2018/10/06

Santos Iñurrieta
pintorea
«Egiten dudana plazera da, eta barne borroka pertsonala, oso bitala»
Xabier Izaga Gonzalez
1006_inurrieta4

Baziren 10 urte inguru Gasteizen erakusketarik egiten ez zuela, joan den irailean Artium museoan “Ke usted lo pase bien” aurkeztu zuen arte. Orain, Zuloa liburu-dendan, Benito Herreruela eta Patxi Aldunaterekin batera, eta ZAS Espazioan “Suite Menut” eta “Kajika’s” inauguratu berri ditu. ZASen elkartu gara kafe baten bueltan.

Beti bezala, ezkor ageri da Gasteizko kultura kudeaketarekin. «Laguntzak aipatzen dituzunean, diruaz ari zarela ematen du, eta ez da hori. Askotan laguntza gauzak erraztea da; esate baterako, Udalak edo Aldundiak Holanda edo Belgikako udal batekin truke bat egin dezake, edo obra erakusten lagundu dezake, eta leku bateko artisten obra hor zehar zabaltzen baduzu, leku hori mapan kokatzen ari zara. Baina horrek ez die berehalako argazkia ematen».

Azken urteetan maiz ibili da Anberesen, hango galeria batekin. «Han beste tradizio bat eta beste hezkuntza bat dago».

Urte asko dituzu Gasteiztik kanpo.

Bai, 25 urte pasatu ditut Mallorcan. 92an joan nintzen. Atzo izan zela dirudi, neska batengatik.

Uste nuen Mediterraneoko argiagatik edo joan zinela. Ez dakit hori topikoegia den.

Ez, normalean neska bategatik egiten dituzu horrelako gauzak. Gaur egun nire andrea den neska zen. Bestalde, nire lana Gasteizen bezala Mallorcan ere egin nezakeen. Edonola ere, argiarena topikoa da, baina topiko erreala. Gertatzen da, ordea, ez duzula modu kontzientean sumatzen, gauza geldoagoa da, inkontzientekoa. Baina ez da gauza bera abendu, urtarril, otsail eta martxoan gris jaiki eta gris oheratu edo kristoren eguzkia dagoela jaikitzea, eta hori erretinan sartzen da, eta ez pintore batentzat bakarrik. Baina bai, pintore plastiko batek nabaritzen du. Bost urte igarota zeure lana ikusten duzu eta aldaketa nabaritzen duzu, koloreak beste era batera ateratzen dira.

Erakusketa asko egin dituzu hor zehar?

Bai. Hemen bizi nintzenean, ohikoa, euskal artistaren bira. Mallorcara joan nintzenean, Valentziako galeria batekin nenbilen eta behin Arcora joan ginen, sarritan Parisko grabatuaren feriara eta Estatuan zehar erakusketa pila bat egin nuen. Haien bidez harremanetan jarri nintzen Anberesko galeriarekin. Horiekin Anberesen eta Amsterdamen erakutsi izan dut batez ere. Parisen ere antolatu zidaten erakusketa bat. Eta taldeko erakusketak askoz ere leku gehiagotan izan ditugu, munduan zehar. Eta besterik ez. Tira, nahikoa.

Obra handia duzu. Inoiz esan dute erraztasun handia duzula marrazteko eta margotzeko... Lan ordu asko ere bai, ezta?

Bai, jakina. Nik, alde batetik, honetan bete-betean jarduteko «suertea» daukat. Ni honetatik bizi naiz, baina ondoan lan finko bat duen neska bat daukat, eta hari esker jarduten dut honetan, ez baitakizu hau noiz aterako den eta noiz ez. Daukadan zortea da umetatik gogokoen dudana egin ahal izatea, eta eguna tailerrean ematea. Jakina ordu asko direla, denak. Ohera joan eta hasita utzi duzunari segida nola eman pentsatzen zaude, eta begia zabaldu eta horretan pentsatzen ari zara. Baina plazera da, eta barne borroka pertsonala, oso bitala, batzuetan ez baita ezer ateratzen. Tormentuaren eta estasiaren esaera hain erabili hori egiazkoa da, eta zirraragarria da.

Besteak beste, pintore naif-a al zara?

Nik naif diodanean esan nahi dut ez naizela marrazkilari handia, esku traketsa dudala, eta gainerakoa ez dakit nolakoa den. Tailerrera joaten naiz eta olioz pintatzen badut, badakit motelagoa dela eta zuzendu dezakedala, eta akrilikoarekin lan egiten dudanean, zuzenagoa dela, ezin duzu atzera egin. Normalean azala zikintzen dut eta orban horrek formaren bat iradokitzen dizu: buru bat, soin bat, animalia bat… eta behin hori lortuta, baduzu abiapuntua eta figura hori beste batzuekin funtzionarazi beharra dago. Nik hainbat koadro egiten ditut aldi berean. Bat lehortzen den bitartean, beste bat hartzen dut; gero, bi egun lehenago utzi duzuna hartzen duzunean, pixka bat kostatzen zaizu birkonektatzea, baina beharbada utzi zenuenean ikusten ez zenituen gauza batzuk topatzen dituzu.

Beste pintore batzuen erreferentziak ere ageri dira zure koadroetan, Picassoren «Guernica», Munchen «Oihua»...

Bai, sarritan egiten dut hori, gogoko dudanaren erreferentziak hartzen ditut. Artearen historia ikusita, beti egin izan den zerbait da, ez dut nik asmatu. Eta eskuarki gauzarik errazenak hartzen ditut; Matisse Velazquez baino errazagoa da kopiatzen –barrez–. Nire koadroetan nire tripetatik ateratzen den korapilo nagusi bat dago beti, eta gero bete eta apaindu egin behar da. Kontuan hartzen dudan gauza nagusietako bat konposizioa da, orekari eustea. Funtzionatzen duela ikusten duzunean, kolorea sartzen hasten zara.