Mikel Zubimendi Berastegi
ARETHA FRANKLIN

Argia pasatzen uzteko zeruak ireki zituen emakume natural-naturala

Historiaren panteoira igo berri da Aretha Franklin abeslari afroamerikar ezaguna. Eta atsekabetuentzat irakasgai, bidaia hori bizitzan zen bezala egin du: emakume boteretsu gisa. Zalantzarik ez izan, botere horren irismen artistiko, politiko, espiritualak betiko harrapatuko gaitu.

Aretha Louise Franklin 1942. urteko martxoaren 25an jaio zen Mississippiko erriberako Memphis hirian (Tennessee), eta iragan abuztuaren 16an hil zen bere etxean, Detroiten, 76 urte zituela, pankreako minbiziak jota. Mundu osoko irratiek egunak eta asteak eman dituzte bere kantuak jartzen, haren presentzia atrapatzeko, betikotzeko. Kantari handi eta boteretsua zen, sinestun amorratuena berrerosi ezin daitekeen ateo bihurtzen zuena bere erregistro zabal, sentikor, beltz eta ebanjelikoekin. Beste inork ez bezala kantatu zuen bluesa, aingeru baten pare gospela, eta soulari estilo errepikaezin, dotore, aiurri, fededun eta profanoa eman zion.

Aretha Franklinen ahotsa purua zen, mingarria. Ameriketako Estatu Batuetako historiaren eta bizipenen, afroamerikarren existentzialismoaren eta esperientzia kolektiboaren, bere bizitza propioaren adierazpen ahaztezina zen. “Soularen Erregina” deitu zuten, negar egin behar denean barre egiten ez zekielako, malkoak ez zituelako ezkutatzen, sekula faltsu, beti egiazko zelako. Eta bai, otoitza, maitasuna, desira, poza, desesperantza, estasia, feminismoa, Black Power edo Botere Beltza… berarekin alderatuz gero, artista gutxik eman dute bere denboraren lekukotza modu sakon eta ederragoan.

Kantuak bizitzaz bete

Hunkitzen zuen artista zen, musika herrikoiaren titana, diva paregabea. Jendearen emozioak kolpatu baino askoz ere gehiago egiten zuen, bere adierazmen gaitasunarekin, transmititzen zuen ziurtasunarekin –imitatzaile txarrek ahots bolumenarekin nahasten dutena– ez zituelako soilik kantuak interpretatzen: bizitzaz betetzen zituen.

Memphisen, gospelaren eta bluesaren sehaskan, sei urte bete arte bizi izan zen. Gero, aita, lau anai-arreba eta amonarekin Detroitera jo zuen, amak, Barbarak, piano-jotzaile eta kantaria, etxetik ihes egin ostean senarraren jipoietatik eta poligamiarako joera nabarmenetik ihesi. Clarence LaVaughn Franklin artzain baptistaren alaba zen Aretha. Aita Detroiteko sermolari beltz ospatuena zuen, bere eliza afroamerikarrarentzat habi kultural eta erlijiosoa izan zen. Karismatikoa zen oso Aretharen aita, popularra, bere sermoiak milioika pertsonengana iristen ziren irratiz. Batzuetan, baina, gizon krudela ere bazen.

Aretharen aitak familiaren etxea lagun musikariekin betetzen zuen (Duke Ellington, Della Reese, Nat Cole, Mahalia Jackson…), baita Martin Luther King eta Jesse Jackson bezalako eskubide zibilen aldeko ekintzaile ezagun askorekin ere. Hortaz, otoitz, aldarrikapen eta musika giro betean hazi zen Aretha. Hori bai, amorruz beteriko mehatxuzko hodeiak ere ez zituen faltan izan alboan.

Gurasoen jokabideak Aretharen inozentzia arantzez bete zuen, eta, haurra zenetik, musikan topatu zituen sosegua eta bakea. Zazpi urterekin pianoa, bolizko eta ebanozko erraldoi hori, bezatu zuen. Bere ahotsaren atzean pianoa jotzean, moldaketak egiterakoan, inteligentzia musikal itzela zuen, prodijio hutsa zen. Indarrez eta historiaz beteriko ahotsa zuen.

Detroiteko New Bethel eliza baptistan formatu eta findua, aita pulpituaren errege zen bitartean gospelaren erritmo eta kadentziak barneratu zituen Arethak, tenplua eta familiako etxea bisitatzen zuten musikari beltzen magia bereganatuz. Familiako lagunen sen politikoa ere barneratu eta oinordetzan jaso zuen: beti izan zituen bidaide damurik gabeko harrotasun afroamerikarra eta militantearen duintasuna. Berezko zuen talentua beltzen askatasunaren aldeko kausa bultzatzeko baliatzeko ausardia ere ez zuen faltan izan.

Ama, emazte, ekintzaile, diva

Amatasuna oso goiz ezagutu zuen ama, emaztea, ekintzailea, piano jotzailea, musikaren titana… izan zen. Lehen semea, Clarence, 12 urte zituenean izan zuen, eta, bigarrena, Edward, 14 urterekin. Beste bi ume gehiago izan zituen gero, eta bi aldiz ezkondu zen.

