Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Ogiak zapore ezberdina dauka

Atzo trenean nindoala emakume batek hitza eman zidan; auzoari buruzko informazio bila zebilen. Erretiroa hartzear zegoen, eta hiriko leku lasaiago batean bizi nahi zuen. Japonian jaioa zen baina Londresen hogeita hamar urtetik gora zeramatzan, finantzen arloan lanean. Bere hitzetan, Bartzelonarekin maiteminduta zegoen. Azaleko maitemintzeaz ari zen, hiru bisitetan ikusitakoaz eta egindakoaz –berak esan bezala, Sagrada Familia eta Park Güelen edertasunaz, jaki sofistikatuez, itsasoaren ondoan bizitzeak zituen abantailez eta noski, eguraldi onaz–. Agidanez, bere lantaldean bazituen Bartzelonako hainbat pertsona, eta ez zuen ulertzen zergatik ez ziren hara itzultzen.

«Nik esaten diet ogiak ere zapore ezberdina daukala han», esan zidan. «Ogia ere hobeto egiten dutela han».

«Eta, zer esaten dizute beraiek? Zein da hemen jarraitzeko arrazoia?», galdetu nion nik.

«Hemen egin duten esperientzia eta kanpotik ekarritako perspektiba ez direla behar bezala aintzat hartzen esaten didate. Eta ez daudela aukera edo erronka nahikorik». &hTab;

Testuinguru profesionalera mugatuz bakarrik egingo dut elkarrizketa labur horren inguruko hausnarketa. Atzerritik norberaren jaioterrira itzultzeko erabakiak, noski, beste aspektu garrantzitsu (garrantzitsuago) batzuk ere baditu.

Amerikar enpresa batek erosi du nik lan egiten dudan lantegia, 30 bilioi libera ordainduta. Gaur bulegora joan naiz horrek izango dituen ondorioak eztabaidatu eta lankide ezberdinekin egoteko. Horrelako erosketa esanguratsu baten ostean, ekar dezakeen aldaketa zurrunbilotsu baten itzalean gaudela, hainbat galdera eta kezka sortu dira. Hamaika aukera interesgarri ere bai. Baina, beste edozeren gainetik, gauza bat da ongi kudeatu nahi dena: jendea motibatuta mantentzea, talentuei alde egiten ez uztea. Finean, 30 bilioi liberako balioa haiei zor zaie-eta.

Amatasun bajan dagoen edonork hamar egun kobratzeko eskubidea dauka nire lantegian; «kontaktua mantentzeko egunak» bezala definitzen den kontzeptua da. Hainbat hilabetetan zehar bajan egonda aldaketa asko egoten dira, bai enpresan eta baita bajan egon denaren beraren bizitzan ere; ondorioz, erabateko «deskonexio» bat izanez gero, lanera itzulera askotan oso gogorra izan daiteke. Formula horren bidez, informatuta egoteko aukera emateaz gain, sortu daitezkeen aukeren berri jakiten da, kezkez hitz egin eta burmuina beste modu batean trebatu, haurren errutinatik at. Amatasun baja amaitu ostean benetan betegarria den eta erronka berriak eskaintzen dituen lan batera itzultzea ezinbesteko baldintza da batzuentzat. Nik ere hori esan diet eta ulertzen dute; are gehiago, aukera ezberdinak mahai gainean jartzeaz aritu gara.

Pribilegiatua sentitzen naiz lanean ibili naizen leku guztietan jendearen talentua, aniztasuna, lana egiteko modu moldagarriak eta egitasmo aurrerakoi eta aitzindariak arreta handiz errespetatu eta landu diren gauzak izan direlako. Zortekoa ni. Beste askok jarrera horietatik ikasi beharko lukete. Bartzelonan adibidez. Eta baita gurean ere. Treneko emakumeak Londresko burbuilako errealitatea bakarrik ezagutu duenez, ez daki Bartzelona bezalako hiri batean ere kultura profesionala atzeratua dagoela hainbat arlotan. Baina, urrats txiki batzuk eginez, emaitzak asko hobetuko liratekeela ikasi dut (eta ikasten jarraitzen dut). Tamalez, askotan entzuteko ere ez gaudela prest iruditzen zait, ordea. Eta, aldiz, ogiaren zaporeaz hitz egiten jarraituko dugula. •