Antton Izagirre

Nora naramazue

Amerikako indigenak, meategien eta uraren esplotazioen aurka lurraren espekulatzaileen aurrean diharduten borroketan, lurrarekin, airearekin, urarekin, hegaztiekin eta naturako elementuekin eta hori guztia eman dieten arbasoekin hitz egiteko gai dira, haien ahotsak entzuten dituzte eta haien minaren lekuko dira.

Arrazionaltasunaren izenean aberastasuna eta garapena eskainiz datozen boteretsuen aurrean, ama lurraren deia eta ahots mingotsa dute argudio bakarra, lurrari min gehiago egitea galarazteko.

Gure lurretan ere, biharko garapenaren aitzakian –AHT, Erraustegia, Aralar...– gaur lurrari, ondareari eta naturari egiten ari garen eraso ekologikoen aurrean, geure indigena izaera berreskuratu beharra dugulakoan nago; naturako elementuen mesedetan, horien ahotsaren esanetara aritzeko.

Agian, ikus eta entzuteko gaitasuna galdua dugu dagoeneko. Halere, azkenaldian gure sorgorkeria hausteko adinako oihua egiten ari zaigu ama lurra. Pinudiek jasan duten izurritea, gizakiok erasaten gaituzten gaixotasun berriak edota klimaren aldaketa lurraren eta naturaren ahots gisa hartzen ez ditugun bitartean, inoiz izan dugun jakituriarik handienaren jabe izango gara baina lurraren garapen naturalaren aurka arituko gara.

Zientzialariek ohartarazi berri digute lurraren kutsadura eragiten ari den aldaketa klimatikoa lurraren ardatzaren kokapena aldatzen ari den zantzuak dituztela, itsas uretan horrek izan ditzakeen ondorioekin.

Ama lurra «nora naramazue» orroka ari zaigu eta gu entzungor. •