Mikel Zubimendi Berastegi
GENOZIDIO EZKUTUA AUZIPEAN

Txagos: inperio angloestatubatuarraren garbiketa etnikoa epaitzen ari dira Hagan

Tortura, deportazioak, garbiketa etnikoa… munduan gutxien ezagutzen den genozidioa Nazioarteko Justizia Auzitegira iritsi da, eta txagostarrek pairatutako krimena epaitzen ari dira Hagan. Txagos uhartedia lapurtu zioten Maurizio eta Britainia Handia metropoli ohia aurrez aurre dira, tartean Diego Garcia AEBek munduan duten base militar handienetarikoaren etorkizuna jokoan dela.

Txagos uhartedia, Indiako Ozeanoko zazpi atoloik osatutako artxipelago ederra, hondartzez eta palmondoz beteriko 60 uharte tropikal eguzkitsuk osatzen dute. Duela mende erditik, baina, bertako herritarrek sorterrira itzultzeko eskubidea ukatuta dute. Txagostarren historia beldurgarria da: bortxaz kanporatuak, gezurrekin engainatuak, traizionatuak eta pobrezia makurrenera kondenatuak izan dira.

Txagostarren estutasun eta nekeak 1965ean hasi ziren, gobernu britainiarrak kolonia ohia zuen Mauriziori hiru milioi liberen truke Txagos erostean. Mauriziori errepublika independente bilakatu baino hiru urte lehenago ebatsi zioten bere lurraldearen puska handi hori, mehatxu bidez: «Independentzia Txagos barik ala gerra Txagos galtzeko».

Arma nuklearren truke

Aurrerantzean, Indiako Ozeanoko Britainiar Lurraldea bilakatu zen artxipelagoa, eta, 1966an, britainiarrek Ameriketako Estatu Batuekin egindako akordio bati esker, bertako uharte handienean, Diego Garcia uhartean, eskualdeko AEBen lehen base militarra eraiki zen. Diego Garcia 50 urterako alokatu zuten estatubatuarrek, alokairua beste hogei urtez luzatzeko aukerarekin; trukean, britaniarrek arma nuklear estatubatuarrak erosteko beherapenak lortu zituzten. Hots, giza eskubideak arma nuklearren truke, txagostarren geroa idatzita utziz.

Zituzten helburuak bete ahal izateko, kolonizatzaileek, orduko kablegramek jasotzen duten bezala, «txoriekin batera, jatorri iluna duten bertako ‘tarzanak’ eta ‘Man Friday’-ak ere [Daniel Defoeren eleberrian Robinson Crusoek bere zerbitzari indigenari jarri zion izena gogoan] kanporatu behar» izan zituzten. Hala, belaunaldiz belaunaldi uhartean bizitako 2.000 pertsonako populazioa kanporatu egin zuten britainiarrek, historia modernoko garbiketa etnikoko krimen nabarmenetarikoa burutuz: sorterria uzten ez bazuten tirokatu edo bonbardatu egingo zituztela esan zieten herritarrei eta ia mila txagostar nabe batean giltzapetu eta gaseztatu egin zituzten. Hainbat herritar opor edo mediku tratamenduen aitzakian ere kanporatu zituzten, eta ostean ez dute sekula uhartera itzultzerik izan. Sorterria uzteari uko egin ziotenek, berriz, janari eta medikamendu gabe nola utzi zituzten ikusi zuten; hornikuntza itsasontziak uhartean porturatzeari utzi zioten. Azkenerako, 1973rako, txagostar denak kanporatu zituzten bertatik.

Seychelleetara eta Maurizio uhartera jo zuten kanporatuek. Bertako populazioaren ongi etorririk gabe, pobre eta etxegabe, txagostarrek ez zuten inolako konpentsaziorik jaso; gosez eta gaixotasunen ondorioz hil ziren asko, beste asko, sorterri zuten paradisura ezin itzulita, herriminez, suizidatu egin ziren. Egun, 8.000 txagostar bizi dira Maurizion, txirotasun gorrienean, beren sorterrira ezin itzulita, euren etxea “terrorismoaren aurkako gerra” globalean base militarrik nabarmenena bilakatu dela ikusiz.

