2018/09/08

Erreportajea
BIZITZA LUZEA ARTILEARI
Ardi latxaren ileari gaur egun ez duen irteera emateko proiektua abian da

Ardi latxak ematen duen esnea diru iturri da baserrietan. Artilea ere hala zen, baina kontsumo usadioek alboratu egin dute. Hori irauli nahian, Latxa Esne kooperatibak, sektoreko elkarteekin batera, irteera berria eman nahi dio. Soka biodegradagarriekin saiakerak egiten ari dira; lehen proben arabera, ate interesgarriak ireki daitezkeela dirudi.

Oihane Larretxea de la Granja
Pd12_f01

Gure aitona-amonen baserrietan ardi artilez egindako koltxoiak zeuden. Haien gainean hartzen zuten atseden. Izarak kenduz gero, begiez erraz sumatzen ziren artilearen irregulartasun naturalak. Eta goxotasuna azalean. Dudarik gabe, gaurko koltxoiekin zerikusirik ez zuten. Noizean behin, koltxoiak hustu, artilea astindu eta harrotu egiten zuten, jarraian koltxoia berriro betetzeko. Etxeko ardiek ematen zuten artilea, haien ilea ere oso baliagarria zen garaian.

Horretan ere gauzak asko aldatu dira. Garai bateko koltxoiak eta alfonbrak desagertu egin dira, beste material batzuekin ekoizten dira egun, gehienak urruneko herrialdeetan, exotikoagoetan. Hala, ardiaren artilea baserrietan diru iturri izatetik, ia arazo iturri izatera pasa da, gastua baino ez delako gaur egun. Ardiei ilea moztu egiten zaie banan-banan, bildutakoa (kiloak eta kiloak) jaso egiten da eta hori modu zehatzean kudeatzen da azkenik. Hondakin gisa tratatzen da gainera, konpostatzeko aukerak gero eta ugariagokoak izan arren.

Egoeraz jabetuta Latxa Esne kooperatibak, Ekolber ikerketa zentroak eta Neiker-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak indarrak batu dituzte Arabalanda, Bizkaimendi eta Landaola EAEko landa garapenerako elkarteekin. Lakuak lankidetzarako ematen dituen laguntzaz babestuta, ikertzeari ekin diote. Helburua, ardi latxaren artilea aprobetxatzeko irteerak bilatu eta horietan sakontzea. «Irteera egonkorra» eman nahi zaio ardi latxa artaldeek ematen duten artile bolumen osoari.

Latxa Esnea kooperatibatik aurreratu dutenez, lehen ikerketek soka biodegradagarri eta konpostagarrietan sakondu dute, gero baratze, lorategi eta negutegietan erabiltzeko, adibidez. Lehen prototipoak egin dituzte, baita probatu ere. Emaitzen arabera, eta hasierako fasean egon arren, pentsatzekoa da bide onetik doazela.

Oso ezaugarri bereziak ditu ardi latxaren artileak: keratinan oso aberatsa da eta disolbagarririk gabe tratatu daiteke. Horrek abantaila ugari eskaintzen ditu.

Mariano Imaz, Latxa Esnea kooperatibako presidentea izateaz gainera, artzaina da. Jaio zenetik izan ditu ardi latxak bere inguruan, bizileku zuen baserrian.

Itxaropentsu begiratzen dio ireki daitezkeen aukera berriei, garai batean diru iturri zena diru iturri izatera bueltatu dadin. Pena da, dio, ilea bezalako materia bat deuseztatzen den bezala deuseztatzea. Gaizki kudeatzen den hondakin gisa, gainera.

Dioenez, batez beste, ardi bakoitzak bi kilo ile ematen ditu. Bota kontuak. «Garai batean diru iturri oso-oso garrantzitsua zen artilea familietan. Oroitzen naiz, umea nintzela, neguan baserriak sortzen zuen gastuaren zati handiena ilea salduz irabazitakoarekin ordaintzen genuela. Pentsa, garai haietan kilo bakoitzeko 100 pezeta ordaintzen ziren!», gogoratu du.

