2018/10/06

Miren Azkarate Badiola
Aski da! Behingoz

Telebista piztu dut. Albistegien orduan lehen berriak horrela dio: «Gizon batek bere 3 eta 6 urteko alabak hil eta ondoren bere buruaz beste egin du». Bigarrenak horrela: «Gizon batek bere bikotekidea labankadaz hil du. Bereizten ari ziren». Eta hirugarrenak, berriz: «Emakume batek drogatu eta bortxatu egin dutela salatu du». Nahikoa da! Telebista itzali dut, hau ezin da jasan!

Nazka, amorrua, haserrea, aspergura… Noiz arte horrelako lerroburuak? Eta okerragoa dena, zein mailatara iritsiko da gure asimilazioa?

Hurrengo egunetan hortxe ikusiko ditugu elkarretaratzeak “Aski da!” lelopean. Beharrezkoak guztiak, baina tamalez ez dira nahikoa! Ez da nahikoa ardura politikoa duten horiek goizetan euren udaletxeko eskaileretan pankarta baten atzean protesta egite hutsa. Ez da nahikoa urtean bi kanpaina instituzional ateratzea kontzientzia lasai izateko.

Ardura duten horiek benetako borondatea erakusteko garaia da gai hau errotik alda dadin; hezkuntzara baliabide gehiago bideratuz –haur eta gazte guztiak hezkidetzan eta errespetuan hezteko–, kate publikoetako edukiak berrikusiz eta beste balio batzuk lantzen dituzten programak sustatuz, benetako sentsibilizazio kanpainak eginez, salatzen duten emakumeen beharrei erantzunez, emakumeon ahalduntzean inbertituz…

Erailketa hauek ez baitira lau gizon zororen kontua, gizarte oso baten arazoa baizik.

Emakume eta kazetari bezala, horrelako berriak entzuteari utzi nahi diot behingoz. Askatu pankartak eta hasi behingoz baliabideak jartzen beste emakume eta umerik akabatu aurretik. Aski da! Baita ezer ez egiteaz ere! •