2018/11/03

Iñaki Soto
Kolpismoa ardatz izango duen aroaren aurrean gaude

Autoritarismoaren mapa egin behar dugu, aztarnak eta pautak bilatu, antzekotasunak eta partikulartasunak zehaztu. Horrez gain, baina, alternatibak ere nabarmendu behar ditugu

Brasilgo hauteskundeen emaitzak bereziki kezkagarriak dira demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta justizia helburu duten mundu osoko pertsona eta mugimendu politikoentzat. Ez soilik emaitza, ordea, baita emaitza hori erdiesteko Bolsonarok eta bere babesleek izan duten jokabide zitala ere.

Gainontzeko agintari autoritarioen gailentzeekin konparatuz gero, Brasilgo prozesu politikoaren ezaugarriak partikularrak eta oso kezkagarriak dira. Han kolpismo tradizionalaren formula berritu egin da, sofistikatu egin da. Epe luzeagokoa da, pazientzia handikoa.

Bolsonaroren faxismoa osoa da, ez du lauki bakar bat ere zurian utzi: klasista da, misoginoa, homofoboa, arrazista, biolentoa… konplexurik gabea da. Zentzu horretan, egiazkoa da. Gezurra lotsarik gabe erabili du, baina, aldiz, beren ustez esaten dituen «egiengatik» eman diote botoa askok. Politikan egiaren eta gezurraren auzia maila epistemologikoa ari da hartzen, neurosoziologiarekin uztartuta, gainera. Ondo dago George Lakoff aipatzea, baina bere teorien aplikazioak sistematikoagoa eta neurgarriagoa behar du izan.

Beste alde batetik, Brasilgo kolpismoa konstituzionala da, instituzionala, legala. Hauteskunde bidez eman da, ez era garbian baina bai «demokratikoki», zentzu oso ahul batean bada ere. “XXI. mendeko sozialismoa” delakoak iraultza instituzionalizatu eta konstituzionalizatu zuen bezalaxe. Horren aurreko erreakzio gisa antolatu da Brasilgo kolpea, hain zuzen ere. Hari horretatik tiraka, arazoa demokrazia bada eta bertan konponbiderik ez badago, ezkerrarentzat autoritarismoa tentazioa da, eskema horretan jokatzen badaki-eta. Balantze historikoa eginez gero, akats larria litzateke.

Bolsonarok dirua du atzean, jakina; dirutza, gainera. Oligarkia klanikoaren babesa izan du, Estatuko botereen eta indar tradizionalen babesa, baita Estatua atzemateaz bizi diren sektore zahar-berrien babesa ere. Ez dezagun ahaztu, ordea, Walden Bellok Naomi Klein-en shock-aren teoriari egindako kritika: Txileko kolpea ez zen soilik oligarkiarena izan, babes-herritarra zuten.

Estatuko botereek Bolsonaroren arerioak bidetik kendu zituzten, lehenik Dilma Rousseff impeachment delakoaren bitartez kargutik kenduz, eta, ondoren, Lula kartzelara sartuz eta bere hautagaitza ezinduz. Mundu osoko ezkerrak Rousseffen aurkako kolpeari ez zion behar besteko garrantzirik eman eta gu, baita gure egunkaria ere, horren adibide da. Internazionalismoa hankamotz dabil.

Alternatiba nekosoa da, baina sinplekeria antzua da

Autoritarismoa eta demokrazia parez pare jarri dira gure garaian, aspaldian ez zeukaten aurkakotasun maila batekin. Biak gaur egungo politikaren ardatz nagusiak direla esan daiteke. Ez bakarrak, zalantzarik gabe, bai oso garrantzitsuak, ordea. Adi, erredukzionismoa beti da arriskutsua politikan. Kategoriak erabilgarriak dira gauzak ulertzeko baliogarriak direlako. Baina kategoriak izendatzeko erabiltzen diren hitz horiek baino askoz gehiago dira, askoz ere konplexuagoak dira.

Beraz, nire ustez Brasilgoa kasu paradigmatikoa bada ere, ez da lagin nahikoa. Autoritarismoaren mapa egin behar dugu, aztarnak eta pautak bilatu, antzekotasunak eta partikulartasunak zehaztu. Fokua hor jartzeaz gain, alternatibak ere bilatu eta nabarmendu behar ditugu, Rebecca Solniten itxaropenari helduz. •