Juantxo EGAÑA

Duela ia mendebete, Xibertako golf zelai ireki berrian

XX. mendearen hasieran, Biarritzen biltzen ziren Europako dirudun garrantzitsuenak. Milioi asko zituztenak eta aristokratak, beren luxuzko jantziekin, bertako hondartzetan pasieran ibiltzen ziren eta dantzaldi eta festetan parte hartzen zuten. Klase sozial horrentzat Biarritz udako geltokirik onenetakoa zen, bertako hotelak, jatetxeak eta tenisa, bridgea eta golfa praktikatzeko kirol instalazio ugariak tarteko. Biarritzeko inguruetan golf zelai handi bat egiteko asmoz, 1924an Biarritz Anglet la Forêt elkartea sortu eta Angeluko basoaren eta dunen 150 hektarea erosi zituzten. 1925ean, mundu osoan golf zelaiak diseinatzen aritutako Tom Simpson adituak hartu zuen Xibertako golf zelaia egiteko proiektuaren ardura. 1928az geroztik, Xibertan jokatu zituzten Estatu frantsesean egindako lehen golf txapelketa profesionalak. Artikulua ilustratzen duen irudia Jules (1872-1932), Louis (1874-1947) eta Henri (1876-1956) Seeberger anaiek egin zuten, 1929an, Xibertan.