Bai munduko petrolio esportagarriaren bi herenak dituen Ekialde Hurbilaren garrantzia estrategikoaren ondorioz bai Gerra Hotzean Sobietar Batasunari aurre egiteko abiatutako itsas armada hedatzeko estrategiaren ondorioz, Diego Garcia uharteko base militarra ezinbesteko bilakatu da AEBentzat. Bertatik bonbardatu dituzte Irak, Afganistan eta abarrak, bertan atxiki dituzte preso CIAk mundu osoan klandestinoki ehizatutako “susmagarri islamista” asko eta asko. Gaur egun, arma nuklearrekin aritzen diren hegazkinen baseaz eta 30 gerraontzi atrakatzeko portuaz gain, espioitzarako satelite-basea eta zabortegi nuklear bat ere badira bertan.

Nork nahi du kolonia izan?

Britainiarrek diote Txagos soil-soilik defentsa asmoetarako erabiltzen dela. Errealitatea, baina, oso bestelakoa da. Txagostarrek sarri eraman dute beren egoera auzitegietara. 2000. urtean Britainia Handiko Auzitegi Gorenak itzulerarako beren eskubidea aitortu zuen, baina, Gobernuak, monarkiaren eskumen arkaiko batzuk erabiliz, hutsean utzi zuen erabakia. 2007. urtean erabaki hori bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak, baina Gobernuak atzera bota zuen erabaki hori ere inork aukeratzen ez dituen Lorden Ganbera baliatuta. Azkenik, Nazio Batuen Erakundera iritsi zen txagostarren kasua, eta, ekainean, 94 herrialderen babesarekin (15 herrialdek bozkatu zuten aurka), auzia Nazioarteko Justizia Auzitegira bideratzea erabaki zen, Hagan egoitza duen Nazio Batuen Auzitegi Gorenera.

Joan den astean 22 herrialdetako ordezkariek osatzen duten epaimahaiak aztertu zuen auzia, historia kolonial latz hau, txagostarrak sorterrira itzultzeko duten eskubidearen aldeko eskaera kolektiboa. Afrikako eta Asiako herrialdeek, tartean Indiak, bat egiten dute txagostarren eskaerarekin. Eta, paradoxikoki, Brexitaren osteko ironia, Europako herrialde handiak ere (Frantzia, Alemania eta Italia) ez dira britainiarrekin lerrokatu.

Auzitegiaren epaia loteslea ez den arren, esanahi moral, politiko eta diplomatiko handia du. Zehazki, bi gairen inguruan espero da epaia. Lehena, ea Maurizioren deskolonizazioa legalki egin zen, hau da, Nazio Batuen 1954. ebazpena errespetatu zen edo ez –independentziaren atarian zeuden kolonien lurraldea ezin zitekeela hautsi dio–. Bigarrena, ea Mauriziok herritarrok beren jatorrizko lurraldera eramateko eskubidea duen edo ez.

Ez dago munduan kolonia izatea desiratzen duen herririk. Hipotesi soilak, hotzikara sortzen du, sentimenduak sutzen ditu. Eta kuriosoa da auzia: Britainia Handian bertan asko dira, berriki Boris Johnson Kanpo Harremanetarako ministro ohiak bere dimisio gutunean esan bezala, Brexit gogor bat gabe, Britainia Handia «Europar Batasuneko kolonia» bilaka daitekeela diotenak. Kuriosoa, bai: Britainiar Handiak ez du kolonia izan nahi, baino Maurizioren kolonizatzaile izan nahi du, txagostarrak su txikian historiatik ezabatzea.

Britainia Handiak proposatu berri du «oinordetza bisitak» ordaintzea, hau da, txagostarrei sorterrira itzultzeko eskubide mugatua aitortzea, jaio ziren etxeetara ordu batzuetako bisitak egitea baimentzea. Txagostarrek, baina, argi dute: autodeterminazio eskubidea ez da “herentzia” auzi bat. Ozen diote jada ez gaudela XIX. mende amaierako edo XX. mende hasierako Afrikan. Ez. 2018ko irailean gaude.