Mikel Zubimendi Berastegi
MAIEN «TRONUEN JOKOA»

Estrategiarako sen handiz, azti jokatuz, gailendu zen Sugearen Erreinua

Guatemala iparraldeko La Corona oihanean aurkitutako aldare maia batek argia ekarri du zibilizazio haren misterioetara. Bere hieroglifiko eta idatziek erakusten dutenez, aliantzak josten zituzten erreinuen artean, sarri azpijokoak eginez eta komenentziazko ezkontzak hitzartuz lurraldeak konkistatu eta boterea eskuratzeko. Hala egin zuen Kaanul dinastiak edo Sugearen Erreinuak.

Sinopsia: «Errege maia batek, maniobra politiko konplexuen bitartez, besteen kultur eta erlijio adierazpenez jabetuta, ezkontzak estrategia tresna bezala erabiliz, bere kontrolpean jartzen ditu inguruko herrixka eta hiri txikiak. Guztiokin indarrak batuz, sugeak egiten duen bezala, etsaiak asfixiatzen ditu, denak azpiratzeraino». Istorio eta azpijoko horien guztien sinopsia ikusita, badirudi “Tronuen Jokoa” telesail ezagunaz ari garela. Baina, egiazki, Guatemala iparraldeko La Corona oihanean, Belize eta Mexikorekin muga egiten duen Peten eskualdean, aurkitutako maien aldare bateko hieroglifikoen tailla eta idazkiak dira, Sugearen Erreinuari buruzkoak.

Maien inperioa eta zibilizazioa gaur egungo Guatemalako baso tropikalen beheko lurretan kokatu zen. Bere botere eta eraginaren gailurra Kristo ondorengo VI. mendean iritsi zen. Maiak nekazaritzan, zeramikan, idazkera hieroglifikoan, egutegiak egiten eta matematikan nabarmendu ziren. Arkitektura monumental ikusgarria eta artelan sinboliko ugari ere utzi zituzten. Hala ere, Kristo ondorengo 900. urtean, bat-batean, harrizko hiri eta tenpluak egiteari utzi zioten, eta, oraindik ere, adituek eztabaidatzen jarraitzen dute ea zer gertatu zen, zergatik kolapsatu eta itzali zen Maien Inperioa.

Bada, aurkitu berri duten eta lehen aldiz publikoki erakutsia duten 1,46 metroko garaiera eta 1,2 metroko zabalera dituen kareharrizko harlauza batek argia ekarri du misterio hori argitzeko ahaleginean. Aldarea erraz asko datatu ahal izan dute: Kristo ondorengo 544. urteko maiatzaren 12koa da –maien hieroglifiko baten inskripzioa du–. Data horrek La Coronako subirano Chak Took Ich’aak erregearen agintepean kokatzen du istorioa. Eta hor hasten dira, halaber, “Tronuen Jokoa”, George R.R. Martinen eleberri fantastikoaren adaptazioa den telesailarekin konparazioak.

Inoizko obra ilun eta polemikoenetarikotzat hartzen den “Tronuek Jokoa” telesailak, Burdinaren Tronua konkistatzeko familia ezberdinen arteko borrokak kontatzen dizkigu. Zazpi urteren ondoren, 2019rako espero da beronen amaiera. Bada, hizpide dugun aldareak, maien inguruko ezagutzaren hutsune asko bete eta jakintzaren puzzlea osatzen lagundu duenak, antzeko borroken berri ematen digu.

Mesoamerikako potentzia

Aldarearen aurkikuntzak orain artean ezezaguna zen La Coronako errege bat identifikatzea ahalbidetu du, Kaanul erreinuko hiriburua zen Dzibancherekin lotura politiko estuak zituenak, baita ondoko El Peru-Waka hiriarekin ere. Zehazki, Chak Took Ich’aak du grazia erregeak.

Aurkitutako aldareak bi buru dituen sugea, La Coronako bi jainko patroien irudikapena, oratzen erakusten du Chak Took Ich’aak erregea. Hieroglifiko eta irudiok egin aurretik erregeak El Peru-Waka hiriaren gaineko agintea zuela ere erakusten du. Zehazki, hiri horrek La Coronarekin bat egin zuen, bien artean Kaanul dinastia osatzeko, popularragoa den izenaz ezagutzen dena: Sugearen Erreinua.

