2018/08/18

Erreportajea
ELKARTASUN DOINUZ
Mugarik Gabeko Musikariek bidalitako musika tresnak, Rojavako atean

Rojavan eta inguruetan eguneroko bizitza gerra duten umeek zein herritar behartsuenek munduan aintzat hartzen dituen norbait badela jakiteko aukera izango dute laster. Gasteizko musika-tresna bankuko materiala Irak aldeko Kurdistanen dago jada. Gani Mirzo musikari kurduak Euskal Herritik eramandako elkartasuna.

Xabier Izaga Gonzalez
0811_mugarik1

Gani Mirzo Mendebaldeko Kurdistango musikaria da. Duela hogei urte baino gehiagotik bizi da Bartzelonan, baina Siriako gerra du gogoan etengabe. 2014an, “Kampo Domíz” diskoa argitaratu zuen eta bere musikarekin lortutako dirua errefuxiatuen esparruetako jendea laguntzeko baliatu zuen. Duela bi urte, bere jaioterria bisitatu zuen, eta «suntsipena, pobrezia, miseria ikaragarria» aurkitu zuen. Hala ere, Qamixli bere jaioterrian alaitasun eta itxaropen «uharte» bat ere aurkitu zuen: musika eskola bat. Horregatik, eskola horretako haurrak eta oro har Siriako gerra jasaten dutenek musika hezkuntza jaso dezaten laguntza helaraztea otu zitzaion.

Bartzelonara itzulita, Jesus Mari Alegria Urtiaga Pinttu arabarra ezagutu zuen, hau ere musikaria eta Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundeko presidentea. Garai hartan Pintturen erakundeak lankidetza akordio bat sinatu zuen Gasteizko Luis Aranburu musika eskolarekin, Araban zein munduko edozein lekutan hainbat ekimen solidario aurrera eramateko. Horietako bat, musika-tresna banku bat sortzea, Gani Mirzoren proiektua gauzatzeko, hain zuzen. Mendebaldeko Kurdistanen eta Sirian zehar gerraren ondorioak jasaten dituzten haurrentzako musika tresnak eramatea eta bertan musikaren irakaskuntza sustatu eta laguntzea zen helburua. Luze gabe, Gasteizko Kontserbatorioak eta Udal Folklore Akademiak bat egin zuten proiektuarekin, baita Bilbo, Donostia eta Iruñeko udal musika eskolek eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak ere.

Bidaia gorabeheratsua

Joan den urtarrilean Pinttuk GAUR8ri esan zionez otsail amaieran abiatzea espero zuten bidaia, lehendabizi martxora arte atzeratu zuten, Turkiako Armadak kurduen aurkako erasoak gogortu baitzituen. Ostean, garraioaren garestitasunak eta beste zenbait arazok berriro atzeratu zuten bidaia, baina, azkenean, ekainaren 8an, Donostiatik atera ziren.

Musika tresnak orain Irak aldeko Kurdistanen daude, «leku seguruan», laster Rojavan, Mendebaldeko Kurdistanen, entregatzeko prest. Gani Mirzorekin hitz egin dugu.

Mirzo, Fran Lasuen euskal musikari eta Mugarik Gabeko Musikarien Bizkaiko arduradunarekin batera Europa, Turkia eta Iraken zehar hamaika oztopo gainditu ondoren, Bartzelonan dago bueltan lan kontuak direla-eta, baina hilabete erdi barru bidaiaren azken etapa burutzera itzuliko da. Irail amaieran tresnak Rojavan egotea espero du, Qamixlin, hain zuzen, handik errefuxiatu esparruetara zabaltzeko.

Nahi baino askoz gehiago luzatu den bidaia Gasteizen hasi zen. Tona bat tresna garraiatzea ez da erraza, ezta merkea ere. Tresna guztiak Donostiara eraman zituzten eta handik Düsseldorfera (Alemania) abiatu ziren. Hiri horretan bat egin zuten helmuga bera zuen kamioi karabana batekin. Turkiako etapa labaina da baina, kurduen aurkako ofentsiba betean baitabil herrialde horretako Armada. Afrinetik 250.000 lagunek alde egin behar izan dute, eta besteak beste eskola bi ere bonbardatu dituzte. «Ume horiei, gerra eguneroko ogi duten ume horiei, artean hezteko aukera ematea da helburua, artearen bidez euren bizitzan irtenbide bat izan dezaten», dio Mirzok.

