2018/08/11

Erreportajea
ARRANTZATIK ERRESKATERA
Getariako arrantzontzi bat prestatu dute Mediterraneora erreskatera joateko

Getariako arrantza flotako parte izan da «Stella Maris Berria» duela hilabete gutxira arte. Arrantzatik apartatu zutenean, pertsonen erreskaterako prestatzea erabaki zuten Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek. Abuztu bukaeran abiatzekoa da Libiako kosta parera, errefuxiatuen krisiaren gune beroenetakora.

Amagoia Mujika Telleria
0811_pasaia1

Itsasoan arrantzan aritu da duela hilabete gutxira arte “Stella Maris Berria”. Getariako arrantzontzien flotako parte izan da, joan den azaroan patroia zendu zen arte. «Familiak arrantzontzia jardueratik apartatzea erabaki zuen, baita ontzia desegitera eramatea ere. Kasualitate bat tarteko jakin genuen horren berri eta mugitzen hasi ginen, arrantzontzia eskuratzeko zein aukera genituen aztertzen. Armadorearen interesa batetik, eta hasieratik proiektu hau bultzatu duen jende mordoa bestetik, azkenean arrantzontzia eskuratzea lortu dugu. Eusko Jaurlaritzak eman digu ontzia erosteko eta bertan beharrezko lanak egiteko dirua –guztira 400.000 euro–. Orain ontzia moldatzen ari gara, itsasoko erreskatera bideratu ahal izateko», hasi da kontatzen Iñigo Gutierrez, Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioko kidea.

Aita Mari itsasgizonaren omenez “Aita Mari” izena jarri diote pertsonen erreskatean arituko den ontziari eta #Maydayterraneo proiektuaren parte izango da. Kanpaina horrek aurten bigarren urtea izango du.

Udako egun betean, eguzkiak gogor jotzen du Pasaiako kaian. Langile mordoa dabil aurrera eta atzera, gora eta behera, lehen arrainak jasotzeko erabiltzen ziren ontziko guneak moldatu eta pertsonei lehendabiziko harrera ahalik eta era duinenean emateko tokiak atonduz. Lan gogorra da; soldatzeko tresnak eta jantziak ez dira beroaren lagun. Baina atzeraka kontaketan ari dira lanean, abuztuaren amaieran abiatu nahi baitute Italia aldera.

Moldaketa lanak

Nola moldatu arrantzontzi bat pertsonen erreskaterako ontzi egokia izan dadin? Gutierrezek barre egiten du, «egun batzuetan ez daukagu ideiarik ere. Egia esan, proiektua ez da erraza izaten ari. Baina borondate handia daukagu eta baita profesionalen laguntza ere. Ontzigintza ingeniaritzan aritzen direnen laguntza izan dugu. Guk proiektuak zituen beharrak azaldu dizkiegu eta haiek izan dira ontzian zein lan egin behar diren zehaztu dutenak».

Esan bezala, “Stella Maris Berria” arrantzan aritzen zen duela gutxira arte eta horretarako prestatuta zegoen; arrainak biltzeko kutxa handiak zituen, oso ontzi soila zen eta eskifaiarentzat erosotasun oso oinarrizkoa zuen. Lanerako ontzi bat zen, finean. «Arrantzarako hoditeria eta haztegiak desmuntatu behar izan ditugu. Horien ordez, kamaroteak jarri ditugu. Jendea egoteko tokiak prestatu ditugu. Sukaldea handitu dugu pixka bat, bertan lan egitea erosoagoa izan dadin. Erizaintza gela bat ere jarri dugu. Lehen arrantza sotoa zegoen tokian, emakumeak eta haurrak jasotzeko toki bat jarri dugu. Lasai egon daitezen. Eta dutxak eta komuna ere jarri ditugu».

