Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Heriotzaren tabua

Askotan esaten dugu heziguneetako ateak bizitza errealari zabaldu behar dizkiogula. Badira zenbait gai, ordea, heziguneetan halabeharrez agertzen direnak saihestu ezinak direnean, ia, gertatu, eta, neska-mutilekin batera, edota gurekin batera, eskolara eramaten ditugunean. Azken finean, nahita ere ezin baitugu etxean utzi kezkatzen gaituena, sufriarazten diguna, mintzen gaituena, zoriontsu egiten gaituena, eta abar.

Ez dezagun ahantzi, heziguneetan, jakintza, jarrera, elkarbizitza arau eta bestelakoekin batera, emozio mordoa pilatzen dela. Partaide guztien baitan daude. Zenbateraino ote dakigu haiei lekua egiten eta kudeatzen?

Gauza asko ikasi ditugu eskolan, alde askotan fokua jartzen lagundu digu, baina non ikasi ote dugu, nagusiki, maitemina eta maitasuna maneiatzen, heriotza eta dolua eramaten, gure sexualitatea ezagutzen, era guztietako kontsumoak kudeatzen, edota bizitzari buruzko galdera handien gainean hausnartzen? Non ikasi dugu, ikasi badugu, gure burua ezagutzen eta gure buruaren jabe izaten? Ur handiak dira, zalantzarik gabe, baina noizbait denok hartuko gaituztenak.

Zenbait hezigunetan, gero eta gehiagotan, Hallowen ospatzen dute. Pixkanaka, ugaritzen ari dira Gau Beltza edota Arimen Gaua gogoratu dutenak, gure usadio zaharra berreskuratuz kontsumismoak ekarri digun merchandising beldurgarriaren aurrean.

Edonola ere, akaso, hori izango da leku gehienetan heriotzari egiten zaion urruneko hurbilpen nagusia. Izan ere, zenbateraino gaude prestatuta heriotzari buruz hitz egiteko?

Gai zailak dira. Gure barrunbetan ditugun min eta ezinekin konektatzen gaituztenak. Gainera, ongizatearen jendarte honetan, geroz eta gehiago jotzen dugu gaixotasunak, heriotza, zahartzaroa ezkutatzera. Ospitaleetara eta tanatorioetara bideratu ditugu, gure bizitzan tristurarentzat lekurik ez bagenu bezala. Euskal Herriko Unibertsitateko Txabi Arnal irakasleak argi dio: «Arrakastaren jendartean bizi gara, eta heriotza porrot modura hartzen dugu, horregatik baztertzen da». Heziguneetan, orokorrean, heriotza baztertu egin dugu, tabu bihurtu arte. Beste hainbat gairekin batera, tabu.

Psikologoek eta gaian adituak direnek une horiek bizi izatearen garrantzia azpimarratu dute: beharrezkoa da une horiek normalizatzea, informazio argia ematea neska-mutilei, hildakoa agurtzeko aukera eskaintzea: bere mailan zerbait adieraztea, azken batean.

Haurrak gehiegi babesteko dugun joerak, ordea, heriotzak dakarren sufrimendutik aldendu egin behar ditugula pentsarazi digu. Babestu nahi horretan, baina, kontrakoa lortzen dugu. Bizitzak heriotza du zor. Beraz, gertatu den unean hari aurre egiteko baliabideak ukatzen badizkiegu haurrei, zaila izango da dolu egoerarako estrategia egokiak garatzea. Adituen esanetan, hilkortasunaren kontzientzia txikitatik izateko hezigunean landu beharko litzateke heriotza. Ez ote ditugu gure ikasleak gutxietsita? Egoera latz horietan uste baina malguagoak dira, badituzte aurrera egiteko baliabide intelektualak eta psikologikoak. Beren ahalmenetan sinistu beharko genuke. Horra hor haienganako konfiantzaren seinale zintzoena. Zintzotasuna izango da jendarte osasuntsuago baten oinarria! •