2018/10/06

Erreportajea
HIRUREN ARTEAN
Iñurrietaren pinturak, Herreruelaren poemak eta Aldunateren eskulturak

Bi erakusketa inauguratu ditu Santos Iñurrieta pintore gasteiztarrak. ZAS Kultur Espazioan, «Kajika’s», umore txarra kentzeko terapia gisa. Zuloa espazioan, berriz, «Suite Menut»: hamaika istorio kontatzen dituzten koadroak, Benito Herreruelak horien gainean egindako poemak eta Patxi Aldunateren eskulturak, margolanetatik irten diren pertsonaia xelebreak, alegia.

Xabier Izaga Gonzalez
1006_inurieta1

Gasteizko ZAS Espazioan Santos Iñurrietaren “Kajika's” erakusketa dago ikusgai azaroaren 12ra arte. Noizbehinka tailerrean egiten dituen lantxoak dira, «lasaitasun jolas gisa», garrantzi handiagorik eman gabe. Jendeak estudioan ikusten dituenean barre egiten duela dio. Kutxatxo horiek egunero gertatzen denak sortzen duen umore txarra kentzeko terapia direla dio barrez, «beso bat edo buru bat moztu eta ondo geratzen zara». «Koadro serioak esaten zaien horiekin lanean nenbilen eta tarteka panpinatxo horiek egiten hasi nintzen, beti ere ideia bat buruan: kritika soziala, couché-a, gizarte arrosa honen ergeltasuna salatzea. Beste sail bat da, grabatu batzuk egiten dituzunean bezala».

Kale bereko beste areto batean, Zuloa Irudi espazioan, berriz, hiru diziplina biltzen dituen “Suite Menut” erakusketa zabaldu zuen Iñurrietak joan den astean, eta azaroaren 24ra bitartean egongo da ikusgai. Paper gaineko teknika mistoko 17 marrazkik beste hainbat lani bide eman diete: 14 mihise, 17 poema, 3 serigrafia eta 15 eskulturari, hain zuzen.

Herreruela eta Aldunate

Zuloako erakusketa duela hiru urte zeukan prest, baina beste bat tartekatu zitzaion Artium museoan. Zalantzan egon zen, Artiumekoa eta Zuloakoa aldi berean egin edo ez, eta bigarrena atzeratzea erabaki zuen. Orduan Benito Herreruela gazte-gaztetatik Gasteizen bizi den poetarekin hitz egin zuen, erakusketarako prest zituen marrazkien gaineko poema batzuk egitea proposatzeko. Baietz esan zion Herreruelak, eta erakusketa koadroek eta poemek osatuko zutela erabaki zuten.

Artiumeko erakusketa zabaldu zuenean, Patxi Aldunate eskultore iruindarra hura ikustera joan zen. Aspaldi pentsatuta zeukaten elkarrekin zerbait egin behar zutela, eta Aldunatek esan zion bazuela hiru dimentsioko gauzak egiteko makina bat, ea ardura zitzaion bere marrazkiak hartuta figuraren bat egitea. Egin zezala esan zion Iñurrietak, pozik gainera. Aldunatek egin zituen figura batzuen argazkiak pintore gasteiztarrari bidali zizkion, hari ikaragarri gustatu eta, «Patxik animalia batek bezala lan egiten duenez», koadro erakusketa hura trilogia moduko bat bihurtu zen, margolanek, poemek eta eskulturek osatua.

Benito Herreruela poeta da, «ezin duelako saihestu», Iñurrietaren ustez. Artiumeko erakusketarako argitaratu zuten katalogoak Francisco Javier San Martinen eta Herreruelaren testuak ditu. Hura izan zen Iñurrietaren lanei hitzezko adierazpide poetikoa emateko lehen harremana. Erakusketa honetarako 17 poema egin ditu, 17 koadrotan agertzen diren istorioen kontaketa poetikoa. Zuloan, Herreruelaren poemen prozesua jasotzen duen koaderno bat dago ikusgai, poemen bertsio edota aldaketak erakusten dituen eskuizkribua. Koadroen argazkiak jaso zituenean, lehenik inprobisazioak eta arreta eman zioten elementuen deskripzioak egin zituen. «Iñurrietaren koadroak oso narratiboak dira, egoerak erakusten dituzte, eta ez da zaila haien gaineko testu poetikoa egitea», dio.

