GAUR8

Euskararik gabeko bizitza

Monicak, 43 urteko bilbotarrak, Twitterreko hari batean kontatu du –@ilargiblue– euskararekin izan duen bizipena. «Bizitza erdia lapurtu didate euskara kendu didatenean», aitortu du.

Amona euskaldunak eta aitona espainolak zituela eta gurasoek erdarazko hezkuntza pribatuaren aldeko hautua egin zutela dio. «Haurra nintzela ez nintzen espainolarekin identifikatuta sentitzen, nahiz eta nire ama hizkuntza izan. Era berean, ez nuen ulertzen nolatan ez nekien ezer partekatzen nuen beste mundu horri buruz; ulertu ez arren oso nire sentitzen nuen mundu hori».

Euskaltegian hasi orduko etorri zen ezusteko ederra. «Euskara ulertzen hasi orduko kultura bat, izateko modu bat, mundu ikuskera bat deskubritu nituen, erabat nireak sentitzen nituenak. Euskarak, espero gabe, herri oso bat oparitu zidan! Euskara da euskaldun egiten gaituena».

Bilbotarraren hitzetan, euskarak eman diona sekulakoa da, «lan aukerak baino askoz gehiago». «Etengabeko ikaskuntza bat da, nire bizitzako esperientziarik onenetakoa».

Euskarara hurbildu ahala, gure herriaren historia lehen eskutik jasotzeko aukera izan duela nabarmentzen du, «inork itzulpena egin beharrik izan gabe».

«Ustez nire herriaz nekiena egia erdiak eta gezur osoak zirela deskubritu dut euskarari esker», aitortu du.

 

> Eraso sexista fisioterapeuta bati

Azkoitiko fisioterapeuta batek joan den astean bere kontsultan sufritutako eraso sexista salatu du sare sozialetan. Salaketaren arabera, gizonezko bezero bat sartu zen bere kontsultan eta ukituak egitera behartu nahi izan zuen. «Bulegoan sartu zenean, nigana gerturatzen hasi zen. Ni urrundu egin nintzen, ohatila prestatu behar nuela-eta. Sesioa nola joango zen azaldu eta kamiseta kentzeko eskatu nion. Bera, baina, erabat biluztu zen». Ukituak egin zizkiola eta hitzez ere eraso ziola salatu du emakumeak. Ertzaintzarengana jo zuen salaketa egitera, baina horrelako salaketek ez dutela aurrera egiten esan zioten. Horregatik erabili ditu sare sozialak.

 

> Txantxafabrika

Abuztu hasieratik, Donostiako Antigua auzoko Txantxarreka gaztetxea gune seguru bihurtu dute hirian dauden migratzaileentzat. Janaria, arropa edota euskara klaseak eskaintzen dizkiete bertan bat egin duten herritar eta elkarteek, Gurutze Gorriak eta Udalak hiru egunez hartu eta gero kalean uzten dituen migratzaileei.

Instituzioek etorkinak era egokian artatzeko eskatuz hainbat ekintza egin dituzte asteotan; prentsaurrekoak, elkarretaratzeak eta manifestazioak, besteak beste. Instituzioen jarreran aldaketarik ikusten ez dutenez, baina, protesta kanta hau egitea erabaki dute. Antiguo Rebolution Zaunk System taldeak, Donostiako Txantxarreka gaztetxeak eta bertatik igarotzen diren migratzaileek elkarlanean sortu dute “Txantxafabrika” protesta abestia.

 

> «Käffka», sexu-identitatea gelara

Nerabeak aniztasun afektibo-sexualean hezteko xedea du Kamikaz Kolektiboaren azken antzezlanak. Ikastetxeetan eta bestelako guneetan eskaini nahi dute, baina lana abian jartzeko diru beharrean dira. Hartara, antzezlana finantzatzeko, matchfunding bat abiatu dute. Hau da, crowdfunding bat, zeinean jendeak jartzen duena bezainbeste jarriko duen babesle instituzional batek, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura arloak. Hilabetez egin daitezke ekarpenak, honako bidean: goteo.cc/kaffkaeu.

Sexu aniztasuna eta lesbianismoa abiapuntu, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako antzezlana da “Käffka” eta Gehitu, Kamikaz Kolektiboa eta Ortzadar LGBTren artean martxan jarritako proiektua da. Kamikaz Kolektiboa antzerki-konpainiaren obra hau bost aktorek antzeztuko dute: Edurne Azkarate, Amaia Irazabal, Iraia Elias, Oier Guillan eta Mikel Ibargurenek.

 

> Aniztasun sexuala, hiru minutuan

Chrysallis elkarteak hiru minutuko bideo pedagogiko batean bildu ditu sexu aniztasuna ulertu ahal izateko zutabe zenbait.

«Zer da identitate sexuala? Ni zein naizen. Zer da orientazio sexuala? Zeinek erakartzen nauen. Zer da genero adierazpena? Nola agertzen naizen besteen aurrean».

Oso galdera interesgarriak jartzen ditu mahaiaren gainean bideoak, transexualitate egoeran dauden pertsonen sentipenak ulertzeko lagungarriak. Igarotze sozialaz ere mintzatzen da, jaiotzatik beste sexu bati lotu dituzten arren, beren identitate sozialarekin bat eginda bizitzeko hautua egiten duten une horretaz.