Xabier Mikel Errekondo

Bizi pasioz

Pasa den larunbatean Aginagan (Usurbil) Akelarrek azken kontzertua eman zuen jotzen hasi eta mende erdira, eta ni ere han izan nintzen.

Egia esan, ez nuen asmorik, baina inguratzeak duen arriskua… giroaren zurrunbiloan sartu eta konturatzerako kontzertuaren erdian aurkitu nintzen. Badakizue nola gertatzen diren horrelakoak, ez da askorik behar… Dantzarako inpultsoak herdoilduta dauzkagula, ba blaitu Keler batez, edo biz, edo… Momentikoa gozatzeko inspirazio faltan zaudela, ba sartu Chester pizgarri baten lainopean, edo birenean, zurea eta nornahirena, ze axola. Zurrutada, piztu eta zupa bakoitzak Akelarreko Batizen pua kolpea zirudien, ahots kordak inspiratu eta berriketa dantzan jartzen zaituen pua. Ahaztuak nituen taldearen kantak baina zurrut eta zupa artean barrua harrapatu zidaten kilimek, oinetatik gerriraino dantzan jartzeraino. Ez dugu askorik behar, demonio.

Ez, ez nuen kontzertura agertzeko asmorik, nostalgia gehitxo. Baina bertan nengoen eta, hori bai txosnaren paretik askorik aldendu gabe, Akelarreren azken akordeak gozatu egin nituen…garagardoz blai eta madarikatua duten zigarro-zupa dastatuz errenkadaren ke artetik.

Osasuna zaintzeko tonaka aholku etsigarriren gainetik ene zoriona zaintzeko apustua egiten dut.

Izan ere, bizitza bizitzeko daukagun aukera baino ez da, aukera bakarra. Beraz, jokatu ausart eta eman pausoak unerik ttipiena ere sentitzeko, zabaldu atea kilimek jan gaitzaten eta eman bide pasioari, era guztietako pasioei, pasioagatik merezi du eta osasuna bera ere jokoan jartzea. •