Dabid Lazkanoiturburu
HOMOFOBIA AEB-ETAN

Jipoituta hil zutenetik 20 urte bete direla, Matthew Shepard omendu dute asteon

Gazte homosexualaren hilketa basatiak –jipoitu eta Wyoming-eko parke batean biluzik eta lotuta utzi zuten 1998ko urri bukaera hotz hartan– homofobiaren aurka kontzientziak suspertu zituen. Atzo omendu zuten baina, Trumpen gobernuaren atetik, LGTB komunitatearen aurkako jazarpena bueltan omen da 20 urteren bueltan.

Shepard
Shepard

Duela jada 20 urte, estatubatuar gazte homosexual bat hil zen ospitalean, gogor jipoituta eta hilda zegoelakoan egun batzuk lehenago parke batean utzita aurkitua izan ondoren. Atzo Matthew Shepard-en errautsak Washingtongo katedralera eraman zituzten, Ameriketako Estatu Batuetan pairatzen den biolentzia homofoboaren ikur bilakatu den gaztearen omenaldi berezi eta hunkigarrirako.

21 urte zituen itxura ahuleko gazteak, Politika Zientzietako eta Kanpo Hizkuntzetako ikaslea zenak. Diplomazialaria izatea zen bere ametsa eta 1998ko urrian Laramieko taberna bateko ataurrean atzeman zuten bi gaztek, Wyomingen, homosexualak zirela esanez eta eurekin joan zedin konbentzituz.

Autoan ibili ondoren, gaztea biluzarazi eta jipoitu egin zuten, pistola batekin aurpegian eta buruan kolpekatuz. Hantxe bertan utzi zuten, burdin hesi bati lotuta, izugarrizko hotzak akabatzen. Handik 18 ordura aurkitu zuen txirrindulari batek, lehen begiratuan txorimalo bat zela pentsatuz, Matthew Shepard, konorterik gabe. Egun batzuk geroago ospitalean zendu zen gaztea.

Izugarrizko astindua

Bere hilketak AEBak gogotik astindu zituen, eta LGTB kolektiboaren aurkako erasoak argitara eman zituen. Eraso horien aurka, eta oro har gorrotoak eragindako delituei aurre egiteko, legedia gogortzeko deialdia zabaldu zen orduan gizartean.

Hilketa «izugarrizko abisua izan zen Amerikarentzat», oroitu du Matthew Sheparden Fundazioko komunikazio arduradun Sara Grossmanek. Bijiliak eta manifestazioak egin ziren, eta orduko Etxe Zuriko maizterrak, Bill Clintonek, dei egin zion Ordezkarien Ganberari zeozer egiteko.

Hala ere, 10 urte luze behar izan ziren horretarako. 2009an, Barack Obama presidenteak Matthew Shepard zenaren izenarekin bataiatu zuten legea sinatu zuen, diskriminazioarekin zerikusia duten krimenen aurkako zigorrak gogortzen zituena, sexu identitate edo orientazioaren aurkakoak tartean.

«Matthew-en hilketa erabat tragikoa eta jasanezina izan zen baina, bide batez, aldaketa ugari ekarri zituen, eta batez ere herrialde osoan gertatzen ziren LGTB komunitatearen aurkako erasoen kontrako kontzientzia suspertu zuen jende askorengan», dio Washingtongo katedraleko dekano Randy Hollerith-ek. Eta 2015ean AEBetako estatu guztietan «homosexualen ezkontzeko eskubidea garatzeko prozesua abiarazi zuen», gaineratu du Hollerith-ek.

Hilketaren ondoren erasoak

Haserrea eta emozioak pil-pilean zeuden orduan eta manifestazioak deitu ziren nonahi hilketaren ostean. Hala ere, mobilizazioen aurkako erasoak eta oihuak ere izan ziren. Shepard-en aldeko hileta-elizkizunak saihesten saiatu ziren manifestari batzuk «Jaungoikoak marikoiak gorroto ditu» bezalako leloak oihukatuz, eta urte batzuk geroago, artzain baptista batek haserrea eragin zuen haren omenez monumentu bat eraikitzeko asmoa zegoela-eta «dagoeneko infernuan erretzen» ari zela esan zuenean.

Zoritxarreko gaztearen gurasoak, Judy eta Dennis Shepard, beldur ziren ez ote zuen baten batek bere semearen hilobia profanatuko eta horrexegatik gorpua erraustea erabaki zuten, bere errautsak babestuta gorde ahal izateko.

Elizaren errekonozimendua

Gene Robinsoni, bere homosexualitatea aldarrikatzen duen AEBetako lehen apezpiku eta Matthew Shepard-en gurasoen lagunari, otu zitzaion gaztearen errautsak Washingtongo katedral episkopaliarrean hartzea.

Katedralak, AEBetako hiriburu federalean pisu handia duen instituzioak LGTB pertsonen eskubideen berdintasuna «XXI. mendean elizak giza eskubideen arloan duen auzirik garrantzitsuena» dela argi du eta, beraz, Matthew Shepard zenaren errautsak gordetzeko «lekurik aproposena» dela dio Hollerith dekanoak ere. Katedralak kaleratu duen idatzian hau dio Sheparden ama Judyk: «Lasaitu egiten du ene semeak leku sakratu baten atseden hartuko duela jakiteak, eta jendea bertara joan ahalko da mundu hobe eta seguruago bat nola egin daitekeen hausnartzera».

Gene Robinson gotzainak zuzendu zuen atzoko erritua, Washingtongo apezpiku episkopaliarra den Mariann Edgar Budde-ren ondoan.

Horrela, bada, Matthew Shepard atzo, ostirala, lurperatu zuten katedralean beste 200 bat pertsona gogoangarriren gorpuzkien ondoan; horien artean dira Helen Keller ekintzaile feminista eta idazlearenak eta Woodrow Wilson AEBetako presidente ohiarenak.

Trumpekin atzerakada

Hala ere, duela 20 urte eraildako gazteari eginiko omenaldiak ez du ezabatzen gaur egun auzi honetan AEBetan gertatzen ari den atzerakadak sortzen duen beldurra. Donald Trump magnateak hauteskundeak irabazi eta 2017ko urtarrilaren 20an Etxe Zurira iritsi zenetik sumatzen den giroaz ari gara. «Atzerapauso nabarmena pairatzen ari gara gobernu honekin, eta hori egunero ikusten da berrietan», ohartarazi du Sara Grossman Matthew Sheparden Fundazioko komunikazio arduradunak.

Trumpen Administrazioa LGTB komunitatearen babesak apika-apika xahutzen ari dela begi bistakoa da. Esate baterako, kanpoko diplomazialari homosexualen bikotekideei ez die bisarik ematen AEBetara bizitzera joan nahi dutenean, baldin eta ezkonduta ez badaude.

«Oso-oso kezkatuta gaude», dio Grossmanek. «Aurrerapausoak eman ditugu, baina hau ez dago inola ere konponduta», adierazi du, eta horretarako adibide garden bezain izugarria jartzen du mahai gainean: «Hainbat estatutan posible da epaiketetan ‘izu homosexuala” deritzon argudioa erabiltzea, hau da, gay-en aurrerapausoen aurrean biolentziarekin edota hilketarekin erantzutea.