Mehatxua ez zen hitzetan geratu. 2.500 polizia mobilizatuta, 300 zauritutik gora, 38 bizitegi hautsita, 14.000 granada inguru jaurtikiak, kartzelatzeak, baratze eta landa zangopilatuak... Asteak iraun zituen borrokak oihartzun handia eduki zuen. «Ez duzue gehiago entzungo Notre-Dame-des-Landesen aipamenik» esan zuen Gerard Collomb Barne ministroak kanporatze operazioaren azken egunean, sei urtez Errepublikatik kanpo egondako zonalde autonomo eta lotsagabea buruetatik betiko ezabatu nahian.

Zauriak sendatu, gerora so

Nahiz eta operazio horren aurkako erresistentzia jendetsu, irmo eta koloretsua gertatu, joan diren apirileko eta maiatzeko eraso militar zein administratiboek bulldozer efektua ukan dute ZADen. Poliziaren presentzia nabaria da oraindik, edozein eraikuntza berri berehala geldiarazten dute, errepideen kontrola berreskuratu dutela argi utziz. Trukean, hamabost dira, momentuz, Administrazioak baimendu dituen lur ekoizpen proiektuak. Beste guztiak menian daude, à l’étude, udazkenerako datozen hitzorduen zain.

Bizitako guztiaren ondoren, Wardine baserriko Martine Lucrecentzat beste fase bat astiro ari da martxan jartzen. «Etxolak, esperantzak eta Poliziarik gabeko egoera galdu ditugu, elkarrekin aireportuaren baztertzea irabazi ondoren. Geroztik Estatua hemen errotu diren indar eta elkartrukeak suntsitzen saiatzen ari da, baina gehienak ez gara hemendik lekutu. Eta oraindik ere eredu kapitalistatik kanpo elkarrekin eboluzionatzeko xedez gaude. Aplikatzen zaigun estereotipo bitarretik at (negoziaziora jo dugun erreformistak eta legeztatzerik nahi ez dugun erradikalak) eta barne tirabirez axolagabetu gabe».

Uztailaren 7tik 14ra, leiho mediatikoetatik urrun eta giro baketsuagoan, “ZADenvies” izeneko jardunaldiak antolatu zituzten hainbat aktibitate eta animazio proposatuz, kanpoko jendearen parte hartzearekin. Ingurugiroa honda zezaken azpiegitura baten kontrako dinamikaz gain, bizitzeko beste erak arranguren erdian jarraitzen dutela gogoratu zuten ekintzaileek. Notre-Dame-des-Landesko ZADek irudikatzen dituen ikur eta praktika askoren artean, bertako biztanleen eta kanpotarren arteko loturek bilakatu dute esanguratsu leku hau. Izan nekazari, naturaren defendatzaile, sindikalista, internazionalista, feminista edo libertario, hainbat jende eta esperientziak egin dute topo bertan. Harreman horietatik elkarlan iraunkorrak jalgi dira.

Euskal Herria Zuzenean festibalaren bitartez hasitako kontaktuetatik eta ZADeko kideek Euskal Herrian egindako biretatik, Ambazadaren egitasmoa 2017ko udaberrian sortu zen. Hasieran euskal kabi antzeko gune bat egitea aipatu zen, gero eta euskal herritar gehiago etortzen baitzen gunea bisitatzera. Ideiak bestelako norabidea hartu zuen ZADeko biztanle eta kolektibo batzuekin era sakonagoan mintzatu ostean: zonaldea zeharkatzen duten guztientzat mesedegarri litzatekeen eraikina altxatzea, ekitaldi mota guztiak gauzatzeko. «Indarrak biltzeko tresna, mugarik gabekoa, elkartasun, konbergentzia eta laguntzan finkatua. Leku funtzional eta atsegina, non etxean bezala eta besteekin bat senti baikintezkeen», lehenengo deialdiaren esanetan.

Mexikoko Chiapaseko herritarrekin elkartasunean ari ziren ekintzaileek “base intergalaktiko” goitizena eman zioten berehala ekimenari, zapatisten esamoldeak bereganatuz.

Zurezko egiturak inguruko basoetan moztu eta zerratu, zimendua osatzeko zutoin elektrikoak errekuperatu, lekuko buztinarekin mila adreilu prestatu, isolatzeko kalamua eta lastoa inguruko nekazariei galdegin... Bi auzolanek dute proiektua lurretik atera. Kokapenaren hautapenak badu bere azalpena: zonaldearen erdian, laborantzarako erabilgarria ez den lursaila da. Gaur egun, egoitza ZADeko taldeek erabiltzen dute gehienbat, bilkura, erakusketa eta bestelako tailerrak antolatzeko.

Gerald Demaik Ambazadaren eraikuntzan aktiboki hartzen du parte, nahiz ZADen bizi ez den. Nantes hiriko aireportuaren kontrako komitean ibili izan da luzaz. «Afinitate, bizimolde edo korronte politiko batean ez bazara sartua, ez da beti erreza ZADeko proiektu batean inplikatzea, kokatzea. Ambazadak irekitasuna eta dibertsitatea ditu ardatz, ZADen bizi diren guztientzako espazioa izan nahi du eta, aldi berean, ZAD ezagutu nahi duten guztiona. Frantzian, borroken bateratzea mobilizazio askoren aldarria izanda, xede hau praktikara eraman nahi dugu, militanteen arteko liskarrak gainditu eta joera gregarioak baztertzeko».

