Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Nor-nork

Ez dakit nola gertatu zen. Bi esaldi baino ez dauzkat gogoan. Lehendabizikoa klasekide batek esan zion irakasleari: «Joseba harria jo du». Klasekideak oraindik ez zuen “nor-nork”-a menderatzen, eta subjekturik gabeko esaldi hartan ezinezkoa zen nork jo ote zuen nor bereiztea: Josebak harria edo harriak Joseba. Bereizten erraza zena Josebaren bekaineko zauria zen, eta bertatik jausten zen odola, esne irakina eltzetik nola. Eta orduan entzun nuen bigarren esaldia, Josebaren zaurirako trapu bat eskuan zuen irakasle aztoratuaren ahotik: “harriak itsuak dira”. Gogoan dut erruduna agertu arte zigortuta egon ginela gelan. Jolasean ari ginela esan genuen, denok elkarri patioko harri-txintxarrak jaurtitzen jardun ginela, inori minik emateko intentziorik gabe. Egun hartan bi gauza ikasi genituen: ekintza guztiek daukatela bere subjektua eta harriak itsuak direla.

Parkera sartzen naizen aldiro barruak aztoratzen dizkit umetako arratsalde hark. Egunak laburtzen eta hodeiak trinkotzen ari diren garaiotan eguzki gosez hurbiltzen da jendea hona, gure izendegiaren gudu-zelai honetara. Paper ofizialetan beti Cristina Enea eta ingurukoen ahotan Gladys Enea deitzen zaion berdegune honetara. Sarrerako parkean umeak dabiltza jolasean, balizko arrisku eta erorketetatik babestu asmoz besoak luzatuta eta bizkarrak makurtuta dabiltzan guraso arduratsuen begiradapean. Oraindik ere haurrek galdetzen ote dute parkearen bi izenez? Eta, galdetzen baldin badute, besoak luzatuta eta bizkarra makurtuta dabiltzan guraso arduratsuek zer erantzuten ote diete? Kontatzen ote diete nor zen Gladys del Estal? Hitz egiten ote diete 1979ko ekainean Tuteran antolatutako manifestazio hartaz? Kontatzen ote diete guardia zibil batek tiroz hil zuela artean mende laurdenik ere ez zuen ekintzaile ekologista?

Erantzunik gabeko galderei ihesi zuhaizpera jo dut, isiltasun bila. Belazean eseri eta lurrean zuhaitzek egindako siluetei erreparatu diet. Itzalak luzatu diren ordu honetan, dantzan ari diren figura beltzei begira zalantzan geratu naiz zuhaitz bakoitzak bere itzala mugitu ordez ez ote duen itzal bakoitzak bere zuhaitza mugitzen. Garai nahasiak bizi ditugu, izan ere: garai txarrak dira esaldiak zuzen osatu nahi dituenarentzat: “manifestariak zauritu egiten dira” manifestazioetan. Inork ez du inor zauritzen. Albisteak irakurri eta badirudi manifestazioetara joatearen derrigorrezko ondorioa dela zauritzea.

Iñigo Cabacasen hilketa epaitzen ari dira egunotan. Ertzain batek esan du ez zekitela pilotakadaz inor hil zitekeenik, Rosa Zarra modu horretan hil zutenetik hogei urte pasatxora. Hortik aurrera, segurtasun indarren aginte-katean lausotzen eta lausotzen doazen ardurak ikusi ditugu, behe lainoa bezain ukiezinak, heriotza haren subjektu bakarra pilota bat balitz bezala. “Nor-nork”-a erabiltzen ez zekien klasekidearekin oroitu naiz. Batzuetan gramatikak ere badaki boterearen esanetara jartzen. •