2018/10/06

Jose Luis Paulin
medikua

«El médico enfermo; el latido al otro lado del fonendo» izenburudun liburua kaleratu berri du. Gaixotu eta beste aldea ezagutzea egokitu zaio Oiartzunen bizi den medikuari, eta pazientearen alde horretatik ikusi eta sentitu dituenak bildu ditu liburu batean.

«Medikuak gutxieneko enpatia bat izan behar du; keinu txiki batzuekin, asko hobetu daiteke komunikazioa»
Amagoia Mujika Telleria
1006_paulin3

Medikua da eta gaixotasunak fonendoskopioaren beste aldean jarri zuen duela hilabete batzuk. Ikuspuntu desberdina zalantzarik gabe. Ikusi dituenak eta sentitu dituenak jaso ditu liburu batean, hobetuko lukeenaren inguruko hausnarketa intimo bezain interesgarrian.

Nondik sortu zaizu liburu hau idazteko beharra?

Hau nire bigarren liburua da, lehena lankidetzaren inguruan idatzi nuen. Lehen liburua buruan nituen ideia mordoa ordenan jartzeko modu bat izan zen, eta, bigarrena, antzeko. Justu lehen liburua aurkeztu eta gaixotasun serio bat diagnostikatu zidaten. Horrelakoetan buruan ideiak pilatzen dira, sentsazioak... Nolabait, horiek guztiak ordenan jartzeko hasi nintzen idazten, buruan nituen korapiloak askatzeko modu bat bezala.

Ideia bat bestearen atzean josi eta liburua pixkanaka forma hartzen joan zen. Orduan ikusi nuen akaso argitara eman nezakeela. Eta horrela izan da.

Fonendoskopioaren beste aldean, pazientearen aldean, gustatu ez zaizkizun gauzak ikusi dituzu, ezta?

Bai, bi eratakoak. Batzuk paziente bezala sentitu ditut eta segurtasun eza eta beldurra sortu didate zenbaitetan. Eta, besteak, profesional bezala, mediku bezala ikusi ditut, eta nik antzeko kasuetan nola jokatu izan dudan aztertzeko balio izan didate.

Mediku bezala beti saiatu izan naiz ikuskera humanista izaten eta enpatiarekin jokatzen. Hala ere, konturatu naiz batzuetan ez naizela egoerak eskatzen zuen mailan egon. Horrek ere egonezina sortzen du.

Liburuan Medikuntzako ikasketen errepasoa egiten duzu. Alderdi psikologikoari, gizakien arteko hartu-emanari, ez zaio behar adina garrantzirik ematen.

Nire ustez ez. Finean, zu fakultate batera joaten zarenean zuk ez dakizu ezer eta han dauden irakasleek eta katedratikoek irakatsi behar dizute guztia. Haiek esaten dutena eztabaidaezina da, derrigorrean bete beharrekoa. Eta esaten ez dutena, berdin. Pentsatzen duzu esaten ez duten horrek ez duela ezertarako balio.

Behin lanean hasita, konturatzen zara ez dakizula nola kudeatu giza harremanak eta egunero-egunero zure kontsultan daukazun korapilo bat da; paziente desberdinak, askotariko kulturak, zure gorputz espresioa, nola komunikatu pazienteekin, nola moldatu haien kulturara eta mailara ondo ulertua izateko, nola agertu gertutasun egokia, nola aurre egin zalantzari, porrotari... Pixkanaka zure bidea egiten duzu eta zure gaitasunak garatzen dituzu, baina medikuen formakuntzan ez dago ikuspegi hori txertatua.

Eta pazienteak arreta bereziz aztertzen du medikuaren gorputz espresioa, begirada...

Finean profesional baten aurrean zaudenean bere profesionaltasunean sinisten duzu, pentsatzen duzu konponduko duela zure arazoa. Behin hori jakintzat emanda, beste guztian jartzen duzu arreta; begirada, mugitzeko modua...

Ordenagailuko pantailari begira pazienteari begietara begira baino denbora gehiago ematen duten medikuak ere badira.

Bai. Alde batetik, beharra dutelako, izapide asko egin behar izaten dugulako. Eta, bestetik, baita ezkutatzeko ere. Ordenagailuko pantaila batzuetan ezkutu bat da, oso zaila delako pazienteari begietara begiratzea. Normalean komunikazio oztopatzen duen muga bat da, eta, batzuetan, atzean ezkutatzeko babesleku bat.

Liburuan diozu medikuak enpatia izan behar duela, baina neurrian. Medikuak bere burua zaindu behar du besteen gaitzen aurrean.

