Ibai Azparren Eguillor
XABOIAREN USAINA

Xaboiak denda, xaboi konbentzionalen aurkako erresistentziaren ikur

Emakume batek mukiak kendu ditu Iruñeko Mercaderes kaleko Xaboiak dendara sartu baino lehen. «Marranta baduzu ez da dendara etortzeko egunik egokiena», ohartarazi dio Reyes Gutierrezek. Duela zortzi urte hartu zuen xaboi naturalak saltzen dituen dendaren ardura, eta, bertan, usaimena da gidaririk hoberena.

Permufeak” Patrick Süskind idazle alemaniarraren obrak irakurlea usainen erreinu iheskorrera eramaten badu, Xaboiak dendak, ikara eta ameskeriazko mundu horretatik aldenduz, gauza bera egiten du bertara gerturatzen diren guztiekin. Agian, eleberriko Grenouille protagonista umezurtzak, hainbestetan hazamek baztertu zutena «umetxo usaina ez izateagatik», Xaboiak dendako produktuak probatu izan balitu, «azala umetxo baten ipurdia bezala» zuela geratuko zen behintzat.

Reyes Gutierrez Xaboiak dendako arduradunak azaldu bezala, «sartzerakoan pizten den lehenengo zentzumena usaina da». Aurreko jabeak denda utzi zuenean, ordura arte langile gisa zegoen emakumeak dendaren ardura hartzea erabaki zuen, langabezian geratzera baitzioan: «Beste lan bat bilatzeko indarrik gabe nengoen, eta, gau zoro batean, aurrera jarraitzea erabaki nuen». Zortzi urte eta gero, Iruñeko Mercaderes kaleko Xaboiak denda eramaten du, denda «txiki, ikusgarri eta modernoa, antzina erabiltzen zirenen pareko produktu eraberrituez betea», zehaztu du.

Etxerako aromak, komuneko-ponpak, kosmetika naturaleko gaiak, bainu-gatzak, masajeak egiteko argizariak edo olio labaingarriak dira, besteak beste, bertan aurki daitezkeen produktuak. Hala ere, «dendako produktu kutuna xaboia da», baieztatu du Gutierrrezek. Eta ez da harritzekoa, sartzean kolore eta forma guztietako xaboiak antzeman baitaitezke. «Kolore jakineko xaboien bila etortzen da jende asko, etxeko xaboi-ontziaren ondoan ongi gera dadin», aitortu du. Hala eta guztiz ere, xaboien efektu eta propietateak dira bezeroek nabarmentzen dituztenak; ontziratu gabeko xaboi ekologikoak, biodegradagarriak, hidratatzaileak, artisau-xaboiak... bilatzen dituzte.

Xaboiak ez ditu Gutierrezek egiten, «bakarrik bainago dendan eta ez bainintzateke iritsiko». Zaragozako De Una Pieza dendatik ekartzen ditu xaboi gehienak, pH neutrodunak. «Supermerkatuan saltzen diren xaboi konbentzionalek pHa dute, eta, dutxa batetik bestera, ez diogu leheneratzeko denborarik ematen azalari», azaldu du. Hori da, bere iritziz, bere dendan eta supermerkatu batean erostearen arteko desberdintasun nagusia. «Bueno, hori eta nik baino azalpen gehiagorik ematen dituen beste inor ez dagoela!», gaineratu du, txantxetan.

Gutierrezek saltzen dituen xaboiekin «azala segituan leheneratzen da», eta, gainera, dermatitisa, zauri txikiak eta aknea tratatzeko egokiak dira. Hori bai, Gutierrezek ez du inor engainatu nahi: «Ez dituzte gaixotasunok sendatzen, laguntzen badute ere». Alergia sortzen zion osagai kimikoa izango ez zuen xaboi baten bila etorri zen mutilaren kasua ekarri du gogora. «Ohiko xaboi guztiek dute osagai kimiko hori, nire xaboiek izan ezik».

Ahoz aho

Gutierrezek bezero fidelak ditu, baita produktuen ikusgarritasunagatik dendan sartzen direnak ere. Normalean, baina, ahoz ahokoak funtzionatzen du. «Behin probatuta, hori bai, betirako erori dira sarean!», gaineratu du, barrezka.

Askotariko bezeroak dituela nabarmendu du, «naturista, begano eta modernoetatik hasi eta betiko xaboi klasikoak erosi nahi dituzten pertsonengana iritsi arte». Azkenontzat, oliba olio puruz eginiko xaboi tradizionalak ditu: «Betidanik egin den olioa da. Olio birjinarekin egiten da, birziklatutakoa erabiltzea debekatuta dagoelako».

Gustuko lekuan aldaparik ez

«Nik baino xaboi gehiago ez dauka inor», zehaztu du Gutierrezek, arrosa koloreko bat erakusten duen bitartean. Dena den, Internetek eta supermerkatu handien irekierak mesederik egin ez diotela aitortu du, baita krisi garaian salerosketa «geldiago» zegoela ere. Ordutegia eta bakarrik egotea dira lanaren aspektu txarrenak. Aspektu onak, baina, nagusitu egiten direla dio: «Nire senarrak laguntzen dit eta gustuko dudan lana da. Hori da garrantzitsuena».

 

Moda kontua: kalamuaren eta Kleopatraren artean

«Artisau-pastelgilea ere badaukate Zaragozako De una Pieza dendan», azaldu du Gutierrezek, karite gantzarekin eginiko muffin bat hartzen duen artean. Hipsterismoak ekarritako modak ere iritsi dira xaboien mundura. «Ezin dira jan, bainuontzian sartu eta azalean gelditzen diren tantatxoak igurtzi behar dira». Baina xaboiarekin egiten diren “madalenok” ez dira dendan saltzen diren produktu atipiko bereizgarrienak. Gutierrezek asteme esnearekiko debozioa partekatzen du Kleopatrarekin. «Lehen mosketa arrosa modan zegoen, gero aloe verak ordezkatu zuen, eta, orain, asteme esneak. Moda kontua da», argitu du.

Hala ere, postmodernismoa uxatuz, K.a. 4000. urtean

Txinan erabiltzen zen kalamu olioak moda-modan jarraitzen du egun. Gutierrezek azaldutakoaren arabera, «porru baten efektu lasaigarria dauka baina buruko txoriak kenduta». Produktu garestiena da, baina urtebete irauten du, «ez delako egunero erabiltzen den produktu horietako bat».