Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Sofiaren IA

Errudimentarioa da Sofiaren Inteligentzia Artifiziala. Aldez aurretik emaniko erantzunekin eta hodeiko erreferentziekin erantzun die Madrilen sevillanaz jantzita aurkeztu berri duten androideak kazetarien galderei.

Apika Audrei Hepburnengan inspiratuta diseinaturiko bere aurpegi mugikorra –62 espresio egiteko gai dena– da androide berri honen ekarpenik deigarriena. Edo pasaportea duen lehen androidea izatearen zalantzazko ohorea eskaini izana Saudi Arabiak. Ni neu, giza adimenaz duen –eman dioten– iritziarekin gelditzen naiz; elkar osagarritzen diren gaitasun ezberdineko adimen artifizialak ei gara gizakiak.

Gustatu zait, lehen kolpe batean, gurea ere Inteligentzia Artifiziala dela baieztatzea. Filosofia berekoa naizela esango nuke, gure adimenak, ingurunea interpretatu, aurresan eta eraldatzeko gaitasunak, guk geuk sortuak izan baitira, gizateriaren ibilian. Eta alderantziz, artifiziala deritzogun adimena, makinena, gure adimenaren ezagutzarekin batera garatu da, eta, gaur egun, zutabe honetan maiz aipatu dudan Rafael Yusteren hipotesiaren baitan, guztiz bat eginda proiektatzen diren garapen esparruak dira. Gustatu zait, beraz, Sofia hori, eta gustatu zait ere gaitasun ezberdineko adimen horien osagarritasuna aipatu izana, kointzidentea iruditu baitzait aktualitate zientifikoan izan den beste berri batekin. PNASen argitaratu berri denez, ohiko konpetentziaren ideologiaren aurka, gutxienez duela 200.000 urtetik zaintzen ditu gizakiak “ezohiko gorputzekin” -ehizarako ezgai, aniztasun funtzionalarekin– jaiotako kideak.

Gaur egun, tamalez, elkar osagarritasuna baino, konpetentzia eta elkarri mokoka aritzea dira nagusi gure Inteligentzia Artifizialen artean. Errealismo kapitalistan ari dira gure adimenak igerian eta pentsatu nahi dut hori dela errealitatea eraldatzeko borrokan ari garenon artean arrakalak eragiten ari den oinarrizko indarra. Eta hori pentsatu nahi dut, ezen eta bestela ezin baitut ulertu herri mugimenduan bizitzen ari garen tragedia. Indarren atomizazioa nahikoa ez eta haustura markoak indartu egiten ditugu etengabe. Entzun izan dut Ikasle Abertzaleak taldeak aita hiltzeko beharra duela, eta izan liteke azalpen bat, baina nire ikuspegitik gehiago izan da umezurtz gelditu dela Izquierda Abertzalearen aldaketa urteotan. Nik neuk ez dut nire burua islatuta ikusten IA hauetan, eta ikaragarri ari zait kostatzen lerrook idaztea, batzuekin zein besteekin harremanetan jarraitzen baitut, eta, ikusten, askozaz gehiago dela batzen gaituena banatzen gaituena baino.

IAko kide ohi bezala, herri bateko institutuan gertatu denak ematen dit min gehien, ikasle militante taldeak, IA bien arteko talka ulergaitz eta bortitzean, talde autonomoa egitea erabaki duenean. Askapen prozesuaren bermea herri aktibazioa eta indar metaketa diren baieztapena da gelditzen zaidan ziurtasun bakanetakoa, eta horri eutsi nahi diot nik, gaitasun ezberdinetako Inteligentzia Artifizial ororen arteko osagarritasunean, beti aurrera! •