Irakeko mugan denbora asko galdu zuten. Turkia eta Irak arteko muga itxita zegoen, eta Kurdistandik sartu behar izan zuten, mila kilometro gehiagoko bidea eginda. Uztail amaieran, tresnak zenbait astez aduanan atxikita egon ondoren, berri ona bidali zion Mirzok Pintturi Qamixlitik: musika-tresnak helmugara iristear daude, Rojavara pasatzeko baimena dute-eta.

Jaioterria, suntsituta

Gani Mirzok Qamixli, Kobani eta Rojavako beste zenbait leku bisitatu ditu. Estatu Islamikoaren ikaragarrikerien ondorioak, oro har gerraren ondorioak ikusi ditu. Eskualdean familia du Mirzok, anai-arrebak, batzuk errefuxiatuta. Estatu Islamikoaren hiriburua izan zen Al-Raqan ere izan da. Nola topatu duen ingurua galdetuta, «hondamena nonahi, pobrezia, laztura...», diosku.

Irrikitzen dago, obsesionatuta, umeengana, jende behartsuenarengana iristeko. «Munduak jakin behar du herri kurduak musika maite duela». Musika tresnak besterik ez ditu eskatzen eta «istorio txundigarriak» ikusi dituela dio. Musikari elbarrien talde batekin egon zen, gazte bati ea zer desira zuen galdetu eta hark berehala erantzun zion: «biolin bat».

Kobanin Rashid Sofi musikariarekin izan zen, GAUR8ren ale honetako lehen orrialdean meskita baten hondamendien artean lautea jotzen ageri dena. «Sofi Kobanikoa da, Rojavako musikaririk handienetako bat».

Bartzelonan kontzertu bat egin berri dute misioa bukatzen laguntzeko, eta hunkituta ageri da Mirzo sumatu duen elkartasunagatik. Esker ona agertzen die, halaber, Mugarik Gabeko Musikariei. «Euskal Herriko elkartasuna eskertzen dut. Elkartasunak balio izan dezala Euskal Herriaren eta herri kurduaren kulturak hurbiltzeko, gure harremanak estutzeko». Halaber, dei bat egin die politikariei, kolaboratzeko.

Prozesu luzea

Mirzorekin hitz egin ostean, Pinttuk hartu du telefonoa. Egiten ari diren filmaz hitz egin dute elkarrekin. Izan ere, haien kezka material guztia iritsi dela erakustea da. Film labur hori bidaia osoaren eta material musikalaren iritsieraren lekuko izango da. Filma finantzatzeko gizartearen laguntza behar dute, jakina, horregatik edozein lekutako musikariei laguntza eskatu zieten kontzertuak egin ditzaten; halaber, Mugarik Gabeko Musikariak Banda Sinfonikoak disko bikoitz bat ere argitaratu zuen, “Los Derechos Humanos a bombo y platillo”.

Materiala garraiatzeko ez ezik, biltzeko ere izan dituzte hamaika arazo eta oztopo. Bidaia atzeratzeak, edonola ere, aurreikusita zuten baino askoz tresna gehiago biltzea ahalbidetu zuen (baita lana biderkatzea ere). 200 musika tresna inguru eraman dituzte: biolinak, tronpetak, tubak, soinuak, pianoak... Bestetik, musika material ugari ere eraman dute, hala nola, atrilak, partiturak, gitarra sokak edota biolin sokak. Material guztia biltzeko Gasteizko Udalak utzitako lokal bat erabili zuten, betiere presiopean, erabilera epea luzatzeko erregutuz. Tresna batzuk bertan jaso zituzten, baina beste batzuk jasotzera joan behar izan zuten, Euskal Herriko zein kanpoko hainbat lekutara, Estatu espainoletik ere jaso baitute laguntza. Bestalde, Euskal Herriko musika eskolek eta musikari askok kontzertuak antolatu izan dituzte proiektua laguntzeko. Pinttuk bere esker ona agertu nahi die guztiei, eta Gasteizko Luis Aranburu Eskolako zuzendari Paco Galvek Principal antzokian eman zuten urteko kontzertu nagusian ateratako diru guztia elkartasun bidaia finantzatzeko eman zuela dio, edo Iruñeko Musika Eskolako lagunek tresnak Gasteizeraino eraman zizkietela...

