Ion Salgado
ROKODROMOAK ITXITA

Gasteizko udal rokodromoak udatik daude itxita esleitu gabe geratu ostean

Gasteizko eskalatzaileek ezin dute udal rokodromoetan eskalatu. Itxita daude. Udalak hala erabaki zuen udan, rokodromoen kudeaketa esleitu gabe geratu zenean. Kirol zinegotziak baldintza-agiri berria aurkeztu du, eta urtarrilean rokodromoak irekiko direla esan du, baina itxaronaldia luzeegia izaten ari da langileentzako.

Uztailaren 27an Gasteizko udal rokodromoen gestioa esleitu gabe geratu zen. Egoera ez zen berria, iaz berdina gertatu baitzen, baina irailean Gorka Urtaranen Gobernuak aurrekaririk ez duen erabakia hartu zuen: rokodromoak ixtea. Ordutik hirian dauden rokodromo publikoetan lan egiten duten lagunak egoera larrian daude, konponbide bat itxaroten, eskalatzaileak bezalaxe.

Azken urteetan Arabako Rokodromoen Teknikariak (ART) kooperatibak eraman du Ariznabarra eta Hegoaldeko rokodromoen kudeaketa, baina Salburuko gizarte etxeko rokodromoaren irekierak «panorama berri bat» ekarri zuen. Hala azaldu du Ander Agirre kooperatibako kideak, Gasteizko Udalak udan proposatuko kontratua bideragarria ez zela nabarmentzen duenak.

Udalak 140.800 euroko kontratua proposatu zuen, hiru rokodromoen gestioa aurrera eramateko. Kooperatibak, berriz, 173.553 euroko eskaintza egin zuen. «Gure kooperatibak beti adierazi du gure gogoa zerbitzua ematea dela», gaineratu du Agirrek, eta beste enpresarik ez zela esleipenera aurkeztu ohartarazi du Udalak aurkeztutako baldintza-agiri berriari buruz hitz egin baino lehen. Agirrek azaldu duenez, urrian iragarritako baldintza-agiriak antzekotasun ugari ditu udan atera zenarekin. ART kooperatibako kidearen ustez, Gasteizko Udalak «kontratua zatitu egin du, beste enpresa batzuentzako tentagarri egiteko. Uste dugu, baina, kontratu berria ez dela ona, kudeaketa zuzena zaildu egiten duelako». Horrelako kontratu batek langileen subrogazioa zail dezakeela ere nabarmendu du.

Urriaren 30an Estibaliz Canto Gasteizko Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak emandako datuen arabera, «kontratu berria bi multzotan banatu da entitate gehiago erakartzearren zein entitate bakarrak kontratu osora aurkezterik izan ez dezan». Lehen multzoak erabilera librearekin zerikusia du, eta horri dagozkion mantentze-lanekin; eta bigarrenak udal ikastaroen kudeaketa jasotzen du.

Halaber, kontratu berriak instalazioak irekitzeko orduak zehazten ditu, eta orduko prezioak ere ezartzen ditu. Zentzu horretan, baldintza-agiri berrian prezioa pixka bat igo du Udalak, 19,85 eurotik 22,97 eurora. Dena den, entitate adjudikaziodunak oinarrizko mantentze-lanak egin beharko ditu, eta berrikuntza nahiz inbertsio premiak identifikatzeko txostenak landu.

ESK sindikatua

Julio Sanchez ESK sindikatuko kideak aurkeztutako baldintza-agiria sei hilabeterako soilik dela nabarmendu du, eta ez duela oinarrizko arazoa konpontzen. «Lehen bi rokodromo zeuden eta langile kopuru zehatz batek egiten zuten lan. Bada, baldintza-agiri berrian, langile gutxiagorentzako lana eskaintzen da. Jende gutxiagorekin hiru rokodromoen kudeaketa aurrera eraman nahi du Udalak», salatu du.

