Joana Garmendia

Gaur zortzi

Iam dreaming that I am awake». Horrela hasten da magalean daukadan nobelaren 19. kapitulua. Etorkizun distopiko bati buruz ari da nobela, baina ni iraganera eraman nau. Oso gogoan dut nola behin aitak esaldi horixe bera ekarri zigun, ganbarako eskaileretan behera. Gaztelaniaz esan zigun: «Hoy he soñado que estaba despierto». Bagenekien zer ari zitzaigun galdezka: nola esan hori euskaraz? Sarritan egiten zuen gauza bera: itzultzen ari zen lanean korapiloren bat ezin askatu geratzen zenean, bizkor jaisten zituen eskailerak, guri galdetzeko. Egun hartan ama eta biok aurkitu gintuen egongelan.

Orduko hark ez zirudien zailegia, ez zen esaldi aldrebesa, edo hitz potoloz jantzia, beste batzuetan ohi zuen gisan. «Gaur esna nengoela egin dut amets». Ahoz gora esatearekin batera ikusi genion korapiloa. Ez, ez zuen balio, esaldia nahasgarria zen: esan nahi zezakeen esna egonda aritu nintzela ametsetan. Zer egin dudan amets, eta nola egin dudan amets, biak bat izan daitezke euskaraz esandakoan. Inoiz horretaz jabetzekoak geunden.

Joan den astean berdin gertatu zaigu lanean. Lankidea artikulu tekniko bat itzultzen ari zen, eta hantxe zeukan zain korapiloa: «The least singular concept». Alegia, «el concepto menos singular». Eskailerak jaitsi beharrik gabe etorri zitzaigun bulegora: nola esaten dugu euskaraz hori?

Saski bateko sagarren artean bat izango da gorriena, baina izango da beste bat... gainerako guztiak hura baino gorriago direna. Gorrien artean, gutxien dena gorria. Eta ez genekien nola esan sagar horri euskaraz. Harrituta geratu ginen gure hizkuntzaren hutsune txiki hori aurkituta. Nola ez gara sekula jabetu? Nola ez gara behin baino gehiagotan geratu hori esan nahi eta ezinda?

Elkarrizketa naturalean, komunikazio-egoera arruntetan, beste bide batetik joko genuke euskaraz horrelakoak esateko. Saski batean sagar bat izango da gorriena eta beste bat, seguru asko, berdeena, edo horiena, edo gorritzeko gehien falta zaiona. Ez dugu faltan sumatuko gorritasun gutxien duena dela esateko beste modu erdaldun hori, «la manzana menos roja». Halaber, ametsei buruz ari garenean, testuinguruak argituko digu bi aukeretatik zein den esan nahi duguna: gaur gauean amets betean aritu naiz, korrika nenbilela egin dut amets, eta baita esna nengoela ere; edo, bestela, gaur egun osoa eman dut burua beste nonbait nenbilkiela, oporretan pentsatzen, esna nengoela ametsetan.

Korapiloak, beste hizkuntza batetik zerbait zuzen-zuzen itzuli nahi dugunean sortzen zaizkigu. Orduan iruditzen zaigu aurkitu diogula hutsunerik gure hizkuntzari, gainerakoan fin-fin funtzionatzen digun horri. Ondotxo ezagutzen dugu irudipen hori elebidunok: nola da posible erdaldunek ez izatea hitzik “koxka” esateko? Edo nola bizi daitezke etxean “goxo” geratuko direla esan ezinda?

Beti harritu izan nau, horretaz ari garela, inguruan ditugun erdarek zein izen gutxi duten denbora-kontuez aritzeko. Euskararen aldean gutxi, esan nahi dut. Deskribatu egiten dituzte atzo baino lehen joan zen eguna, bihar eta gero etorriko dena, orain bizi dugun urtea eta honen aurretik iragan zena, eta berdin beste asko. Izenez deitzen diegu guk horiei denei euskaraz, bitan pentsatu gabe.

Hizkuntza bakoitzak ditu bere bereizgarriak, eta ez ote da hori izango bat euskararena. Ondotxo dakite hori astekari honi izena jarri ziotenek, bistan da. •