Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Euskal lurraldea

Galdeketa bat. «Euskal lurraldea» hitzak ahoratu, eta zer datorkizu gogora? Hitzon soinua non lekutzen zaizu, buruan ala gorputzean? Irudi jakin batera bidaiatzen al duzu? Horrela egin baduzu, lurralde hori erreala da edo espazio idiliko bat irudikatu duzu? Edo kontzeptu abstraktuak ekarri dituzu burura? Pertsonen aurpegiak gorpuztu dituzu? Orainean ala iraganean kokatu duzu? Bi hitzon arteko konbinaketan eta lehian, zerk irabazi du zure ulermenean, “euskal” hitzaren euskalduntasunaren identitate zentzuak ala “lurralde” hitzaren fisikotasunak? Joera identitarioarekin bat egin baduzu, “vasca” izeneko tipografiarekin idatzita irudikatu ote duzu? Gorria, zuria eta berdearekin zipriztindutako kontzeptua iruditu zaizu? Maila sinbolikoarekin zerikusian txertatu baduzu, euskal ikonografia zabalari lotzeko gaitasuna izan lezakeela uste duzu?

Proba bat. Interneteko euskara-ingelesa itzultzailean “euskal lurraldea” tekleatu eta “basque country” emaitza irakurtzen dugu. Jakin badakigun arren, ez duela adiera horrekin zerikusirik, aplikazioa “Euskal Herria” izenarekin nahastu baita. Deigarria izan daiteke, gainera, “basque country” irakurritakoan hitzen soinua ez zaigula arrotza egin, ez jakintza anglosaxoiaren barneraketa poliglota dugulako, baizik eta “basque country” euskal gobernuak lurralde-marka gisa erabiltzen duelako –“i am basque” lema jeltzalearen bertsio gaurkotua–. Ildo beretik, euskal turismo agentziak “basquetour” du izena, hortaz, gure gorputzean “basque” hitza etxeko gertatuko zaigu seguru. “Euskal lurralde” hitzek, berriz, oraindik ere ez dute konnotazio merkantilistarik, branding egiteko “libre” dagoen izen horietarikoa da, eta izenaren funtzio sinbolikoa ez da kapturatua, bereganatua izan. Horregatik, “euskal lurraldea” hitz binomioa, baliagarria zaigu esanahiak eta iruditeriak eraikitzeko.

Gogoeta bat. Euskal lurraldea irudi askok osatzen dutela bistakoa den gauza da. Ez dago, hortaz, irudi bateratzailerik, ez eta lurralde zati bat bestea baino esanguratsuagoa denik ere. Euskal lurraldea collage moduan aurkeztu beharko litzateke, kostaldea, mendikatea eta lautadak, hiri eta herri bizitokiekin, industriala eta landatarra; lurraldearen askotariko bizi esperientzia kontraesankorrei erreferentzia eginez. Hitzei batzuetan egokitu nahi diegun helburu handientsua baztertzera garamatza, ez baitu adostasun bat bilatzen, baina, bai, ostera, amankomunaren joera. Dibertsitatean eta dinamikotasunean oinarritzean, akaso behin-behineko esanahiez jantzi eta atxikimendurik gabeko esangurekin eraiki beharko da euskal lurraldea. Ez da nolanahiko ariketa, identitatearekin loturiko adierak bahituak gelditzen direlako, hitzak estu bihurtzen ditugulako. •