Jakina. Enpatia izan behar da, baina medikuak jakin behar du noraino iritsi. Baina gutxieneko enpatia bat behar-beharrezkoa da. Keinu txiki batzuekin asko hobetu daiteke egoera; begirada bat, keinu bat, une batez ordenagailuko teklatua alde batera apartatu eta pazienteari aurrez aurre begiratzea, une jakin batean sorbalda laztantzea, isilune uneak errespetatzea, negarrez dagoenari musuzapi bat eskaintzea... Ez dira hainbeste gauza, errazak dira eta asko hobetu dezakete medikuaren eta pazientearen arteko harremana.

Medikuak jendartean duen estatusari buruz ere hitz egiten duzu.

Gero eta garrantzia gutxiago dauka medikuak. Mutur batetik bestera pasatu gara; lehen medikuak sekulako pisua zuen jendartean, gehiegi akaso; eta, orain, gutxiegi. Lehen medikuak goratu egiten ziren, jainkoak bailiran. Eta, orain, maiz, gutxietsi egiten dira.

Gogoan dut fakultatean irakasle batek tratamendua betetzen ez duten pazienteez hitz egin zigula eta seko harrituta geratu nintzela. Sekula ez nuen pentsatu ere egin paziente batek medikuak esandakoa ez zuenik beteko. Ba hori eguneroko gauza da gure kontsultan eta ez digute sekula esan nola kudeatu behar dugun egoera hori.

Google doktorea.

Bai, oso presente dago. Askotan kalte handia egiten du, baina gure errealitatearen parte da eta ezin dugu ahaztu, kontuan izan behar dugu. Medikuak askotan haserretu egiten gara pazienteek Interneten begiratzen dutelako. Baina errealitate hori hor dago. Segur aski medikuok ere berdina egiten dugu beste egoera batzuetan; autoa konpontzeko adibidez.

Hartara, medikuok aholku egokiak eman behar ditugu; “Interneten begiratzen baduzu, hau eta bestea kontuan izan”, “Interneten begiratu eta zalantzaren bat sortzen bazaizu, deitu niri argitzeko”... eta era horretakoak. Interneten informazio gehiegi dago eta herritarrek dakitenarekin, ezin da egoki kudeatu informazio hori guztia. Gerta daiteke goizeko lauetan norbait etortzea esanez hankan pikor bat atera zaiola, Interneten begiratu duela eta oso beldurtuta dagoela, ordu gutxi geratzen zaizkiolako. Tira, errealitate hori hor dago eta medikuok horrekin lan egin behar dugu.

Ingurukoen gaixotasuna trantze txarra izaten da medikuarentzat.

Oso txarra, norberaren gaixotasuna baino txarragoa. Finean, ni gaixo nagoenean badakit nola sentitzen naizen eta erritmoak kontrolatzen ditut. Baina aitaren, amaren, arrebaren, lagunaren... aurrean zaudenean eta badakizunean hil egingo direla, oso gogorra da. Haiek zuri begiratu eta informazioa bilatzen dute, itxaropena zugan jarrita daukate... pisu guztia zure buruaren gainean sentitzen duzu. Oso egoera zaila da. Beste lankideekin partekatzen duzunean, sentsazio hori orokorra dela konturatzen zara. Baina normalean ez da horri buruz hitz egiten.

Medikuek eskura dituzue baliabide psikologikoak eta psikiatrikoak, baina oso gutxi erabiltzen dituzue.

Gure gizartean buru osasunari ez zaio behar adina garrantzirik ematen. Psikologoarengana joaten dena mesfidantzaz begiratu ohi da. Hori bai, tibia hautsia duena, bihotzeko bat sufritu duena, minbizia duena... dagokion medikura joatea erabat ulertzen da. Besteak, buruko arazoak, ezin ditugu zehatz neurtu eta ondorioz bada barregarri uzteko joera, garrantzia kentzekoa. Medikuak gizartearen parte gara eta kostatu egiten zaigu laguntza psikologikoa eskatzea, nahiz eta badakigun esku hartze beharrezkoa dela eta normaldu egin behar dela.

Zure liburuan izen-abizenez aipatzen dituzu mediku asko, beren profesionaltasuna nabarmenduz .

Bai. Nire gaixotasunak iraun bitartean, orokorrean, ondo sentitu naiz, profesional onak topatu ditut bidean. Baina sistemak zuloak ditu eta zulo horiek konpondu behar ditugu.

Nola konpondu daitezke zulo horiek?

Ez da erraza eta, gainera, epe luzeko aldaketa bat eskatzen du. Askotan entzun izan dut Osakidetzan pazientea dela sistemaren ardatza eta uste dut ez dela horrela, sistemaren ardatza sistema bera da eta pazienteak etengabe moldatu egin behar du. Hori aldatu beharra dago. Horretarako beharrezkoa da pazientea entzutea, bere beharrak ezagutzea. Hurbiltasuna oso garrantzitsua iruditzen zait, eta ez medikuen aldetik bakarrik. Erizainek, administrariek, zaindariek... oso presente eduki beharko lukete parean duten pazientea ez dagoela ondo, estutasuna bizitzen ari dela eta egoera hori samurtzen saiatuko beharko lukete.