Erreskate bat egiten dutenean, emakumeak eta haurrak eta gizonezkoak banatu egiten dituzte. «Emakumeak oso egoera larrian etortzen dira, iritsi bitartean sufritzen dituztenak oso latzak izaten direlako. Errefuxiatu migratzailea izatea berez konplikatua da eta, gainera, emakumea bazara, askoz latzagoa. Saharaz azpiko emakumeek, bereziki, etengabeko bortxaketak eta bestelako erasoak jasaten dituzte eta oso egoera emozional zailean iristen dira. Haurrak ere lur jota iristen dira. Ez ditugu inondik inora familiak banatu nahi, baina iritsi berritan gustura eta babestuta sentitzen lagundu nahi diegu», kontatu du Gutierrezek. Lehen arrainak gordetzen ziren sotoan atonduko dute lehen harrera egiteko toki hori. «Eskailera zabal bat jarriko dugu, eroso samar jaitsi daitezen».

Errefuxiatuen txalupetan, emakumeen eta, batez ere, adin txikikoen kopurua gora egiten ari da. «Batez ere haurrena. Adibidez, gure taldeak erreskatatu dituen azken bi ontzietan erdiak adin txikikoak ziren. Batzuk bakarrik heltzen dira, eta, beste batzuk, heldu baten laguntzarekin. Emakumeen kopuruak ere gora egin du, nahiz eta oraindik gizonena baino askoz urriagoa izan. Eta azken hilabeteotan errefuxiatu palestinarrak agertzen hasi dira Quiosera iristen ari diren txalupetan».

Duintasuna berreskuratzea

Dutxa pare bat eta komun bat ere ari dira prestatzen. «Erreskatatutako pertsonei duintasuna berreskuratzen laguntzea oso garrantzitsua da. Iritsi eta ur botila fresko bat ematen diegu. Guretzat pertsonak direla adierazteko modu bat da. Lehen unean haien osasun egoera ikusiko da eta beharra dutenak osasun gelara bideratuko ditugu, erizainaren eta medikuaren esku. Lehen harrera horretan dutxa bat hartzeko aukera eskaintzea ezinbestekoa da. Izugarria da errefuxiatuen txalupa horietan zer-nolako usaina pilatzen den: pixa, kaka, motorreko gasolina, kresala... horrek guztiak geruza bat egiten du pertsonen azalaren gainean eta maiz sekulako erredurak eragiten ditu azalean. Horregatik garrantzitsua da dutxa bat hartu eta azala garbitu ahal izatea», azaldu du Gutierrezek.

“Stella Maris Berria” ontziak 150 lagun inguru har ditzake behar bezala nabigatzeko. Hortik gora, zailagoa izango du itsasoan mugitzea. «150 lagunetik gora erreskatatuz gero, beste ontzi batzuei laguntza eskatu beharko genieke. Kabitu, berez, jende gehiago kabitu daiteke. Adibidez, 300 lagun eduki ditzakegu une batean ontzian, baina pertsona kopuru horrekin ezingo genuke nabigatu. Txosten bat egin dugu hori guztia kalkulatzeko».

Eskifaia 16 pertsonakoa izango da. «Bost profesional izango dira. Espainiako banderapean jarriko dugu ontzia eta, beraz, bertako legea bete behar dugu. Horren arabera, eskifaian bost profesional egongo dira. Kapitaina, lehen mailako ofiziala, makina-burua eta bi marinel, soldatapean arituko dira. Eskifaiako gainontzeko kideak boluntarioak izango dira; sei pertsonako erreskate taldea, osasun arloko bi langile –erizaina eta medikua– eta sukaldari bat. Horrez gain, misio guztietan kazetarientzako bi toki daude gordeta. Ez dugu gauza arrarorik egin nahi. Pauso guztiak zorroztasunez egin nahi ditugu, legearen arabera, arazorik ez izateko. Egoera asko korapilatzen ari da eta tentuz ibili beharra dago. Traba guztiak jarri nahi ditugu erasorik ez jasateko, eta, aldi berean, izapide administratiboekin arazorik ez dugu izan nahi».

