Juantxo EGAÑA

Urtxalle, pilotari, bertsolari... eta «Agur jaunak» kantuaren egile?

Ladislas Konarzewski
Ladislas Konarzewski

Artikulu hau ilustratzen duen irudia argazki zaharren bildumagile londrestar baten artxibokoa da. Erretratatua Manuel Lekuona, Urtxalle, pilotari eta bertsolaria da (Oiartzun, 1828 - Errenteria 1901). Zenbait iturriren arabera, Urtxalle “Agur Jaunak” kantuaren egilea da. Batzuek diotenez, Ipar Euskal Herritik ekarri zuen kantua; beste batzuek, berriz, Donibane Lohizuneko norgehiagoka batean pilotari batek abestu ziola diote. Jose Mari Mitxelena historialari oiartzuarrak kontatutako hirugarren bertsio baten arabera, ordea, Urtxallek berak konposatu eta abestu zuen lehen aldiz, Biarritzen jokatu zuen esku pilota partidu baten ondoren. Erretratu honen egilea Donibane Lohizunera bizitzera joan zen Ladislas Konarzewski argazkilari poloniarra izan zen (Bielk, 1823 - Donibane Lohizune, 1895). Maria Ithurbide urruñarrarekin ezkondua, Donibane Lohizuneko etxe bateko azken solairuan zuen estudioa, Garat eta Courtade kaleen arteko kantoian. Estudio hartan argi naturala erabili zuen bere argazkietarako oinarrizko osagai gisa, eta, horretarako, beirak jarri zituen estudioaren sabaian eta hegaletan. Argia kontrolatzeko, errezel batzuk erabiltzen zituen. Halaber, erretratuak egiteko, hiru dekoratu erabili zituen. Ladislas Konarzewski erretratugile handia izan zen, eta inguruan zituen hiri eta itsas paisaien argazkiak ere egin zituen. Bere erretratuengatik ez ezik, 1873an Bigarren Karlistaldian Santa Kruz apaizari egindako argazkiengatik ere ezaguna da Ladislas Konarzewski. Hura hil zenean, haren seme nagusi Jeanek ordezkatu zuen, eta Jeanen alaba nagusiak ere estudioan lan egin zuen, joan den mendeko 40ko hamarkadaren bukaeran itxi zuen arte.