2018/08/18

Mikel Zubimendi
«Ulertua izatea hain zaila al da?» galdera existentzialaz

Perfekzioa akatsez beteta dago. Hitz biribiletan, existentzialetan, ezin gaitezke ito. Izan ere, maitasuna puzker baten modukoa da: gehiegi estutu eta behartzen bada, azkenean kaka ateratzen da

Ez dakit mugimendu politikoek unibertsalki hitz egiteko duten joera horregatik den edo ez. Baina aspirazio unibertsal batekin hitz egiteak ez du perfektu hitz egin behar denik esan nahi. Ez dakit eredugarri izateko grinagatik edo kontraesanen eta desadostasunen lokatzetan ez zikintzeko engainu horregatik den edo ez. Baina eredugarri izateko konbultsio artifizial hori baino premisa zapaltzaileago gutxi ikusten ditut politikan. Ez dakit mundu digitalagatik, on line idatzi eta hitz egiteko baldintza berriongatik den edo ez. Baina identitate bat etengabe ordezkatu behar horrek presioa areagotzen duelakoan, existentziaren baldintzak okertzen dituelakoan nago.

Azken finean, «hain zaila al da ulertua izatea?». Perfektu, eredugarri eta identitate bat ordezkatuz ibili behar al da beti politikan? Eta kiribil horretatik ihes egiteko, naufragoek ohol puska topatu arte bezala, ez ote dugu aterabiderik? Bihoa aitorpena: desorientatu egiten nau ideia horrek. Norabait doan bide batean gaudela baino, kartzela bateko patioan bezala zirkuluan bueltaka eta bueltaka gabiltzala ematen dit jakitera. Betiko borroka berdinen errepikapen betean gaudela, hortik pasata gaudela jada, behin eta berriz. Eta jakina, ideia hori sustraitzen bada, pentsa daiteke, ezkor pentsatu ere, ametsaren ildoa oso geldoa izango dela. Eta?

Niretzat, iraultza trankil eta geldoa eta denetan iraultza erradikalena ez daude kontrajarrita. Badakidalako muga emozional handi bat dugula denok: bizi esperantzarena. Badakidalako bizitza ez dela eskubide bat, pribilegio bat baizik. Sortzez eta ekinez garbi, perfektu eta eredugarri iraultza bizitzaren ardatz egin nahi duenarentzat, gogorra behar du bere amets asko gauzatu baino lehen hil egingo dela onartzeak. Hobe luke, gomendioa onartzen badit, modu batean ala bestean, irrika horrek bizitzaren denbora guztia hartuko diola kontziente izatea, eta, hildakoan ere, iraultza ez dela gauzatuta egongo, natural-natural barneratzea. Eta horregatik, errealitatearen azterketa edo etsamina ez pasatzeak ez ditu ametsak hutsalago, balio gutxiagoko, egiten. Denok pentsatu izan dugu noizbait gauzak joan direna baino azkarrago joango zirela, azkenean, literalki, ohartzeko bataila berak, argudio eta eskema berekin borrokatzen ari garela. Jendeak, aldatu baino, aldatu izanaren plantak egiten dituelako. Besteak beste, dauzkagun orbainek eta eragindako zauriek trokelatu gaituztelako.

Horixe baietz, ideiak oso boteretsuak dira, bai. Onerako zein txarrerako. Droneek ezin dituzte ideiak detektatu, hegazkin bonba-jaurtitzaileek ezin ditzakete ideiak mila pusketan txikitu. Eta jakina perfekzioa akatsez beteta dagoela! Hitz biribiletan, galdera existentzialetan ezin gaitezke ito. Eta ze kristo, maitasuna puzker baten modukoa da! Gehiegi estutu eta behartzen bada, azkenean kaka ateratzen da. Horregatik, kontua ez da soilik Estatua konfrontatzea; lotsaraztea eta hartaz trufatzea ere bada, pertseberantziaz, poza eta kontakizun propioa zabalduz. Bere ideiak, bertsioak, gerrak... fatalismo hori erosteari uko eginez. Niretzat, Euskal Herri librea ez da bakarrik posible, bidean dator. Belarria jarri eta nola arnasten duen aditu besterik ez dugu. •