Alfonbrak eta koltxoiak egiteko saltzen zioten ekoizleei artilea baserritarrek, baina, denboraren joan-etorriarekin, irteera komertzial hura eten egin zen eta gauza haiek beste modu batean eta urruneko lekuetan egiten hasi ziren. Portugal hornitzaile garrantzitsua zen, baina usadioek hori ere eten zuten.

Garai batean ardi batek ematen zuen ilearen truke 100 pezeta ere ordaintzen baziren, egun artzainak ilea mozteagatik euro bat eta erdi ordaindu behar dio hori egiten duen profesionalari. «Eskulana ordaindu egiten da, eta, jakina, artzainak berak asumitzen du kostuaren %100a».

Gaur egun ilea «inork» nahi ez duela penatuta, hori guztia biltzeko Euskal Herriko eskualde ezberdinetako nekazaritza garapen agentziak egiten ari diren lana aipatu du. Biltegiak sortu dituzte, baserritarrek gutxienez ilea non bota izan dezaten. Garraioa da, hain zuzen, beste arazo bat. Horrek ere artilearen kudeaketaren prozesuan gastua suposatzen du.

Arazo izatetik aukera izatera

Gaur egun «arazoa» dena «aukera» bihurtu nahi du Imazek eta, berak bezala, proiektu honetan murgildu diren elkarteek. «Momentuz fase esperimentalean baino ez gaude, ez gara prozesuaren bukaerara iritsi, baina uste dut emaitza interesgarriak lortuko ditugula, momentuz lortu duguna hala delako».

Soka biodegradagarriak negutegi batzuetan erabili dituzte, proba gisa. Gauzak bide onetik doaz. «Gure ardi latxaren ileak oso propietate onak eta bereziak ditu, keratinan oso aberatsa izateaz gainera, nitrogeno ugari dauka, eta hori oso onuragarria da negutegietan lantzen diren produktuetarako eta lurrerako», azaldu du.

Prozesuan sortutako arazoak edo zailtasunak gainditzea ez da nahikoa sustatzaileentzat. Garrantzitsua da lortzen duten produktua, egitasmoa bera, «ekonomikoki sostengarria izatea», dio Imazek, etorkizuna bermatze aldera. Egun gastua den hori artzainarentzat diru iturri bilakatzea da xedea, garai batean bezala. Horrek egingo du denboran sostengarria, neurri handi batean.

Iaz, EAEn, 700 tona ile bildu ziren. Badago zerekin lan egin, badaude aukerak. Eta bezeroak ere ez dira falta, estimatzen dutenez. «Eskaera egon badago», dio. Almeriako hainbat negutegietatik interesa iritsi zaiela baieztatu du Imazek.

Ikerkuntza, gakoa

Ekolber ikerketa zentroa ari da laborategian probak egiten. Artilea oinarri hartuta, plastiko biodegradagarria egiteko beharrezkoa den teknologiaren garapenera bideratuta dago Bergarako enpresa. Ia duela urtebete jarri zen martxan lan taldea zeregin berri honetan.

Ikerketa zentroan denbora daramate material biodegradagarriekin lanean, Jesus Ollokiegi Ikerketa eta Garapeneko zuzendariak kontatu duenez. «Behien larruaren azpiko aldearekin egiten dugu lan, kolagenoan oso oso aberatsa delako. Larruginak edo larru-ontzaileak kanpoko aldea aprobetxatzen duen bitartean, guri justu azpiko aldeak balio digu».

Gai natural horretatik abiatuta, material berri bat sortzea lortu dute, prozesu kimiko bat jakin bat aplikatu ondoren. Prozesu horretan, beste hainbat ongarri eransten zaizkio produktua are sendoagoa egiteko, nahiz beste ezaugarri batzuk eransteko. Izan daitezke arrautza azalak, kafea… Hau da, guretzat hondakin bihurtu eta dagoeneko etekinik ez duten ongarriak izan ohi dira.

«Nazioarteko bermea duen patente batekin babestu dugu material berri hau. ‘Kolagenozko kautxu termoplastikoa’ da, eta kautxuaren eta plastikoren pareko jokabidea du», azaldu du. Horregatik, hain zuzen, ere ireki ditzake aukera interesgarriak merkatuan, beste produktu batzuk ordezkatzea posible egin dezakeelako.