Gutierrezek nabarmendu duenez, misio guztietan izango dira kazetarientzako tokiak, garrantzitsua baita gertatzen ari denaren lekukoak izatea. «Ez baduzu ikusgarri egiten, hura ez da existitzen. Adibidez, azken asteotan ‘Open Arms’ ontziak egindako erreskate bat izan da albiste; emakume bat salbatu zuten eta beste emakume baten eta haur baten gorpuak ere topatu zituzten. Egun horietan seguru egoera antzekoak edo dramatikoagoak eman zirela. Ez zegoen erreskateko ontzirik lanean eta ez dakigu zer pasatu zen inguru horretan. Erabat birrinduta eta kasik uraren azpian zegoen errefuxiatu ontzi hori topatu izana egoeraren pista handia da. Alegia, hori errepikatu egin ahal izan da hiru astean zehar, eta ez zegoen inor ez jende horri laguntzeko ezta gertatutakoa kontatzeko ere».

Pertsona senti daitezen

Erreskateko ontzian, batez beste, bi egun inguru ematen dituzte. «Dena ondo joanez gero, erreskatatutako pertsonek bi egunen buruan portuan eta seguru egon beharko lukete. Baina batzuetan egoerak korapilatu egiten dira. Italiak eta Maltak jende hori ez hartzea erabakitzen badute, egonaldi hori gutxienez lau egunera luzatzen da. Egoera asko konplikatu daiteke erabaki politikoak direla medio».

Hasiera batean, beraz, bi eguneko harrera prestatu behar du erreskate taldeak. «Osasun arreta, gutxieneko garbitasuna, ura eta jatekoa, segurtasuna eta duintasuna. Horiek dira hasiera batean ematen saiatzen garenak. Gu ez goaz karitatea ematera, elkartasuna eskaintzera baizik. Gu bezalako pertsonak dira eta berriz pertsona senti daitezen lan egin behar dugu. Hori da gure helburu nagusia».

Erreskate ontzietan arroz egosia izaten da elikagai nagusia. «Arroz egosia eskaintzen diegu lehen ordu horietan. Hori izaten da dieta nagusia. Kultura guztietan ezaguna da arroz egosia eta denek onartzen dute. Saiatu izan gara bestelako platerak eskaintzen, baina ez dute beti funtzionatzen, kulturalki askotariko jendea da-eta. Arroza, gainera, erraz prestatzen da eta sabela gaizki duenari ere mesede egin diezaioke. Gero fruta ere eskaintzen diegu».

“Aita Mari” abuztuaren amaierarako prestatuta egotea espero dute. Lehenagorako nahi zuten, baina ontzia moldatzeko lanak atzeratu egin dira. Behin prestatuta, pertsonak uretan erreskatatzera abiatuko da Libiako kosta parera, Mediterraneoko gune gatazkatsuena errefuxiatuen krisiari dagokionez. Une honetan Europako toki desberdinetatik iritsitako bost ontzi ari dira erreskate lanetan. Horiei elkartuko zaie “Aita Mari”.

Hala ere, ezin da jakin zer gertatuko den eta Itsas Salbamendu Humanitariokoek ere garbi dute: «Edozer gauza gerta daiteke». Italian eta Europan, oro har, giroa oso aztoratuta dago errefuxiatuen inguruan, Matteo Salvini Italiako Barne ministroa eta bere politikak tarteko. «Guk legezko protokolo guztiak segituko ditugu. Lehendabizi, Erromako koordinazio gunera bidaliko dugu abisua. Orain arte hark koordinatzen zuen erreskate gunea eta bere esanetara gaudela adieraziko diogu. Arautegi eta baldintza guztiak betetzen ditugula garbi utziko diogu, gainera. Hortik aurrera zer pasatu daitekeen? Ba ez dakigu. Salvinik oso ondo daki zer egiten duen eta ez dauka inolako erreparorik. Abiatu duen bidea geldiezina dela dirudi eta horretan segituko du. Egia da, hala ere, Italian erantzuna jasotzen ari dela. Adibidez, Italiako kostazainen almirante batek esan du beren eginbeharra itsasotik jendea erreskatatzea dela, ezin direla pertsonak itsasoan utzi. Eta behin erreskatatuta, ezin direla ez aurrera ez atzera utzi».