Datu aipagarri bat ere eman du Sanchezek: baldintza-agirian rokodromoak 4.842 ordu egongo direla irekita azaltzen da, baina, «orain arteko ordutegia kontuan hartuta, urtarriletik uztailera 7.000 ordu egongo lirateke irekita hiriko rokodromo publikoak». ESK sindikatuko kideak gaineratu duenez, «proposatutako ordu kopurua ez da nahikoa orain arte rokodromoetan lan egin duten langileen lanpostuak bermatzeko». Langileen kaleratzeak ez dituela Udalak ordainduko ere nabarmendu du.

Sindikatuak langileen kexak planteatu dizkio Estibaliz Canto zinegotziari, baina, Sanchezek dioenez, Udal Gobernuak ez ditu aintzat hartu. «Gobernu Batzarrak urriaren 26an onartu zuen baldintza-agiria, eta gu zinegotziarekin urriaren 25ean bildu ginen. Gauza ugariri buruz hitz egin genuen, baina, logikoa denez, proposatutako neurriak ez ziren sartu hurrengo egunean bertan onartutako baldintza-agirian», nabarmendu du.

ESK sindikatuak ez du uste zerbitzua pribatizatuko denik, langileek salatu izan duten bezala, baina zurrumurruak egon badaudela aitortu du. «Baldintza-agiria mahi gainean jarri baino lehen, zerbitzua ustiatzeko emakida batez hitz egin zuen pertsona bakarra zinegotzia bera izan zen, eta emakida bat ematea pribatizazioa dakarren formula bat erabiltzea da», azaldu zuen.

Egoera horretara ez heltzeko, ESK sindikatuak langileekin batera mobilizazioak deitzen jarraituko du, azken hilabeteetan egin bezala. Kaleak rokodromo bilakatuz, besteak beste. «Udal rokodromoetan ezin badugu eskalatu, kaletan eskalatuko dugu», nabarmendu du Sanchezek, eta kirol honen garrantzia kaleetan ikustea inportantea dela gaineratu du, «nahiz eta mahi gainean baldintza-agiri berri bat egon».

Eskalatzaileak sutan

Egindako ekimenetan erabiltzaileen babes osoa izan dute langileek. Horren erakusle, urriaren 16an Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataforma sortu zuten. Egun horretan zabaldutako agirian salatzen denez, Udal Gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz, «bat-batean, milaka gasteiztar eskalada praktikatu gabe geratu gara». Oharrean honakoa ere nabarmentzen da: «Salburuko gizarte etxean eraikitako rokodromo berriak itxita jarraitzen du, noiz irekiko den, eta nork edo nola kudeatuko den ez dakigula. Udalaren axolagabekeria eta planifikazio eza islatzen du horrek».

Gasteizko Udalak «rokodromoetako langileen eskubideak urratu» dituela ere salatzen du plataformak, langilerik gabe ezin dela eskalada praktikatu ohartaraziz. «Nork imajinatuko luke igerileku bar soroslerik gabe? Eskaladari dagokionez, arrisku kirola izanik, segurtasuna bereiziki garrantzitsua da gure kirola praktikatzeko orduan. Udalak bermatu behar du instalazio publikoetan istripurik ez egotea», diote. Lehen eta bigarren mailako erabiltzaileak daudela ere kritikatzen dute. Euskal Mendizale Federazioak Gasteizen txapelketa bat egin nahi zuela baina azkenean bertan behera utzi behar izan zuela ere gogoratu dute.

Egoera ikusita, Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformak «kirol gutxituak indartzeko politika integrala» eskatzen du, eta «irtenbide azkarra» proposatu du: «Rokodromoen irekiera eta langileei orain arteko eskubideak mantendu edota hobetuko dizkieten bermea». «Argi dugu rokodromo batean zerbitzua pareta estatiko bat izatetik haratago doala. Ezinbestekoa da mantenua, garbiketa lanak, segurtasuna eta eskaladaren oinarrizko irakaskuntza bermatuko dituen lantalde bat».