«Artileari dagokionez, zergatik da hain interesgarria produktu honen ekoizpen prozesuan?», galdegin diogu Ollokiegiri. «Artileak indar handia du, erresistentzia. Artileak, erabiltzen dugun behi azalak baino presio gehiago jasan dezake. Eta sortu dugun material berri honek, prozesuan ongarriak eransten zaizkion une horretan, ardi latxaren ilea onartzen du».

Artilearen erresistentziari esker, produktuak ere indartuta ateratzen dira. Haria aipatzen du Ollokiegik. «Orain arte lortu dugunak oso itxura ona dauka, baina egia da plastikozko hariak ordezkatzea lortzea ez dela gauza erraza izango. Arrantzarako baliatzen den pita kasu. Gure materialak ez du nailonak duen indarra, sekulako gaitasuna baitauka, baina bai ordezka ditzake baratze, negutegi eta beste landa esplotazio batzuetan erabiltzen direnak. Tomateentzat, adibidez». Almeriako negutegiak aipatzen ditu aukera interesgarri bezala.

Abantaila nagusia biodegradagarria izatean datza. «Imajina dezagun tomate plantazio bat. Tomate bakoitza soka banarekin eutsi badugu, uzta amaitu eta guztia jaso behar denean, hurrengo denboraldiari begira lursaila prest uzteko, ez dugu landarea eta plastikozko soka banan-banan banatzen aritu beharko. Dena kolpez garbitu daiteke, soka ez baita hondakina izango».

Ollokiegiren datuen arabera, EAEn urtean 700 tona artile sortu eta botatzen dira. Nafarroan «are gehiago», dio, «Ipar Euskal Herrian bezalaxe». Eta zenbakiak gutxi gorabehera eginak dituzte: sortuko luketen soka tonako tona erdi artile erabiliko lukete. «2.000 eta 3.000 soka tona artean ekoitziko bagenitu, urtean EAEn botatzen den artile guztia aprobetxatuko genuke».

Oso irteera «interesagarria» izango litzateke, lehenik eta behin, artzainentzat. Probak egitea da kontua. Eta horretan ari direla, behiek apoak zauritzen dituztenean babestu eta sendatzeko pieza bereziekin saiakerak egiten ere ari dira. Animaliek asko sufritzen dute zauriokin, infekzio iturri direlako. «PVC edo egurrezkoak izan ohi dira, artifizialak. Kolagenoz egindakoak animaliarentzat xamurragoak izateaz gainera, naturalagoak lirateke eta biodegradagarriak».

Artile biltegia ireki dute Beasainen

Behin-behinean soilik irekita egongo bada ere, Goierrik martxan du dagoeneko ardi latxa artilea jasotzeko biltegia. «Artilea latxa arrazako gure artaldeei lotutako produktua izan da betidanik eta era batera edo bestera erabili eta saldu izan da beti. Gaur egun, ordea, oso zaila da artilea erosiko duenik topatzea. Dena dela, sektorea artilearekin Ikerketa eta Garapeneko proiektu desberdinak aurrera eramaten ari da uneotan», azaldu du Goimen Goierriko landa garapenerako elkarteak.

Bilgunean artilea soilik utz daiteke, ontziratu edo lotu gabe, hau da, zakutan sartu edo sokaz lotu gabe, prozesatzea zaila delako bestela. Bildutakoa, konposta egiteko erabiliko da. Artilea irailaren 15era arte utz daiteke soilik; ondoren, bilgunea kendu egingo dute. Bilgunea Beasaingo Salbatore auzoan, Iturralde-txikiko industrialdeko zelai batean, kokatu dute.

Diru iturri izatetik ardiaren ilearen kudeaketa gastu izatera pasa da artzainentzat. Irteera jasangarria bilatzea da helburua, baita ekonomikoki ere, etorkizuna bermatzeko

Momentuz lortu duten soka biodegradagarriak erresistentzia handia du ardi latxaren ilearen propietateei esker, tartean keratina. Negutegi, lorategi zein baratzetan erabil liteke