Amaia Nausia Pimoulier

Skolae eta doktrinamendua

Skolae programaren harira “inposizio” eta “doktrinamendu” hitzak entzuten ari gara behin da berriro. Itxuraz, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak bultzatutako programak gure haurrei balio jakin batzuk inposatu nahi dizkio. Orain dela sei bat urte liburu bat idatzi nuen emakumeek historian zehar jasandako doktrinamenduaren inguruan. Beraz, eta baita emakumea naizen heinean, doktrinamenduari buruz zertxobait badakidala uste dut. Ez dut autobomboan erortzeko asmorik, baina “¿Vírgenes o putas? 500 años de adoctrinamiento femenino” liburuan historian zehar emakumearen inguruan eraiki diren diskurtso doktrinatzaileak aztertzen nituen. Bi ereduren arabera hezi gaituzte, Ama Birjina eta Eva; hau da, emakume onak eta emakume gaiztoak. Gizartearentzat genuen betebehar nagusia haurrak mundura ekartzea eta horiek balio kristauetan heztea zela esan izan zaigu. Amatasunaz gain, gure beste eginbeharra gure sexualitatea kontrolatzea zela ere esan zaigu mendeetan zehar. Izan ere, gizartearen ongizatea eta bakea gure esku zeuden, gu baikinen gizonak probokatzen genituenak; gure gorputza eta sexualitatea zikinak ziren eta gu errudunak, hortaz, gu geu izan behar ginen diziplinatuak, guk jaso behar genuen doktrinamendua. Emakume onaren ideala irentsarazi ziguten; emakume zintzoa, apala, kristaua... Emakume “ona”, azken finean.

Doktrinamendua pentsamendu bakar baten inposizioa izanik, errespetua alde batera utziz eta zigorraz baliatuz Skolaek gure haurrak doktrinatu nahi dituela entzuten dudanean sutan jartzen naiz. Eremu pribatuan utzi beharreko kontuak direla Skolaek inposatu nahi dituenak ere esaten dute. Ez jaun-andreok, berdintasuna, errespetua, autoezagutza eta burujabetza bezalako kontzeptuak eskola publikoan jorratzea ez da inolaz ere eztabaidagarria, giza eskubideetan agertzen diren balioak eztabaidagarri ez diren bezala. Gure haurrak pentsamendu askatasunean, bestearen eta bere buruaren ezagutzan eta errespetuan heztea berezko balioa da, doktrinamenduaren kontrakoa, hain zuzen ere. Eskola publikoan zein pribatuan gure haurrek matematika ikasgai bezala jasotzea eztabaidagarri ez den bezala, sexualitatea eta berdintasuna ikasgai transbertsalak izateak ere ez luke eztabaidagarri izan behar. Erregistroak existitzen direnetik ia 1.000 emakume erailak izan diren Estatuan Skolaek «generoaren ideologiaren inposizioa» bilatzen duela aipatzeari lotsagarria deritzot.

Gauza bakar bat leporatzen diot Skolae proiektuaren bultzatzaileei: ausardia falta. UPNk eta PPk inposizioa salatu dute eta berehala Nafarroako Gobernua azaldu da esanez ez dutela inolaz ere programa hau inposatzen, eskolei aurkeztu eta eskainitako proiektua dela eta askatasuna eman dutela Skolae martxan jartzeko. Motz gelditu direla iruditzen zait eta, berriro ere, eskuin-liberalen askatasun indibidualaren erabilpen maltzurra salagarria iruditzen zait. Gizon eta emakumeon arteko berdintasuna lantzea ezin da hautazkoa izan gure hezkuntza sisteman eta horrelako proiektu bat aplikatu nahi ez duenak diru publikorik gabe gelditu beharko luke. •