Pello Otxandiano

Zer, nola, zergatik

Eguneko notizien menpeko gara inoiz baino gehiago, berehalakotasunaren esklabo. Informazioaren abundantzia honetan zaila da inportantzia zeri eman erabakitzea, lehentasunak finkatzea, egiazkoa eta fake-a bereiztea. Iñaki Altuna hiperazelerazio eta post-truth garai honek kazetaritzari planteatzen dien erronkez mintzo zen orri hauetan duela bi aste; ez soilik kazetaritzari, baita eraldaketa prozesuek ezinbesteko duten ikuspegi estrategikoaren garapenari eta honek eskatzen duen analisi sakon eta pausatuari ere.

Hari honi tirako diot gaur eta asteari baino Euskal Herriari begiratuko diot zeharka, uste baitut eztabaida politikoan erdigunean beharko lukeen herri-diagnostikoa bazterrean uzten ari garela, hala ezintasun propioengatik nola, esan bezala, berehalakotasunaren esklabo bizi garelako; euskal oasizaleen meritu propioak ahaztu gabe, noski.

Herri honen oinarri materialak ahulak dira hainbat esparrutan. Kulturgintzari erreparatuz, adibidez, globalizazio kulturalaren garaian gaude, estaturik gabe. Euskal kulturaren transmisiorako ez dago bermatuta ekosistema bat. Datu soil bat: eskola publikoan erabiltzen diren testuliburuen %70 Madrilen ekoizten dira, Euskal Herriaren batere ikuspegirik gabe. Bestalde, gaur arteko euskalduntze prozesuaren topeak ikusten ari gara, euskararen etorkizuna bermatuta ez dagoelarik. Komunikazio sistema da beste adibide bat: ETBrena agortutako eredua da. Digitalizazioaren garaian erronka itzela da euskal komunikazio sistema bat eratzea. Unibertsitateaz ere hitz egin beharko litzateke, unibertsitate sistema autonomo bat garatzeko ezintasunak zer ondorio kaltegarri sortzen dituen.

Adibideekin jarraituz, garapen eredu propio baten oinarria izan behar duen industriaren erronkak handiak dira etorkizunari begira. Ez badago lidergo publiko inportante bat, ez badago ikuspegi autozentratu bat, eta etengabe ari bagara Espainiarekin konparatzen, Espainiakoaren geroz eta antz handiagoko ehun produktiboa izango dugu, eta Europako erregio sozialki aurreratuenen arrastoa galduko dugu. Eta lan-harremanen esparru propiorik ez izatearen ondorioez gehiago hitz egin beharko litzateke: Hegoaldeari dagokionez, gure lan-harreman eredua espainola da egitura produktiboa oso bestelakoa denean.

Adibide asko jar daitezke: gizarte dualizazioa, erronka demografikoa, sozioekologikoa, zaintza lanen prekarizazioa, hezkuntza sistemaren porrota, jatorri eta klase segregazioa gure herri eta auzoetan, eta abar. Jon Sarasuak esan zuen, duela zortzi urte inguru, kontua ez dela botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusten dugun, baizik eta botilak zuloa duela, ura galtzen ari dela. Euskarari buruz ari zen, baina uste dut metafora horrek balio duela herri honen garapenari lotutako esparru askotarako. Azken 60 urteotako herrigintza zikloan aktibatu diren eraldaketa prozesuen inertziak kudeatzen ari gara kasurik onenean, eta prozesu horietako asko agortu egin dira. Errentetatik bizi gara, eta herri honi erronka berriak eta inoizko konplexuenak aurkeztu zaizkio XXI. mende globalizatuan.

Ez da katastrofista jaiki naizela gaur. Uste dut badugula lana burujabetzaren diskurtsoa biziki indartzen duen Euskal Herriaren argazki hau urgaineratzen. Geroz eta agerikoagoa izango baita datozen urteetan herri eta gizarte gisa gure etorkizuna bermatzeko egitura burujabeak beharko ditugula, autonomismotik burujabetzarako jauzia egin beharko dugula. Baina horretarako burujabetzaren beharra ikusi eta sentitu egin behar dute gizarte-sektore zabalek. Burujabetza zer den eta nola lortzen ahal den azaltzeaz gain, burujabetza zergatik behar dugun gehiago eta hobeto azaldu beharko genuke. •