2018/08/25

Erreportajea
ITSASOA SALBATZEKO, ARTEA
Ozeanoetako plastikozko hondakinak edertasun eta heziketa iturri AEBetan

Artea hizkuntza bat da. Estetikoki boteretsua denean, gainera, ikuslea sakon inpaktatzen du, sentsuak esnatu, kontzientziak piztu eta arazo globalen aurrean soluzioak bultzatzen ditu: kasu honetan, ozeanoetako plastiko kutsadura. Helburu horrekin, bada, hondakinak artelan bilakatzen ditu AEBetan Washed Ashore proiektuak.

Mikel Zubimendi Berastegi
Ezpatarraina

Bai, arteak modu oso ezberdinetan komunikatzeko ahalmen itzela du. Artelanek hitz egiten diete ikusleei eta eragin bat, zirrara bat sortzen diete modu ezberdin eta partikularrean. Hain zuzen ere, ikusle bakoitzak bere jakintza eta esperientzia propioen testuinguruan ikusten dituelako artelanak. Zentzu horretan, jarraian aurkeztuko den arte proiektuak esperientzia subjektibo boteretsu bat sortzen du. Eta bere esperientzia propioa bizitzeaz gain, artelan monumentalok ikusten dituenak, ekintza zehatzak egiteko eta jakintza komun baten oinarria sortzeko artistek diseinatutako mezua jasotzen du.

Imajinatu, esate baterako, itsasoan gora eta behera ibili ondoren lehorreratzen diren milaka ur mineral botilekin egindako marmoka eder eta ikusgarri baten eskultura ikusten zaudela. Imajinatu, ondoren, artelan horren xedea zuk itsas dortokek plastikozko poltsak marmokekin nahasten dituztela jakitea dela; hau da, plastikozko poltsa horiek jaten dituztela, eta, horregatik besteak beste, galzorian daudela itsas dortokak. Imajinatu esperientzia subjektiboa, pasatzen den mezua, arte horrek zugan izan dezakeen inpaktua.

Washed Ashore du arte proiektuak grazia, eta Ameriketako Estatu Batuetako Oregon estatuan jatorria. Milaka boluntariok, bertako hondartzetatik tonaka zabor bildu, garbitu eta klasifikatu ondoren, plastikozko hondakinekin egindako eskultura erraldoiak sortzen dituzte. Inpaktu izugarria izan duten 65 eskultura egin dituzte dagoeneko, tamaina monumentalekoak batzuk; plastikozko zabor objektuak edertasun bilakatuta, artearen bidez hondakinei xede eta bizitza berri bat eman diete.

Ekintzarako artea

Washed Ashore proiektuaren misioa argia da: itsas hondakinekin egindako eskulturek Ameriketako Estatu Batuak zeharkatzea ahalik eta jende gehienarengana heltzeko asmoz. Heziketa programa baten bitartez, itsas hondakinen eta plastiko kutsaduraren arazoa ahalik eta herritar gehinengana eramaten saiatzen dira artearen bitartez.

Eskulturak eraikitzeko, lehenik eta behin hondartzetatik auzolanean ateratako hondakinak biltzen dituzte. Gero, hondakinak garbitu egiten dituzte, klasifikatu eta sorkuntza prozesurako prestatu. Eskultura bakoitzaren diseinua eta zuzendaritza artista batek hartzen du bere gain, eta eraikitze prozesuan proiektuko kideek, boluntarioek, ikasleek zein beste artista batzuek parte hartzen dute.

Artearen hizkuntza unibertsalak jendearengana iristeko gaitasun itzela du, ia beste ezerk ez bezala. Estatistikak, zenbakiak, liburuak, mapak baliagarriak dira gertakizun larriak zehazki adierazi eta planak egiteko, baina arteak begietara begiratu zaitzake, zure bihotza uzkurtzeraino; hori dela eta, gauzak egitera, ekintza zure gain hartzera bultza zaitzake arteak.

Inpaktu itzeleko arazo globala

Gure planetaren azaleraren %70 hartzen dute gaur egun ozeanoek, habitat handiena dira, planetaren espazio bizigarriaren %99. Eremu itzel horrek, gainera, planetako espezie guztien %50 hartzen ditu baitan.

Baina, zenbat plastiko dago gaur egun ozeanoetan? Zaila da galdera horri erantzun zehatz bat ematea. Smithsonian Biologia Institutuko zientzialaria den Mary Hagedorn adituaren arabera, 142 miliar tona inguru. Erraz, errazegi idazten da.

Itsas hondakin horien guztien %80 ez dira zuzenean itsasoarekin lotutako jarduera ekonomikoen ondorioz sortutakoak. Lurretik heldu dira itsasora, kaleetatik itsas korronteetara, ibaietatik ozeanoetara. Eta, jada, kate trofikoaren oinarrian dagoen eta biodegradagarria ez den plastiko kopuru horren inpaktua izugarria da, ekosistema bera arriskuan jartzerainokoa.