Adibidez, erietxean alde batetik bestera mugitzerakoan, gurpil aulkia erabili behar da. Zergatik? Batzuetan pazienteak ez dauka ibiltzeko inolako arazorik, beraz, zergatik sentiarazi behar zaio mendeko? Beste adibide bat: ebakuntza baten aurretik, bezperan ospitaleratu behar da. Zergatik? Esan pazienteari zein ordutan etorri behar duen eta zer egin behar duen ebakuntzaren bezperan. Badaezpadako neurria omen, garaiz iristen dela ziurtatzeko... eta medikua berandu iristen bada?

Bada pazienteez ez fidatzeko joera, dena gaizki egingo dutenaren beldurra, eta horri buelta eman behar zaio.

Pazienteak bere osasunaren gaineko ardura hartu behar du, ezta?

Zalantzarik gabe. Gauzak aldatzeko bi zutabe nagusi ikusten ditut, biak hezkuntzarekin lotuak. Batetik, Medikuntzako Fakultateetan ematen den formakuntzan gizatasunak pisu handiagoa izan behar du. Eta, bestetik, umetatik jasotzen dugun hezkuntzan mezu garbi bat helarazi behar da: zure gorputza zurea da eta osasuna lehentasuneko gaia da. Hartara, txikitatik tresnak eskaini behar zaizkio gizakiari bere osasuna zaintzeko eta izan ditzakeen osasun arazo arinak kudeatzeko. Zenbait osasun arazo etorri bezala joaten dira eta bizirik gaudelako gertatzen zaizkigu.

Hori okerragora aldatu da, ezta? Jendea errazago joaten al da orain medikura?

Bai, askoz errazago. Osasun arloa medikuaren bizkarrean jartzen da, edozer gauza; pikorta txiki bat, bikoteak utzi egin nau eta ez nago ondo, mukiak ditut, buruko mina... Duela gutxi osinak pikatu ziolako etorri zen paziente bat kontsultara. Zergatik? Ez ditugulako bizitzako gauzak kudeatzeko tresnak eskura.

Paziente askoren kasuan, gainera, larriagoa da kontua: medikuak agindutako tratamendua ez dute betetzen eta berriz medikura bueltatzen dira, ez direla ondo sentitzen esanez eta ardura guztia medikuaren gainean jarriz. Eta arazoak, gainera, berehala konpondu behar dira.

Zaintzaileen lana goraipatu duzu; isila eta beharrezkoa.

Bai, oso-oso beharrezkoa. Normalean emakumeak eta ikusezinak izaten dira, baita medikuentzat ere. Zaintzaileak ez baleude, sistemak ez luke funtzionatuko, horien hutsunea betetzea oso-oso garestia litzatekeelako. Finean, sistemak medikuak, erizainak, garbitzaileak, administrariak... jartzen ditu, baina, zaintzailerik gabe, sistemak ez luke funtzionatuko. Eta ez diegu merezi duten garrantzia ematen.

Pazientearen azalean egon eta gero, mediku hobea zara?

Ez dakit hobea naizen, baina kontzienteago naiz dauden hutsuneez eta hobetu beharrekoez. Batzuetan ezin duzu nahiko zenukeen guztia egin, baina pazienteari hurbiltzeko modua zaintzen saiatzen naiz.

Liburuarekin lortutako irabaziak Bizi Bide elkartearentzat izango dira; Fibromialgiako, Neke Kroniko Sindromeko, Sentsibilitate Kimiko Anizkoitzeko eta Elektrohipersentsibilitateko Gipuzkoako Elkartea.

Bai. Kasu horietan diagnostikoa zailagoa da, korapilatsuagoa eta maiz berandu etortzen da. Eta, batez ere, ulertu ezin handia pairatzen dute, familiaren aldetik, medikuen aldetik, gizartean...

Gaixo horien egoera mahaiaren gainean jarri nahi nuen, batez ere sufritzen duten ulertezintasuna oso krudela delako. Gaixotasun horiek ez dira ulertzen, eta, gainera, gaizki ikusiak daude. Gaizki zaudenean, hori oso gogorra da.

«Osasun arloa medikuaren bizkarrean jartzen da, edozer gauza; pikorta txiki bat, bikoteak utzi egin nau eta ez nago ondo, mukiak ditut, buruko mina daukat... Duela gutxi osinak pikatu ziolako etorri zen paziente bat»

«Ordenagailuko pantaila normalean medikuaren eta pazientearen arteko komunikazioa oztopatzen duen muga bat da, eta, batzuetan, atzean ezkutatzeko babesleku bat medikuarentzat»