Amaitzeko, zerbitzu publikoak herritar guztien diruarekin mantentzen direla gogoratzen diote eskalatzaileek Udalari, «bereziki elitezko mailetan aritzen ez garen oinarrizko kirolarien diruarekin. Hortaz, horrenbeste Iron Man, Final Four edo txapelketa nagusitan zentratu beharrean, Udalak aurten baztertutako eskolaz kanpoko jardueretan dabiltzan umeengan, eskalada aisialdi duten gazteengan, kirol berri bat ezagutu nahi duten helduengan, behar bereziak dituzten pertsonengan pentsatu beharko luke».

Zentzu horretan, Adrian Donnay plataformako kideak rokodromoen itxiera haurren artean izaten ari den eragina salatu du. Izan ere, «ume eta neska askok» egiten dute eskalada Gasteizen eta ikasturte honetan ez dute rokodromora joaterik izan, «eskaladarekin duten lotura apurtuz». Halaber, eskalatzaileek ezin izan dute entrenatu azken hilabetetan, eta haien arteko harremanetan ere eragiten du itxierak, Gasteizko rokodromoak topagune baitira eskalada praktikatzen dutenentzako.

Orain artean eskalatzaileek bi mobilizazio egin dituzte, baita Ariznabarra eta Hegoaldeko rokodromoen okupazio sinbolikoak ere. Donnayk aurreratu duenez, «oraingoz» kontratuarekin zer gertatzen den jakin arte itxarongo dute mobilizazio gehiago deitu aurretik. Langileak, kooperatibako kideak eta erabiltzaileak ere adi egongo dira, kalitatezko zerbitzu bat bermatzeko borrokatzeko prest.

Kultura, Hezkuntza eta kirol zinegotzia, emakida bat ematearen alde

Gasteizko Udalak uko egin dio GAUR8ren eskaerari, eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok ez ditu erantzun nahi izan komunikabide honetatik egin nahi genizkion galderak. Hori bai, urrian egindako agerraldi batean rokodromoen kudeaketari buruz hitz egin zuen Cantok, eta Udalak erabakitako itxiera babestu zuen. «Esan denaren kontra, aurkeztu zen enpresa bakarrak eragotzi egin zuen juridikoki kontratua hari ematea, eskatutako orduak gainditu zituztelako». Adierazi zuenez, «kontuan izan behar da Udalak ezin dituela baldintza-agiriak enpresekin negoziatu, eta 2.000 ordu gehiago fakturatu nahi izatea zilegi den arren, ezin da exijitu, bezeroa Udala baita». Egun martxan jarri den esleipenean fakturatutako orduaren prezioa 2 euroan igo dutela adierazi zuen.

«Bestetik, zerbitzua pixkanaka pribatizatzea leporatu digute, eta hori ez da egia, kontratu eredu honek 15 urte baitaramatza indarrean. Nolanahi ere, etorkizunean emakida bat ematea da gure asmoa, kudeaketa hobea izango baita horrela, jende gehiagorengana iritsiko da», gaineratu zuen zinegotziak. Udalak eskalada defendatzen duela ere nabarmendu zuen Cantok: «Udal Gobernu honek eskaladaren aldeko apustua egiten du, eta horren froga da hirugarren rokodromo bat eraiki izana. Eskaladari ikusgarritasun handiago emateko eta jende gehiago erakartzeko egiten ari garen ahalegina ere hor dago».

«Udalarentzat ez da atsegina izan zerbitzua itxita edukitzea, baina baldintza-agiri honekin berriro segurtasunaren alde egin dugu; inguruotako rokodromo seguruenak izatearen alde, orduak era planifikatuan handitzearen alde eta orduko prezioa handitzearen alde. Zerbitzua urtarrilean irekiko da», azaldu zuen Cantok. Gogoratu beharra dago orduko prezioaren igoera txikia izan dela, 19,95 eurotik 22,97 eurora. Gainera, kontuan hartu behar da aurrerantzean hiru rokodromo kudeatu beharko direla, ez bi orain artean bezala.