Iker Barandiaran

Aurpegiak

Azkenaldian lapurreta dezente eman dira Arrasate inguruan –eta beste leku askotan, jakina–. Normala, aberatsak gero eta aberatsagoak badira, eta, pobreak, gero eta gehiago eta pobreagoak. Tarteka lapurrak arrasatearrak izan ohi direla jakina da, baina ez beti. Bada, orain gutxi taberna batera lapurretan sartu zirenean, gaineko bizilagun batek argazkiak egin zizkien. Batek aurpegia estalita zeukan, baina besteak ez; eta erraz antzematen zen mutilak kanpoko jatorria zeukala. Askok txalotu zuten argazkia egin izana –eta meritua ez da makala!–, baina nik pena hartu nuen lapurrak beste herrialde bateko jatorria izanagatik askok eta askok egingo zuten irakurketagatik. Hain zuzen ere, lapurra arrasatearra –edo beasaindarra– balitz egingo ez zutena.

Izan ere, hori da nire ustez dagoeneko gure artean hain barneratuta daukagun arrazakeriaren muina. Beste kultura batzuekiko daukagun ezjakintasunak eta beldurrak bultzatuta, komunitate edo jatorri horretako pertsona batek gustuko ez dugun zerbait egiten badu, multzo berean sartzen ditugu kanpoko jatorriko guztiak. Hemengoak zein hangoak izan, baina, ezjakintasunak eta beldurrak bultzatuta ezin diogu beste batzuei batek egindakoa leporatu, norbera bakarra da-eta. Akaso burutik pasako ahal litzaiguke, demagun bergarar batek Arrasateko neska bat bortxatu duelako, bergarar guztiak zaku berean sartzea? Bada, horixe da askok eta askok egin dutena eta egin izan dutena hemen, gure artean, eta baita beste herrialde askotan ere; eta hala erreakzionatzea gauza logikoena iruditzen zaigu birritan pentsatu gabe.

Horretaz serio hausnartzea oinarrizkoa da. Ezjakintasunak, ezezagunari beldurrak eta komunikabideen bonbardaketak bultzatzen gaituzte hori normaltzat hartzera uste horiei serio kontra egiten ez badiegu. Eta badugu lana guztiok horretan, hainbat eragilek hori sinestarazi nahi digutelako une oro.

Adibidez, numerotan aztertu den kasu guztietan ondorioztatu da kanpoko jatorriko pertsonak ez direla erakundeen laguntza gehien jasotzen dituztenak; “hemengoak”, zuriak, euskaldunak edo espainiarrak direla horiek eskuratzen lehen lerroan daudenak. Baina jende gehienak ez du uste hori egia denik eta barra-barra entzuten dugu egunero edozein eztabaidatan «kanpotik etorritakoak gure kontu bizi» direla.

Paradoxikoki, gainera, hori salatzen dutenetako asko gai dira (eta egiten dute) elkarrizketa berean esateko etorkinak guri lana kentzen ari direla; eta entzuleek ere ez dute kontraesan hori agerian uzten; hain gaude itsututa!

Uste eta jarrera horiek, baina, ez dira ezerezetik jaio; azken urteotara arte ederto bizi ginen maila ertaineko hainbat eta hainbat pertsona gero eta estuago bizi gara irabazi txikiagoekin, eta arreta eta zerbitzu eskasagoekin; eta –hori zenbakietan ondo jasota dago– gero eta jende gehiagok zailtasunak ditu egunerokoari aurre egiteko. Oso presente dauzkagu banketxeekin egindako erreskateak (diru publikoa, gure dirua zen!), zentzurik gabeko azpiegituratara joaten diren dirutzak eta legalki zein ilegalki askoren poltsikotara joaten diren diru multzo erraldoiak.

Bada, horren guztiaren gaineko hausnarketa ekiditeko, ahalegin sutsua egiten dute gure egoera eskasagoaren errua ahulenari, egoera latzagoa zuelako sorterria, familia eta lagunak albo batera utzita etorri behar izan duenari leporatzeko. Eta guk erabat sinisten dugu, horietako bakoitzari aurpegia jarri eta hala hartu beharrean. •