Beste gauzen artean, Euskal Herriko eta Frantziako gune autogestionatu batzuen arteko hurbilketa erraztu du Ambazadak, bakoitzaren kulturak nahastuz eta laguntasunak trinkotuz. Zerk batzen ditu frantziar anarkista bat eta euskal independentista bat? Sintonizatzea ez zen ebidentzia.

Zera pentsatzen du gaiari buruz Benji Paul Normandiatik ZADera duela lau urte bizitzera etorritakoak: «Topagune amankomunak ditugu eskas. Proiektu honetan tresnaren balioari eman diogu lehentasuna, helburu teorikoei itzuli gehiegi eman gabe. Elkar ezagutzeko aritzea, jakintzak transmititzea, jarrera inklusiboak lehenestea... eta horrek elur bola eragitea».

«Ehunka izan dira eraikin honen egitera gerturatu diren herritarrak, eta euskaldunekin kimika polita gertatzen da beti –erantsi du Benji Paulek–. Taldean elkar kudeatzeko duten sena berehala nabari zaie, antolatzeko eta aktibatzeko ohitura duen komunitate gisa ari dira lanean».

Halaber, joan den martxoan, Bretainiako eta Euskal Herriko kolektibo batzuen arteko elkartzea egin zen herrien egoitza izan nahi duen egitasmoan, auzolan bateratuaren bidez hor ere, frantses Estatuaren pean diren hizkuntzak are gehiago nabarmenduz eta Ambazada Bretainiari gehiago irekiz.

Beste lotura batzuk aurreikusita daude datozen hilabeteetarako, hala nola Aulnay-sous-Bois Pariseko auzo periferikoko herritar talde batekin; baita Europa mailan gorpuzten ari diren etxe okupazio ekimen batekin ere.

ZAD eta Errekaleor

Euskal Herrian, ZADekin parekatu daiteken eremurik esanguratsuena Gasteizko Errekaleor auzoa da. Pasa den udaberriko kanporatze operazioa indarrean zela bertatik autobusa atera zuten, barruan hamabi eguzki plaka garraiatuz, prefekturak egin argindar mozketari itzulia eman nahian. Bi lurraldeen arteko senidetzea ere gauzatu zuten joan den apiril bukaeran, elkartze hori molde batez markatzeko. Lore Martinez Errekaleoreko bizilagunak honela laburbiltzen du denborarekin azkartutako adiskidantza: «Gure auzoan bizitzeak hainbat proiektu autogestionatu zein gune aske ezagutzeko aukera eskaini digu. ZAD bertatik bertara ikusteko gogoari ezin eutsiz, 2016ko udan hurbildu ginen Notre-Dame-des-Landesera. Ikaragarria izan zen: horren leku zabalean den-dena kudeatzen zuten beraiek, elikadura, bertoko komunikazioa zein etxebizitzen eraikuntza edo naturaren ustiaketa bera ere. Hori guztia euren aniztasuna errespetatzen saiatuz eta bertan bizitzeko inongo aurrebaldintzarik bete behar barik. Nire begi euskaldunentzat, akaso zurrunegientzat, funtziona zezakeela ikustea harrigarria izan zen, benetan. Asko geneukan beraiengandik ikasteko. Hor hasi zen mamitzen Ambazada proiektua».

Eta enbor horretatik, Aman Komunak sarea. «Hango energiez kargaturik eta Euskal Herriko hainbat kide gurutzaturik, zergatik ez sortu euskal ekimen indartsu, iraunkor eta eraikitzaile bat? Horra Aman Komunak. Iazko ekainean Errekaleorren egin genuen lehen bilera eta egun trinkotzen darrai, Euskal Herrian zehar auzolanak eginez eta etorkizunean erresistentzia eta eraikuntza dinamikak bultzatzea xede».

Aireportua gelditzearen adibidea harturik, taktika eta pentsamolde desberdinen arteko gehikuntzak indar harremana gauzatzen duela aipatzen da sare horretan.

Kontuak kontu, iaz bezala, Ambazadaren abuztu honetako auzolana nazioarteko topaketa batekin uztartuko da, datorren abuztuaren 27tik irailaren 2ra. Oraingoan Alemania, Italia, Danimarka, Kurdistan edo Ingalaterrako adiskideak daude gonbidatuak, «borrokan dauden lurraldeen arteko errealitateak» partekatzeko, karpa eta oihal denden pean. Giro horretan ditu Ambazadak ateak irekiko, irailaren 1ean, festa batekin. Udazkenetik goiti etor daitezkeen mehatxu eta suntsipen saiakerei begira ahal den eta sendoen izateko, ZADen eta beste galaxietan hazi eta ereingo diren beste landare matxinatuekin bat.