Chak Took Ich’aak buru zuen Sugearen Erreinuren etsaietan amorratuena Tikal Erreinua zuen. Bada, Tikal Erreinuaren tenplu eta dorre ikusgarriak oraindik ere zutik mantentzen dira gaur egun Erdialdeko Amerikako oihanetan. Chak Took Ich’aak erregeak, baina, aurre egin zion, horretarako estrategia bikaina baliatuz: hiri txikiagoekin aliantzak josten maisu izan zen, eta, apurka-apurka, pazientzia handiz, Sugearen Erreinua Mesoamerikako potentzia bilakatzea lortu zuen. Eta helburu horri begira egin zituen akordio ezberdinen lekuko, aldarean bertan Sugearen Erreinuko printzesaren eta La Coronako Erregearen arteko ezkontzaren irudia jasotzen da.

Sugearen Erreinuak 562. urtean garaitu zuen Tikal Erreinua, eta, ia bi mendez, maiak nagusi ziren lur eremu oso handi batean agindu zuen. Bere izenak jakitera ematen duen legez jokatu zuen Sugearen Erreinuak: apurka-apurka bere etsaia zen Tikal Erreinua asfixiatu zuen.

Badaude, beraz, badaudenez, Sugearen Erreinuaren eta “Tronuen Jokoa” telesaileko Zazpi Erreinuen sorreraren artean antzekotasunak. Baina aldareak ez digu deskribatzen maien kulturarekin eta zibilizazioarekin zer gertatu zen, ez digu argitzen hurrengo kapitulurik. Horrenbestez, aurkikuntza honekin datu berriak bildu diren arren, maien zibilizazioaren gainbeheraren eta desagerpenaren inguruko misterioek bere horretan segituko dute. Hori bai, ondoren gertatutakoaz badago informazio apur bat, aldarean estrategia politikoak nola josten ziren ikusita, asko ikasten baita garai hartako politikaren eta lurraldea irabazteko borroken inguruan.

Estrategiarako sen handia

Aldareak antzinako intriga bat argitzen laguntzen digu: maien erreinuen arteko gerretako garaipenak ez ziren beti konkista militarren eskutik etortzen, ez zegoen beti sarraskia eta gerra konkisten atzean. Hala, orain badakigu aldaketa ez zela beti egun jakin batean borroka-zelaian lortutako garaipen baten eskutik etortzen. Politikaren artea ezagutzen zuten, azpijokoak, azti jokatzea ez zuten arrotz: estrategiarako sen handia zuten maien buruzagiek.

Hamarkadetan zehar landutako aliantza eta joko politikoekin, beste herrien kulturak bereganatzen eta lurraldeak konkistatzen bazekiten maien erregeek. Loturak estutuz, komenentziazko ezkontzekin, aliantzak formalizatzen zituzten hiri txikiekin, tokian tokiko jainkoak bereganatuz eta gurtuz. Bestela, bide militar hutsekin, ezinezkoa litzateke La Corona bezalako erreinu batek El Peru-Waka konkistatzea. Azken hori askoz ere boteretsuagoa baitzen militarki. Beste hitz batzuekin esanda: gerra batean Kubak Ameriketako Estatu Batuak garaitzea bezalakoa litzateke, Sobietar Batasunaren laguntzarik gabe, guztiz ezinezkoa.

Beraz, nola konkistatzen da Tikal bezalako maien hiri-estatu indartsu bat? Dinastia politiko bat landuz eta osatuz, inguruko hiri txikiagoekin aliantzak josiz, eta, poliki-poliki, garai hartan ia zerurainoko dorre eta tenpluak zituen hiri-estatu boteretsua inguratuz. Unea heltzen denean, sugeak egiten duen bezala, denak batera joaz harrapakina itotzeko. Azkenean, Kaanul dinastia edo Sugearen Erreinua Mesoamerikako jaun eta jabe bihurtzeko. Ez da telesail baten gidoia, maien hieroglifikoek kontatzen dutena baizik.