2018/08/18

Kronika
IKUSMIRA
EPIKA MODERNOAREN HAUSKORTASUNA
Mikel Zubimendi
Pd07_ikusmira

Genova Italiako hiri harro zoragarria da, “La Superba” bezala ezagutzen dena. Portu hiri ederra da, interesantea oso, historia izerditzen du nonahi, arkitektura eta azpiegitura indartsu askoak ditu. Hiriak ondare modernoa ere bazuen, bere biztanleek ez zutena beti behar beste baloratzen: Morandi zubia, egitura eder, dotore, lerden eta zinez altua, munduko beste ingeniaritza lan ikonikoen pareko zena. Milaka eta milaka jendek igarotzen zuen egunero Frantziatik Italia erdialdera eta hegoaldera joateko igaro beharreko zubia. Duela bost egun erori zen Morandi zubia, eta tragediaren horroreak eta biktimen saminak guztiok kolpatu gaitu. Goiz da zergatiak jakiteko, halakoetan askotarikoak eta aldiberekoak izaten baitira. Egiturazko akatsak, proiektuaren sortze bereko kalkulu okerrak, berriki egindako handiagotze lanak, erosioa, korrosioa... batek jakin! Edonola ere, hain baloratua den Genovaren iragan historikoaren parez pare, epika modernoaren hauskortasunaren lekukotza bortitza utzi digu Morandi zubiaren kolapsoak. Mikel Zubimendi Berastegi