2018/08/18

Maider Iantzi Goienetxe
Zein amets zenituen?

Zer izan nahi zenuen handitzean? Zein amets zenituen?», galdetu diot. Irribarre egin du. «Moja izan nahi nuen –eta segituan eman ditu argibideak–. Aukera handirik ere ez zegoen: ezkondu, moja sartu edo neskato joan». «Eta ez ezkontzea, ez zen bide bat?». «Neskazaharrak baztertu egiten ziren. Lanik txarrenak ematen zitzaizkien. Ez ziren garai onak neskazaharrentzat».

Horixe 1940ko hamarkadan jaiotako emakume baten testigantza. Kontu interesgarri pila bat izan arren kontatzeko, «interesgarria iruditzen zaizu? Bai?» galdetzen dit. Ez du inongo protagonismorik nahi eta grabatzea eta bere izena ematea galarazi dit. «Sina ezazu ‘emakume anonimoa’ edo ‘Resurreción’, izen hori jarri nahi izan baitzidaten, baina amak ez zien utzi».

Orain aunitzez aukera gehiago ditugu emakumeok. Ikaragarri aldatu zaigu egoera belaunaldiz belaunaldi. Aitzinekoen historiak aditzean, ezagutu ez dudan gogortasun baten berri jasotzen dut; ezagutu ez dudan itxitasun baten berri ere bai. Zenbat tabu eta arau puskatzea lortu den hainbat emakumeren borrokari esker. Zoragarria da. Orain, berez, gutxi gorabehera nahi duguna egin dezakegu. Munduko bertze puntara bidaia dezakegu, bakarrik edo lagunekin bizi gaitezke, banandu gaitezke eta berriz hasi, “neskazahar” hitza ezabatu dugu... Baina, egiaz? Ez al zaio kategoria handiagoa ematen bikotekidea duenari? Ama denari? Eta, ez al da seinalatzen ezberdina dena? Bertzelako amets bat gauzatzen saiatzen dena?

Eta, zuk, zer izan nahi zenuen handitzean? Zein amets zenituen? •