2018/08/11

Pello Otxandiano
Zer eta nola eztabaidatu?

Plaza publikoan jartzen ditugun eztabaidak edukiz zein formaz egoki enfokatzeko ardura dugu ezkerreko independentistok

Azken asteetan UEUk zein EHUk antolatutako udako ikastaro batzuetan parte hartzeko aukera izan dut, zeintzuek aukera eman didaten hainbat gako politiko eta ideologiko eguneroko zurrunbiloak zailtzen duen eran hausnartzeko. Uste dut aurtengo udako ikastaro hauen gaitegia lagin bat badela egun gurean dagoen produkzio politiko-ideologikoarena, garai bizi bezain nahasian –eta beraz interesgarrian– gauden seinale.

Udako ikastaroetan jasotako guztia ezin prozesatu nenbilela guztiz kontrako iritzia aurkitu dut sare sozialen batean: dinamika instituzionalak irentsi gaituela eta eztabaida ideologikoa baztertu dugula. Zalantza egin dut eta urte politiko honek eztabaida ideologikoari dagokionez eman duena zerrendatzen hasi naiz: epizentroa Katalunian izan duen lurrikara politikoak ekarri duen erabakitzeko eskubidearen kontzeptualizazio berritzailea –Txalapartak argitaratutako Jaume Lopezen liburuan jasoa eta EAEko autogobernu ponentzian presente egon dena–; Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurreneko kongresuaren bueltan sortzen ari dena –momentuz “Liburu berdea”, “Liburu zuria” izan nahi duenaren lehen urratsa: kontzeptualizazioa eta diagnosi partekatua–; mugimendu feministaren loraldian ezagutu den ‘Terra de ningú”, independentziari buruzko ikuspegi feministak; LAB sindikatuak bere afiliazioarekin eztabaidagai jarri duen proposamena hezkuntza ereduaren inguruan; “Demokrazia bai” egitasmoaren aurkezpena eta aurrera begirakoan iritzi korronte gisa eratzeko erabakia; Gure Esku Dagok 175.000 lagun mobilizatzeaz batera erabakitzeko bildu dituen arrazoiak; Ernaik prekarietatearen inguruan aurkeztu duen dinamika, eta abar. Asko edo gutxi den ez dakit esaten, baina bada zerbait inondik ere.

Atzo ezinezkoa zirudiena bihar egitate bihur liteke inoiz baino ezegonkorragoa den azelerazio garai honetan. Ez da komeni tentsioa galtzea halakoetan, hobe eztabaida politiko-ideologikoaren abundantzia eskasia baino. Alabaina, kantitatea bezain inportantea deritzot kalitateari, eta zer eztabaidatzen dugun bezainbat nola eztabaidatzen dugun. Izan ere, badira ekarpen bat egin asmoz baino norbere burua nabarmentzeko edota talde gisa autoerreferentziatzeko –talde-identitatean berresteko– planteatzen diren eztabaida-molde batzuk. Kasu horietan, eztabaida gisa planteatzen denak ez du egiazki eztabaida bat izan nahi, aldez aurretik finkatutako posizioak publizitatzeko saiakera baino.

Joera ez oso sanoak

Sanotzat ez ditudan beste joera batzuk indartzen sumatu ditut azkenaldian:

1.- Posizioak ezezkotasunetik eraikitzea, besteen proposamenekiko erreakzio negatibo gisa. Ikus feminismoaren diskurtsoari nola kontrajarri zaion “klase-feminismoa” deitu dioten hori, adibidez.

2.- Zinismo erasokor moduko bat, areriotzat dituzten horiek era guztietara etiketatzen dituena.

3.- Dialektikari uko egitea, hipotesiak errealitatearekin kontrastatu nahi gabe: azken hamarraldietako mobilizazio maila handiena egon den ikasturtea igarota, berdin esan ahal liteke dinamika instituzionalak itotzen gaituela? Autogobernu ponentzian adostasuna egon ala ez, adostutakoak gauza bat edo beste bat esan, berdin esan ahal liteke independentismoaren aukerak mugatzen dituela?

4.- Antagonismo binarioekiko kerentzia: instituzioak vs herri-mugimendua, konfrontazioa vs egungo status quo-an parte hartzea, eta abar.

5.- Hipotesiak frogatzeari uko egitea: alderdiak eta instituzioak artikulazio independentistarako galga direla, Gure Esku Dago dinamika instituzional antzu baten menpeko bihurtu dela eta eragile independentista bat ad hoc sortu behar dela horren argi duenak, zergatik ez du hori bera egiten hain zuzen, eragile independentista bat sortu alegia? Zerk edo nork eragozten dio? Nor ari da interpelatzen bere burua ez bada?

Uste dut inoiz baino ardura handiagoa dugula ezkerreko independentistok plaza publikoan jartzen ditugun eztabaidak edukiei zein formei dagokienez ondo enfokatzeko, azelerazio garai honetan sormen politiko-ideologiko handia beharko baitugu. Batzuk atzeratutako eztabaidak dira, beste batzuk sortuko diren aukera berrien aurrean erabakiak hartzeko beharrezko ditugunak. •