2018/11/10

Gorka Elejabarrieta
Bideak

Estaturik gabeko herrien ikuspegitik, zein da bidea? Estatuarekin akordioa edo konfrontazioa? Nire ustez biak ala biak berdinak dira. Herri demokratikoenetan ere konfrontazioa da akordioa ekarri duena

Quebec, Eskozia eta, orain, Kanaky. Ospatu ditugun azken erreferendumak galtzaile suertatu dira, eta, hala ere, zoriondu egin ditugu. Kataluniakoa irabazi zen, baina, zoritxarrez, guztiok dakizkigun arrazoiengatik ezin izan zuten erabakitakoa gauzatu.

Sedukzioa ala indarra. Zein bide da eraginkorragoa estatuaren interesa den batasuna ziurtatzeko? Aipaturiko adibideak oso modu arinean begiratuta, «biak» erantzungo genuke ziztu bizian. Izan ere, azken ondorioa, momentuz bada ere, proiektu independentista ezin gauzatzea izan baita.

Sedukzioa ala indarra, zein bide hautatu? Bata izan edo bestea, ondorio oso diferenteak ditu bestelako eremuetan. Eskoziaren eta Erresuma Batuaren arteko harremana edo Kataluniaren eta Espainiako Erreinuaren artekoa ez da berdina. Urriaren 1ean bozkatzera joan ziren katalanek, independentista izan edo ez, ez dute espainiar Estatuaren partetik jasotako biolentzia sekula ahaztuko. Kanaky eta Estatu frantsesak duela 30 eta 20 urte sinatu zituzten bake akordioak, baina, aldiz, Estatu frantsesak Kanakyn egindako sarraskiak oraindik orain kanaken subkontzientean oso presente daude. Oroitu Karembeu futbolari kanak ospetsuak Frantziako Mundialean “Marsellesa” ez abestea erabaki zuenekoa. Belaunaldiak beharko dira harremanak berriz ere zuzentzeko. Bestalde, bere hautu librearen bidez estatuaren parte izaten jarraitzea erabaki duenak estatu horren kide badela senti dezake. Bortxaz estatuaren parte izatera behartua dagoenak, berriz, ez du sekula ere estatu hori onartuko, eta ez da sekula estatu horren herritar sentituko.

Estatu indartsua behar da, norbere ereduan konfiantza duena, sedukzioaren bidea aukeratzeko. Zure helburua batasuna eta estatus quo-a mantentzea izanik, eskaintzeko daukazun horretan konfiantza izan behar duzu, hori bilakatzen baita zure helburuak betetzeko bidea, bide bakarra. Alderantziz, ezer eskaintzeko ez duzunean –ezer onik ez behintzat– zure buruan eta proiektuan batere konfiantzarik ez duzunean, estatu ahula duzunean, nola egin batasuna eta estatus quo-a mantentzeko? Ez duzu aukerarik ez eta tarterik sedukziorako, eta, horregatik, indarra erabiltzera behartuta zaude behin eta berriro. Momentuan, epe laburrean irabazten zoazela iruditzen zaizu, emaitzak hor daudelako, baina ez zara konturatzen jada galtzen hasia zarela.

Eta estaturik gabeko herrien ikuspegitik, zein da bidea? Estatuarekin akordioa bilatzen duena edo konfrontazioarena, alde bakarrekoa? Nire ustez biak ala biak berdinak dira. Herri demokratikoenetan ere konfrontazioa da akordioa ekarri duena. Aldez aurreko konfrontaziorik gabe ez da elkarrizketarik, negoziaziorik, akordiorik, erabakitakoarekiko errespeturik. Noiz onartu zuen Erresuma Batuak Eskoziako erreferenduma? Noiz Kanadak Quebeceko Argitasun Legea? Noiz frantziar Estatuak kanaken autodeterminazio eskubidea? Noiz Danimarkak Faroe uharteen autonomia? Noiz Norvegiak Sami Herriaren autonomia? Noiz Suediak norvegiarren autodeterminazioa? Historiak zeozer erakutsi badigu, norbere eskubideak borrokatu egin behar direla da. Horregatik, gurean batzuetan ematen diren zenbait eztabaida filosofiko-metafisiko apur bat antzuak iruditzen zaizkit.

Arrautzaren eta oiloaren eztabaida puristan murgiltzen gara batzuetan, ahaztuz errealitatea, mundu erreala, oso diferentea dela. Poema famatuak dioen bezala, bidea ibiliz egiten da, eta, ibiltzen zoazen heinean, bide berriak irekitzen doaz. •