Nekane Zinkunegi Barandiaran

Gertutasun erlatiboa

Izaten dira harremanak, egunerokoak izanda ere, erabat arinak eta azalekoak direnak. Eguraldiaz, bezperako loaren kalitateaz edo asteburuko planez haragoko elkarrizketetatik pasatzen ez direnak. Badira, ordea, distantziaz urrunduago egon arren, konfiantza handiagoko harremanak ere. Email, watxap edo bestelako tresnek ematen duten kontakturako aukera baliatuta, edozertaz aritzeko moduko lasaitasuna eta konfiantza sorrarazten duten erlazioak. Seguru asko, aurrez aurre egoteko presiorik ezak azalpen asko aurrezteko aukera ematen duelako.

Egunerokoan parean tokatu ez baina urtean egun jakinetan elkartzen direnek ere izaten dituzte, askotan, konfiantza handiko harremanak. Ikusi gabe hilabeteak pasatu arren, inoiz elkarrengandik bereizita egon ez balira bezala, behartu gabe, berez ateratzen diren elkarrizketetarako aukera ematen dutenak. Mahai bueltan eserita edo trago bat eskuan hartuta, garai bateko ateraldiak oroituz barre algaraka plazerezko egonaldiak partekatzeko moduko harremanak.

Joan den asteburuan izan dut sentsazio hori. Aspaldian egon gabeko lagun min batzuk elkartu eta dena erraz zihoala, ongi moldatzen ginela, kode berean komunikatzen garela. Halakoetan, euforiak eraginda, tentazioa izaten da ustekabean sortutako uneak hurrengo baterako planifikatzeko. Baina planifikazio faltan ez ote dago xarma? Aurreikusi gabeko une horiek sortzen direnean, guztia gerta dadin uztean? •