Patxi Aldunatek orain dela urte asko ezagutu zuen Iñurrieta, Arte Ederrak ikasi zituen garaian. Haren lan batzuk ikusi eta Gasteizko kaleak ezagutu zituen harekin. Iñurrietaren obraren oso zalea dela dio, batez ere haren «kolorearen erabilera» du gogoko. Guztiz erakartzen dute haren lanen «itxurazko erraztasunak» eta kontatzeko trebetasunak; horregatik uste osoa zuen pertsonaia xelebre horiek dauden testuingurutik ateratzen saiatu behar zutela, «errealitatera ekarri», ea nola funtzionatzen zuten.

Abiapuntu bat?

Figura horiek guztiak eskaneatuta dauzkate hiru dimentsiotan eta nahi dituzten neurrian erreproduzitu ditzakete. Jatorrizko ideia pertsonaiak eskala errealean egitea zen, erakusketan beren buruaren bisitari izan zitezen, hura ikustera doanari lagun egin diezaioten.

Lankidetza horrek zerbait zabaldu duela diote, zerbait gehiago egiteko gogoa baitute. Oraindik ez dakite pieza handiagoak, txikiagoak, koloreztatuko dituzten... Aurrera begira, aukera bat da; oraingoz, erronka koadroetatik pieza horiek ateratzea zen, eta emaitza, «erakusketa ikusita», oso pozik egoteko modukoa omen da.

Prozesuak berez egin duela aurrera dio. Herreruelari argazkiak bidali eta hura lanean hasi zen. Hortik aurrera, Iñurrietak ez zuen ezertan ere esku hartu, eta Aldunatek figurak egin ahala bidaltzen zizkion eta berak, emaitzak ikusita, «bikain» baino ez zuen esaten. Lankidetza erraza izan dela dio gasteiztarrak. «Egoetatik libre zaudenean, asmo handirik gabe eta inposiziorik gabe, errazagoa da».

Erakusketaren protagonista Menut da, Iñurrietaren txakurra. «Etxeko txakurtxoa da, oso zaharra, 14 edo 15 urtekoa. Beti egon da hor, pintatzen nuenean nire oinetan esertzen zen eta egiten nuen guztia oso ondo zegoela esaten zidan. ‘Menut, zer iruditzen zaizu hau?’, esaten nion, eta bera buztanari eragiten hasten zen. Ados, beraz. Etxetik pasatzen den jende guztiak gogoko du, instituzio bat da». Belgikako galeriakoek suite bat edo galeristaren enkargua egitea proposatu ziotenean, berak suite hori Menut izendatzea proposatu zuen.

Erakusketako koadroetatik hiru serigrafia atera ditu. Alde komertzial bat dutela dio, baina serigrafia oso gustuko duelako egin dituela dio. Saltzeko asmoz ere egin ditu, baina batez ere jendearentzat eskuragarriago izan daitezen.

Artiumeko erakusketa prestatzen egon zen tarte horretan marrazkiak olioz ere egin zituen. Erakusketarako argitaratu duten katalogoan ikusgai daude. Eta orain askoz tamaina handiagoan egiten ari da. «Aldatu egiten dira, koloreak eta».

Zuloa liburu-dendari eskerrak eman nahi dizkio Iñurrietak; «Gasteizen ez zegoen ezer, eta sekulako lana egin du», eta pozgarria dela dio mugitzen den eta gogoz dabilen jende gaztea ikustea. «ZAS aire freskoa da».

Zuloa espazioan, Herreruelaren poemen prozesua jasotzen duen koaderno bat dago ikusgai, poemen bertsio edota aldaketak erakusten dituen eskuizkribua

Aldunatek uste osoa zuen Iñurrietaren pertsonaia xelebre horiek dauden testuingurutik ateratzen saiatu behar zutela, «errealitatera ekarri»