Azkenaldian gertatzen ari den fenomenoa oso kezkagarria da Gutierrezen ustez. Itsasoan pertsonak erreskatatu dituzten merkataritza ontziak blokeatzen ari dira, ez aurrera ez atzera itsasoan uzten, inon porturatzeko baimenik ez dietelako ematen. «Itsasoan zaudenean jitoan dagoen norbait topatuz gero, salbatu egin behar duzu. Hori da araua. Merkataritza ontzi batek errefuxiatuen txalupa bat topatzen badu, laguntza eman behar dio. Baina, lagunduz gero, erraztasunak topatu beharrean trabak topatzen ari dira azkenaldian, askotan itsasoan blokeatuta geratzen direlako. Hori, noski, bere jardun ekonomikoaren kaltetan izaten da, denbora eta dirua galtzen dutelako arazo horiek medio. Hartara, gerta daiteke –eta segur aski gertatzen ari da– merkataritza ontziak beren ibilbideak aldatzea, txalupa horiekin topo ez egiteko. Azkenean, pertsonak salbatzea arazo bat bihurtzen ari da».

Italiako Gobernuak uko egin dio itsasoan erreskateak egiteari. «Itsas erreskatea Libiaren esku utzi du eta frogatuta dago Libiakoa ez dela kostazainen zerbitzu bat, milizia bat baizik. Europako dirua jasotzen dute eta Mediterraneoan sekulako astakeriak egiten ari dira. Denetarik egiten dute, erreskatatzea ez den beste guztia».

Hamabost eguneko txandak

Esan bezala, abuztuaren 30ean abiatzekoa da “Aita Mari” Pasaiatik. «Gustatuko litzaiguke lehendabizi Getariatik pasatzea, hango flotakoa baitzen ontzia. Hartara, erakutsi nahi diegu ‘Stella Maris Berria’ nola moldatu dugun eta azaldu aurrerantzean zein lan egingo duen. Badakigu Getariako arrantzaleak pozik daudela ontziaren norabide berriarekin».

Gero, abendura bitartean behintzat, Mediterraneoko uretan lanean arituko da, hamabost eguneko txandatan. «Hamabost eguneko txandak egoki ikusten ditugu. Ontzian bizitza ez da erraza izango, ez dauka erosotasun handirik eta oso oinarrizkoa da. Fisikoki esperientzia gogorra da eta baita emozionalki ere. 24 ordu guardian egoten gara, alarmak edozein ordutan jo dezakeelako. Erreskateren bat egitea egokituz gero –batzuetan ez baita gertatzen–, suntsitzailea da, oso gogorra. Lana ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara eta egiten duzu. Baina behin erreskatea amaituta, horrek uzten duen aje emozionala oso gogorra da. Horregatik pentsatzen dugu hamabost eguneko txandak neurri egokia direla».

Dagoeneko eskifaiaren talde guztiak osatuta daude, eta batzuk kanpoan utzi behar izan dituzte. «Borondatezkoak beren opor egunak baliatzen dituzte erreskate ontzira lanera etortzeko. Eta bakoitzak bere bidaia ordaintzen du. Garrantzitsua iruditzen zait hori nabarmentzea, eta horrela izan da Itsas Salbamendu Humanitarioa sortu genuenetik. 200 euroko muga jarri dugu. Hegazkin txartela hori baino garestiagoa bada, proiektuak ordaintzen du aldea. Baina 200 eurora arte, boluntarioak ordaintzen du bere txartela. Gauza sinbolikoa da, baina garrantzitsua gure ustez. Galbahe bat jartzeko modu bat da. Benetan konpromiso serioa hartzeko prest dagoen jendea bakarrik onartzen dugu proiektuan. Kontuan izan, gainera, itsasoan egin beharreko erreskateez ari garela eta horretarako prestatuta dagoen jendea behar dugula. Proiektuan erabat inplikatuta dagoen jendea nahi dugu eta hori erakusteko modu bat da norberak bere bidaia ordaintzea. Hortik aurrera, gastu guztiak proiektuaren gain geratzen dira», esan du Gutierrezek.