Bestalde, ozeanoetako plastiko kutsaduraren arazo handia, are arazo handiago baten sintoma bezala ere uler daiteke. Alegia, kontsumitzaileen aukera eta ohiturena (eta hori esaterakoan, ez da inor errudun sentiarazi nahi egunerokoan erabiltzen dituen plastikoengatik), eta tokian tokiko eta mundu mailako hondakin fluxuena.

Ozeanoak emandakoa erabili

Marrazoak, marmokak, itsas lehoiak, olagarroak, hartz polarrak, mota guztietako itsas hegazti eta arrainak plastikozko hondakinak soilik erabiliz sortuz, Washed Ashore proiektuak estetikoki oso boteretsuak diren artelanak sortzen ditu. Plastiko kutsadurak ozeanoetan eragindako hondamendiaren jakitun egin nahi dituzte herritarrak, museoz museo, herriz herri, eskolaz eskola. Bide batez, kontsumo ereduetan aldaketa positiboak ere bultzatu nahi dituzte.

Artelanotan ez da margolari paletarekin egindako tranparik, itsasotik edo hondartzetatik ateratako objektuak garbitu besterik ez dituzte egiten, sekula ere ez dituzte pintatzen. Ozeanoak emandakoa erabiltzen dute bakarrik. Eta horrek, jakina, ondorioak ditu sortze prozesuan. Adibidez, kolore marroia duten objektuak bilatzea zailagoa denez, marroiak diren itsas lehoien eskulturak egiteak denbora askoz gehiago eskatzen du; zuri, gorri edo gardenak diren objektuekin eskulturak egitea, aldiz, askoz errazagoa da.

Esan bezala, tonaka plastiko prozesatuz, itsas zaborraren krisi globalaren aurrean ikusleen buruak eta bihotzak esnatzeko gaitasuna duen arte adierazpide ikusgarri batez ari gara. Nagusiek eta haurrek, biek ulertzen duten hizkuntza bat sortzeko gai dena.

Arte pedagogikoa

Bestalde, helburu hezitzaileak dituen arte adierazpidea dela ezin da ukatu. Lehenik eta behin, ozeanoak maitatzea bilatzen du: bere itsasertz eta biztanleak ezagutaraztea. Helburu argi batekin, kontzientziak piztea, itsasoari eragindako minak gu guztiok nola mintzen gaituen ulertaraztea.

Plastiko kutsaduraren inguruko lan pedagogikoa ere badago proiektuaren atzean: itsas hondakinak ulertzea, nondik datozen, nola heltzen diren itsasora, nola bidaiatzen duten ozeanoetan barna, beren inpaktu ekologikoaren hedadura osoa barneratzea. Dudarik gabe, arteak animatu egiten du, hezi: artean oinarritutako hizkuntza bat erabiltzen da plastiko kutsaduraren aurrean kontzientziak esnarazteko, arazo global baten aurrean soluzioak bultzatzeko. Birziklapenaren beharra, objektuei bigarren bizi bat ematearen garrantzia ulertzeko.

Azkenik, ekologiaren aldeko ahalegin komun bat ere bada proiektuaren atzean: ohiturak aldatu plastikoak ez erabiltzeko, erosketak birpentsatzeko, ekologikoagoak diren kontsumo ereduetan murgiltzeko. Norbanakoak, komunitateak, gobernuak eta enpresak oinarri izango dituzten aldaketak bultzatzeko. Eta hori guztia, artearen bidez komunikatuta.

 

Erabili eta bota, bizimoduaren maskara

Maskarak, kultura ezberdinetan, milaka urteetan zehar, material ezberdinez egin izan dira. Babesteko, mozorrotzeko, dibertitzeko, erritualetarako, istorioak kontatzeko, etsaiak beldurtzeko, zeremonia eta antzerkietan erabiltzeko… denetarako maskarak egon dira. Sarri, herri, animalia eta arbasoen ezaugarri jakinen sinbolo bezala ere erabili dira.

Plastikozko objektuekin egindako arteak maskara erraldoiak egiten ditu, maskara ekologiko handi-handiak. Maskaron kasuan, gure garaiko gizartean nagusi den “erabili eta bota” ereduan oinarritutako bizimodua irudikatzen da, alternatiba ekologiko baten aldeko lan pedagogikoa eginez, kultura indartuz, denon artean ohitura osasungarriak sortzeko beharra nabarmenduz. Guztiok ekarpena egin dezakegula ere oroitarazten digute, denok ohitura bat aldatuko bagenu mundua aldatuko genukeela.