2018/11/03

ZAURIETAN MUSU, ALTSASU
Amagoia Mujika
1103_altsasu2

Haiek, patriotismoa goratzera datozenek, ez dute sekula ulertuko. Beren zapaltzaile ikuskeratik ezin da ulertu herri oso bat altxatu izana arrastaka eraman dituzten beren gazteak defendatzera. Ez dute ulertuko beren etxeetan ez ezik, gainontzeko etxe guztietan ere badagoela hutsunea eta mina; Altsasun eta Altsasutik kanpo.

Haiek, beren banderak harrokeriaz aireratuz “lur etsaiak” konkistatzeko grinaz datozenak, beren onetik ateratzen ditu altsasuarren duintasunak. Zapalduak beharko lukete, lurrean errendituta. Baina zutik daude, tente eta duin, zaurituta eta odoletan egonagatik.

Guardia Zibila babestera omen datoz. Eta nork babestuko gaitu Guardia Zibilaz? Garbi duzunean herriaren eta herritarren babesa baino ez duzula izango; legea beti zure kontrakoa izango dela; zapalduaren aldean jaio zarela... orduan Altsasukoa zara. Denok gara Altsasukoak.

Eskuin muturrak konkistaren ikur bihurtu nahi du herria, irabazle-galtzaile paradigma zitalean garbi gera dadin Altsasun ere nahi dutena egin dezaketela. Tira, nahiko garbi genuen hori lehendik. Baina berandu samar datoz, dagoeneko Altsasu duintasunaren, elkartasunaren eta batasun indarraren ikur bihurtu baita.

Zaurietan gatza botako dizute gaur-biharretan, berriz. Baina pasatuko da. Eta, bueltan, zaurietan musu, Altsasu. Ze harro gauden zutaz. Txarrenari onena atera diozu.

Amagoia Mujika Telleria