Helmugara iritsita, han orkestra sinfoniko bat eratzeko asmoa dute, «eta txistulari banda bat ere osatu nahi dugu», dio Pinttuk. Garrantzitsuena, haren ustez, «ume haiek munduan aintzat hartzen dituenik badela jakitea da. Eurek ez dute ulertzen munduan zer gertatzen den. Zer egin duten, zergatik gurasoak hiltzen dizkieten galdetzen diote beren buruari. Tresna hauek haientzat Olentzero dira. Errefuxiatu esparruko haur batek biolin batekin lo egin dezala».

 

Musikak ez du mugarik, elkartasunak ere ez

Asko eta askotarikoak dira Mugarik Gabeko Musikariak gobernuz kanpoko erakundeak abiatu dituen proiektuak, 1995ean Jesus Mari Alegria «Pinttu» bere presidenteak Kubatik erakundea sortzeko ideia ekarri zuenetik.

«Mugarik Gabeko Musikariak erakundeak uste du musika eta musikariek munduko etnien, herrien eta kulturen arteko harmoniaren, bizikidetzaren eta espiritu solidarioaren aldeko paper garrantzitsua egin dezaketela». Haren jardun esparrua haurrak dira batez ere, «biztanleriaren esparrurik babesgabeena».

Mundu osoan zehar abiatu dituzte hainbat proiektu, behartsuenek beren kabuz bizi ahal izateko, alfabetatzeko, emakumeak ahalduntzeko, hizkuntzak berreskuratzeko... Duela zenbait urte Gasteizko Gobernuari ideia bat aurkeztu zioten, eta hark begi onez hartu omen zuen: Pertsona Berdinen Nazioarteko Unibertsitatea sortzea, kanpotik datozenak hemen gizarteratzeko, moldatzeko. Izena kopiatuta, Pertsona Berdinen Kluba egin zutela dio Pinttuk, urtean behin bazkaltzeko biltzen dena. Hala ere, ez dute etsi eta lokal baten bila dabiltza ideia hori garatzeko.

Mugarik Gabeko Musikarien sustengua duen Ongi Etorri Errefuxiatuak herri plataforma ere ekarri du hizpide: «Jende horrekin haluzinatu egiten dugu, nazioarteko nekazaritza eta abeltzaintza sare batean daude, eta kanpotik etorritakoak baserrietara eramaten dituzte. Han lan egiten dute, euskara ikasten dute... Horixe da gure ideia».

Hamaika orkestra sustatu dituzte, hainbat musikari bidali dituzte kontzertuak egitera Venezuelara, Boliviako oihanera, Thailandiara, Georgiara, Saharara... Orain jolas bat prestatzen ari dira, haurrek elkartasuna zer den ikas dezaten.

Erakundearen beste asmo bat Gasteiz musikaren eta elkartasunaren hiriburu bihurtzea omen zen. Urtero, Musikaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 21ean, egiten zuten jaialdia ia bertan behera utzarazi diete, ordea, laguntza gehiena kenduta.

Musika-tresna bankuak indarrean segitzen du, gerrako haurrei prestakuntza emateko, musika terapiarik onena dela uste baitu Pinttuk. «Konpromiso bat da, eta Euskal Herriko musika eskolak horrekin bat eginda, gauza ederra da. Hemendik batzuek bonbak bidaltzen dituzte; beste batzuek, musika tresnak. Batzuek gerra sustatzen dute; beste batzuek, musika eta harmonia».

Qamixli, Kobani eta Rojavako beste zenbait leku bisitatu ditu Gani Mirzok. Jaioterria nola topatu duen galdetuta, «hondamena nonahi, pobrezia, laztura...», diosku musikari kurduak

Garrantzitsuena, Pintturen ustez, «ume haiek munduan aintzat hartzen dituenik badela jakitea da. Zer egin duten, zergatik gurasoak hiltzen dizkieten galdetzen diote beren buruari»