Horrez gain, bada proiektua ekonomikoki bultzatzeko modua. Batetik, #Mayditerraneo proiektuaren inguruko materiala erosteko aukera dago sarean. Eta, bestetik, #DonaMillas izeneko proiektua jarri dute martxan. «Kalkulatu dugu itsas milia bat nabigatzeko 35 euro behar direla. Hartara, proiektuari bultzada eman nahi dionak milia bat edo milia erdi bat eros dezake. Eta hortik aurrera, nahi dituen guztiak. Proiektuan parte hartzeko modu bat da».

Laguntza kanpaina hori nahi baino mantsoagoa doala aitortu du Iñigo Gutierrezek, errefuxiatuen gaia joan-etorrian ibiltzen baita herritarren lehentasunen agendan.

Eskuin muturraren mezua

«Boladaka bezala funtzionatzen dugu. ‘Aquarius’ ontziarena, adibidez, oso esanguratsua izan zen. Niri asko gogorarazi zidan Aylan haurtxoaren kasua. Bat-batean, jendea oso-oso sentsibilizatua dago, eta, egun gutxira, erabat ahazten du gaia. Valentziako portuan 600 kazetari ‘Aquarius’ ontzia noiz iritsiko zain ikustea tamalgarria iruditu zitzaidan, ez nuen ulertu. Une horretan bertan Itsas Salbamendu Humanitariokoak mila lagun ari ziren uretatik ateratzen. Desoreka hori erabat ilogikoa eta ulertezina da. Une puntualak gertatzen dira eta badirudi jendartea sentsibilizatua dagoela. Baina une horiez aparte, egunero gertatzen ari den errealitate bat da, etengabekoa. Eta krisi hori apenas existitzen den komunikabideetan, kasu zehatz batzuk salbu».

Gutierrezen iritziz, «krisia oso luzea izaten ari da eta eskuin muturraren mezua abiada bizian ari da zabaltzen. Nik nire inguruan ezagutzen dut jende ona, bihotz onekoa, mezu horrekin bat egin duena une batean. Eta nik galdetzen diet: ‘pertsona onak bazarete, nola sinistu ditzakezue errefuxiatuen inguruan esaten diren astakeriak?’. Europa mailan zabaltzen ari diren eskuin muturreko mezuak oso kezkagarriak iruditzen zaizkit».

Hasiera batean “Aita Mari” ontziaren basea Catanian (Sizilia) jartzeko asmoa zuten. Azken asteotan, baina, korapilatu egin da bertako egoera. «Une honetan ez dakigu basea non egongo den, aukera guztiak aztertzen ari gara».

Eskifaian hamasei lagun izango dira eta horietatik bost profesionalak, alegia, soldatapekoak: kapitaina, lehen mailako ofiziala, makina-burua eta bi marinel

«Arrantzarako hoditeria eta haztegiak desmuntatu behar izan ditugu. Horien ordez, kamaroteak jarri eta jendea egoteko tokiak prestatu ditugu»

Gainontzeko partaideak borondatezkoak izango dira: sei pertsona erreskaterako, bi osasun langile –erizaina eta medikua– eta sukaldari bat. Kazetarientzako bi toki daude

«Emakumeak oso larri etortzen dira, iritsi bitartean sufritu dituztenak gogorrak direlako. Errefuxiatu migratzailea izatea konplikatua da, eta, emakumea bazara, askoz latzagoa»