2018/11/03

Iñaki Altuna
Prozesu independentistak giharra behar du

Espainiako Gerra Zibila amaitu ostean, Himmler SSetako komandanteak –bide batez Gestapo ere kontrolatu zuen– Altsasun geldialdia egin zuen

Sare sozialetan zabaldu dute aste honetan datu historikoa: Espainiako Gerra Zibila amaitu ostean, 1940ko urrian, Heinrich Luitpold Himmler SSetako komandanteak –bide batez Gestapo ere kontrolatu zuen– Altsasun geldialdia egin zuen, Madrilgo bidean. Franco bisitatzera zihoan, auto eder bat oparitzeko eta Espainiako Polizia politikoaren antolaketan laguntzeko, nonbait. Bazkaltzeko gelditu zen Altsasun, alkatearekin eta Diputazioko ordezkaritza batekin. Himmlerrekin batera zetozenen artean, beste nazi ezagun batzuk ere baziren, esate baterako, Karl Gebhardt medikua eta Himmler beraren aholkularia. Auschwitz moduko kontzentrazio-esparruetan gizon-emakumeekin egindako esperimentuen sustatzailea izan zen. Nurembergen epaitu zuten, eta, heriotza zigorra jasota, urkatu egin zuten. Himmlerrek eta berarekin etorritakoek argazkia ere egin zuten Altsasun, eta argazkia egunkarian argitaratu zuten, harro-harro.

Sare sozialetan, datu historiko hori Riveraren Ciudadanos alderdiak Sakanako herrian deituriko elkarretaratzearekin lotu dute. Sare sozialak beti dira demasak. Jakina, alde handia dago bien artean; besteak beste, Altsasuko alkateak ez du oraingoan Riverarekin bazkalduko.

Xelebrekeriak eta ironia alde batera utzita, herri bat, komunitate bat, bere buruaren jabe izatea zenbateraino den garrantzitsua erakutsi digu Altsasun azken boladan gertatutako guztiak. Berezko justizia izatea, indar armatu arrotzak zure lurraldea ez okupatzea… hori dena zenbateraino den garrantzitsua ikusi dugu, baita gutxieneko askatasun demokratikoak bermatzerako orduan ere. Burujabetza eta demokrazia txanpon beraren bi aldeak direla egiaztatzen ari gara aspaldi. Estatuaren demokratizazioren bidetik Euskal Herrian giza eskubideak, askatasun demokratikoak eta eskubide zibilak zein politikoak bermatuko direla espero al daiteke? Beste modu batez esanda: Estatu espainolaren barruan inoiz izango al dugu preso politikorik gabeko egoerarik? Azken urteotako Estatuaren jokabidea ikusita (Euskal Herrian konponbide prozesuari eraso baino ez dio egin eta Kataluniak egindako aldarrikapenei are errepresioa handiagoarekin erantzun die), ez dago itxaropen handirik euskaldunentzat eta katalanentzat. Burujabetzaren aldeko hautua, beraz, demokraziaren aldeko hautu ere bilakatu da neurri handi batean.

Edozein dela ikuspuntua (lerrootan aipaturikoa edo beste asko: ekonomikoa, kulturala…), prozesu independentista bat egituratzea behar bihurtu da etorkizunera begira. Eztabaidagaiak beste bat beharko luke, ordea: nola egituratu behar edo ahal den prozesu hori. Horretarako zer ahal behar diren da gakoa. Prozesua abian jarri behar dela esateak soilik ez du halakorik ekarriko. Ezta eztabaida teoriko amaigabeek ere. ETAk jokaleku politikotik desagertzeko prozesua abiarazi zuenetik, izugarria da zenbat sasi-ideologo eta teoriko berritsu azaldu den, gehienetan, ziberespazioan.

Harria jasotzeko, kolpe batez edo erdibidean arnasa hartuz altxa dezake harritzarra harri-jasotzaileak, baina, betiere, giharra behar du. Horixe da prozesu independentistak behar duena, landu behar duena: giharra, gihar independentista eremu eta arlo ezberdinetan. Sindikalgintzan, komunikazio munduan, gizarte zibilean, erakundeetan… Bestela, independentzia, egitasmo bat baino gehiago, lema bat baizik ez da izango. •