Juantxo EGAÑA

Uretamendi, txabola eremua

Egile ezezaguneko irudi hau joan den mendeko 60ko hamarkadan Bilbon zeuden txabola eremuen gaineko erreportaje batekoa da. Erreportajeak txabolen eraispena eta Uretamendiko auzo berriaren eraikuntza erakusten du, besteak beste. Uretamendin 1948an hasi ziren txabolak eraikitzen; legez kanpokoa zenez, gauez eraikitzen zituzten, eta, behin eraikita, ezin zituzten eraitsi. Eraikitze lanetan, beste txabolista batzuen laguntza izaten zuten. 300 familiatik gora bizi ziren txaboletan, gehienak inguruneko fabriketan lan egiten zuten immigranteenak. Han bizi zirenetako batzuek kontatzen zutenez, asfaltozko geruzaz estalitako zurezko xaflekin eginda zeuden. Barruan, gatzetan jarritako sardinzarren kaxekin egindako oholtza bat erabiltzen zuten zoru gisa. Ez zuten zerbitzurik; beraz, batzuetan euri ura erabiltzen zuten, baita Uretamenditik gertu edateko ura ematen zuten iturrietakoa ere. Kanpoan ez kalerik ez zoladurarik ez zegoenez, euria egitean ingurua lokatzez betetzen zen.