Errege, estatuburu eta presidenteentzat kantatu zuen, eta, beti, berdinetik berdinera tratatu zituen denak. Nazioarteko izarra zen, dena zuen alde: kritikaren txalo-jotzea eta arrakasta komertziala. Eta famaren tontorrean zela, Angela Davis ekintzaile afroamerikarra defendatzeko ez zuen sekula ere aitzakiarik jarri. Bi urteko diferentziarekin jaiotakoak biak, Angela Davis eta Aretha Franklin, biak izan dira indartsuak, distiratsuak, engaiatuak, beren belaunaldiko emakume beltzen edertasun desafiatzailearen ikur. Davis ekintzailea publikoki defendatzerakoan, Franklinek ez zuen sekula entzuleak galtzeko beldurrik izan, ez zuen pentsatu jarrera hark ateak itxiko ote zizkion. Bizi zuen denborari abesten ziolako, integritate pertsonala oinarri. Horixe baita Aretharen ahotsean entzuten duguna: egia. Espiritualtasuna, lurrean sufritzen dutenen garrasiaren hotsa, bluesaren aienea, gospela oihu ozen bihurtuta, jazzaren bat-batekotasuna. Aretha ez zen sekula lotsatia edo eratsua izan. Guztiz sentsuala zen, espiritualki transzendentala.

Erraietako fede fisikoa

Aretharen kantaera oso-oso berezia zen. Ahotsa erregistro altuetara erraztasun ikaragarriz eramaten zuen, eta, trebetasun berarekin eraman zezakeen baxuenetara ere. Bere adierazkortasuna ez zen ez eztia ezta biolentoa ere, sendoa eta segurua zen, erraietakoa, fede fisikoaren lekukotza. Xarma monumentala zuen, erakargarritasun partikularra.

Emakume naturala zen. Jainkoa ezagutzen zuen eta baita irrika erotikoa ere. Biak batera besarkatu zituen, gose espirituala eta behar sexuala, bietan jarrai. Sinismen erlijioso sendoak gorabehera, nahi artistikoak betetzeko gospel musika espirituala moldatzeko bide sakon partikularra asmatu zuen, aurrez inongo kantarik asmatu gabea.

AEBetako beltzen tradizio musikala irentsia zuen, elizako kantari izatetik baladak kantatzera pasatu zen, soularen historiaren kantari onena izatera iristeraino. Erregina zen, subiranoa, eskola zaharrekoentzat heresia zirudiena egitera ausartu zen bide-erakuslea. Soulari sexu desira injektatu zion, eta, horrela jokatuz, Madonna edo Beyonceren aitzindari izan zen. Bera izan baitzen aurrena gospelaren kadentzia eta larrua jotzen ari diren amoranteena lotzen, sakratua haragi bihurtzen eta sexua espiritual, biak eskuz esku.

Feminismo globalaren ereserki

Aretharen harribitxi musikal asko daude, eternitatea lortu duten kantu pila bat utzi dizkigu. “A Natural Woman” edo “Chain of Fools”, esaterako. Baina, bere kantu gogoangarrien artean, ez da egongo berarekin estuago lotua den abestirik “Respect” ezaguna baino –jatorrian Ottis Redding maisuak idatzitakoa, gizon batek emazteari errespetua eskatzeko–. Arethak zentzuz aldatu zuenean, emakumeak gizonari errespetua eskatzeko, askatasunaren aldeko ereserki bilakatu zen: letraz letra kantatzen zuen “R-e-s-p-e-c-t” aldarrikapen feminista global bilakatu zen. Lizunkeria nabarmenez korapilatutako duintasunaren aldeko aldarri. Izan ere, ekintza politikora deitzen duten kantuak daude. Amodiozko kantuak daude. Kantu sexualak ere bai. Baina ez daude hiru elementuok uztartzen dituen “Respect” bezalako kantu asko. Kantuaren espirituak natural egin zuen bat bere garaiarekin, neskek ahotsak altxatu zuten garai batekin, minigonak janzten eta antisorgailuak erabiltzen hasiz.

Historiaren panteoira igarotzen ikusi dugu Aretha. Eta hil ostean ere atsekabetuak gidatzen jarraitzen du, emakume indartsu, boteretsu gisa. Botere horren tamaina artistiko, politiko, espiritualak hatz erakuslearekin seinalatzen gaitu. Aretharen ahots miresgarriak eztarrian ezkutatua zuen zer mistiko, aingerutar eta profanoa erakusten digu. Azken finean, bere ahotsak, melodiarekin jokatzeko maisutasunak, Aretha nor zen eta gu nor garen iradokitzen digu. Zabalagoa den zerbaiten, joan-etorri baten parte gisa.

Espirituz, eskuzabal

Graziaz beterikoa zen Aretha. Dena ematen zuen mikrofonoaren aurrean, eta, hala, musikaren tontorrera iritsi diren gutxi horiekin bat egin zuen. Emakumea eta beltza izanik, eta harro zoragarri aldarrikatzeagatik, borroka bikoitza izan zuen gainera. Bere ahots sinestezinak, interpretaziorako indarrak eta bizi izan zituen garaien berotasunak, baina, mitoa eraiki dute, behin betiko. Respect Aretha Franklin, betiko argia zuri.

Aurrerantzean, beti eta betiko inspiratuko gaitu Arethak, ordezkatu zuen, ordezkatzen duen eta ordezkatuko duen horregatik guztiagatik: egiazko artista baten ausardia eta hauskortasuna, ekintzaletasun nekaezina, emakume beltzen edertasun definiezina, neurririk gabeko adorea eta bihotza, bi hitzetan, espirituaren eskuzabaltasuna.