2018/08/18

Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa
Ramon eta biok

Iazko MUGAK bienalaren baitan, mahai beraren bueltan ipini zituzten Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Ramon Saizarbitoria eta Fernando Savater, hiriari eta literaturari buruz solas egin zezaten. Bi ordu luzez aritu ziren hizketan; onerako edo txarrerako, gauza asko esan daitezke 145 minututan.

Gogoeta batzuekin oso ados –esaterako, Canok «‘retranqueado’ es una palabra que me encanta» esan zuenean–. Beste batzuekin, Ramon, ba ez horrenbeste. Izan ere, Saizarbitoriak esan zuen gutxi-asko Donostia hiri orekatua dela, eta erdialdearen eta periferiaren arteko aldea ez dela oso handia, Bilborekin konparatzen badugu bederen –Bilborekin konparazioa egitea oso tik donostiarra da–. Txabolismorik ere ez duela izan esan zuen, eta, izatekotan, frankismo amaieran Prim kaleko eraikin ederren gainean eraiki ziren handitze zatar horiek osatzen dutela Donostiako txabolismoa. Ez dakit ba nik. Gros «urruti» eta Ategorrieta «tokitan» zegoen leku eta garai batean jaiotakoa da gure idazle ramegantea, baina hori ez da zirkunstantzia aringarria.

Edonola ere, goranzko zabaltzeak –ez dugu oraindik topatu gaztelerazko levante esateko hitz erosoagorik– kontu oso ohikoak dira. Galdera izan ohi da ea azpian duten eraikinaren «estiloa» jarraitu behar duten, ala, kontrara, arkitektoa libre ote den sudur puntan jartzen zaion lengoaia erabiltzeko. Eraikin bat albo batera zabaltzen denean, esaterako, ziurtzat hartzen da handitze hori estetikoki independentea izan daitekeela –Bilboko Arte Ederren Museoa datorkit gogora–. Aldiz, gora zabaldu beharra dagoenean oro da erreparo.

Salamanca pasealekuko 2. zenbakia paradigmatikoa da. Behe oina, bi pisu eta teilatu zorrotzeko jauregitxo klasikoa zen jatorriz. Gora zabaltzeko garaia iritsi zitzaionean eraikina akordeoi baten moduan luzatzea erabaki zuten: lehenengo pisua lau bider kopiatu, bata bestearen gainean jarri, eta goian kokatu zituzten ordura arte bigarren pisua eta teilatua zirenak, azken hau ederki puztua. Argudia liteke bi eraikinak, zaharra eta berria, antzekoak direla, Espainiako bandera eta Kataluniakoa antzekoak direla argudia litekeen modu berean.

Bitartean, Matia kaleko 38.ean estrategia bestelakoa izan zen. Behe solairua gehi hiru pisuko hareharrizko eraikina zen jatorrizkoa, modu erregularrean antolatutako leiho altu eta balkoi estuduna. Baina arkitektoari bost axola horrek, eta altzairuzko egituradun bi pisuko pieza iluna eraiki zuen gainean –dotorezia handiz, ene uste apalean–, baita hirugarren pisu bat ere, Canoren belarriak goxatuz bezala, retranqueado, kaletik ez ikusteko modukoa. Balkoirik ez baina badu bolumen irten bat, jatorrizkoak ez duena, eta leihoak jolastiagoak dira, jatorrizkoan ez bezala.

Saizarbitoriaren ustez, Donostiako teilatuen gainean eraikitako «txabolismo» hori da Donostiak duen gauzarik okerrena. Zenbat buru, hainbat aburu, baina ez gara ados jarriko Ramon eta biok, goranzko zabaltzeak –Prim kalekoak barne– Donostiako gauzarik interesgarrienen zerrendan daudelako, Martutene baino koska gutxi batzuk gorago. •