Maite Ubiria Beamount

Txaleko horien oldarraldia eta trantsizio ekologikoa

Garai berrietako mobilizazio ereduaren baitan kokatzen den interes indibidualen araberako oldarraldi kolektiboaren episodio berria biziko da, gaur, Hexagonoko bide eta karriketan. Dieselaren prezioren garestitzea eta oro har gobernuaren «poltsikoen xurgatze politika» jarri dute jomugan txaleko horia sinbolotzat hartu duten herritarrek. Mugimendu bat osatzen dute? Helburu orokorren alde jarduten dute? Guztiz ulergarriak diren beraien arranguretatik at gizartearen aldaketa dute xede? Norantz? “Soziologiaren herrialdeak” hamaika prentsa orri, telebista minutu eta eztabaida akademiko sutsuren bidez helduko dio gaurko mobilizazio egunari, besteak beste, salerosketa ahalmenaren gorabeherek panorama politikoan eragin ditzaketen albo-kalteak aztertzeari.

Ultraeskuinak eta muturreko nazionalistek –Rassemblement National, Debout la France...– ez diote erreparorik jarri trantsizio energetikoaren aldaketaren faktura «kontsumitzaileengan uzteko» asmoa salatzeari. Hori bai, alderdi horiek beraiek klima aldaketaren gainean, baita ongizate estandarretan Frantzia bizitzen ari den galera azkarraren gainean ere, ardura askoz handiagoak dituzten elite ekonomikoei zergak igotzearen kontra dira. Are, «sufritzen duen herriaren» banderola altxatzen dutenetako batzuek, Marine Le Penen alderdiak kasu, Europar Batasunetik jasotako diru publikoa maltzurki erabiltzeagatik inkesta zabalik dute. Behin hori argituta, zerga injustuaren salatari publiko bezala agertuz, dieselaren gaineko kalapita aitzakiatzat hartuz, “Dama Urdinak” azeleratzailea nahi du zapaldu, frantziar presidentetzarako hauteskundeen hirugarren buelta hemendik hilabete gutxira jokatuko baita, Europako Parlamenturako bozetan.

Horiek horrela, txaleko horien protestaren aurrean nola jokatu behar dute Macronen erreformismo ultraliberalari erantzuna –eta ezkerraren kasuan alternatiba– emateko premia duten gainerako eragileek? Aukera al da beraientzat gidari haserretuekin karrika partekatzea? Arrisku gehiegi hartuko al lukete, beraien agenda eta lehentasunen sailkapena albo batera jarrita, oihuari bozgorailu emanez? Komunikazio kabineteetan eztabaida ez da seguruenik samurra izan. Eskuinaren lerroetatik hasita, oilar bakoitzak apustu gogo diferentearekin erantzun dio posizioa finkatzeko enbidoari. Beste hainbat aferatan bezala, lurralde eta eskualdearen arabera garrantzia oso ezberdina hartzen duen gaia honetan nahi eta ezinean murgildu dira eskuineko oilarrak. Egiazki, Macronek Lehen Mundu Gerraren amaieraren mendeurrenaren bezperan zerbitzatu zuen platera, petenismoaren birkozinatutako errezeta, guztiz edo erdizka digeritu behar duten erabakitzearekin nahiko lan dute kontserbadoreek. Ezker eraldatzailearen eremuan, berriz, La France Insoumise alderdia nola mugitu da? Banderola gorriak eta txaleko horiak bateragarriak al dira? Jean-Louis Melenchon ez soldadu ez desertore gisa azaldu da. Hitz jokoa erabilita, faché (“haserretu”) guztiak ez direla facho (“faxista”) oroitarazi du, erregaien prezioa ordaintzen duten saminduen aurrean kokapen neutro samarra hartuz. Gobernuak, azkenik, protesta apaltzera jokatu du, blokeoen aurkako mehatxuak eta neurri aringarrien amua tartekatuz. Gaurko sutea kontrolpean jartzea du xede, heldu den urtean abian emanen duen diesel ibilgailu zaharren ehiza baldintza hobeagoetan gauzatze aldera. •