Maider Iantzi Goienetxe

Sentsibilitateaz, berriz ere

Badakit lehenago ere idatzi dudala sentsibilitateaz eta honen faltaz. Mediku kontsulta batean gertatu zitzaidana konpartitu nuen aitzineko zutabe hartan. Gaur antzeko zerbait pasatu zait eta berriz idaztea merezi duela pentsatu dut. Ez naiz erabat biluziko hemen zuen aurrean, baina ideia bat egiteko kontatuko dizuet espero ez nuen zerbait bota didala sendagileak. Gauza ttikia, baina niretzat garrantzitsua eta ezezaguna. Burua paperetan sartua zuela mintzatu da; hotz, niri begiratu gabe eta azalpen gehiagorik eman gabe, nire erreakzioari erreparatu gabe. Eta aitzinera segitu du, bertze kontu pila batez informazioa ematen, kontu eta paper pila bat. Hau egiteko, bertzea egiteko... Niretzat azkarregi, gauza gehiegi batera izan da eta gauza bati ezetz erran diodanean –orain ez, espetu pixka bat–, nire gaitasuna zalantzan jarri du. Segituan erantzun diot –jakina ahal dudala, baina joan pausoz pauso– eta gustura gelditu naiz horrekin. Ateratzean, pasilloan, erizainak eman dit kezkatu nauen gauzatxo horri buruz medikuak eman ez didan azalpen lasaigarria, eskua eta besarkada batekin batera. Ez zaidala gustatu medikua nola solastatu zaidan adierazi diot, eta bion begiek bat egin dute, bereak ere malkotan.

Ez dakigu nola dagoen bertzea, ez dakigu nolakoa den, eta errazegi epaitzen dugu. Gauzak errateko modua zein garrantzitsua den gogoeta eginez lanera noala, CAF enpresak bertako langile Celestino Tolosa amiantoak hil zuela dioen epaiari helegitea jarri diola jakin dut. Celestinoren alaba Otsanda eta Kontxi Urbieta alarguna ezagutzeko zortea izan dut eta beren izateko eta jokatzeko moduarekin gelditzen naiz. Garbi dago gauzak egiteko bi modu daudela: ongi egin daitezke, edo gaizki. •