Juantxo EGAÑA

Alberto Schommer Koch argazkilariaren dendan begira-begira

Irudi bitxia, 1962ko hau. Publikoa Alberto Schommer Koch argazkilariaren dendako erakusleihoa ikusten ari da, Gasteizko Alava Jeneralaren kalean. Schommer gizarte erreportajeetan espezializatu zen. Ez dakigu zer dela-eta begiratzen dion jendeak horrenbesteko interesarekin erakusleihoari. lrudi hau azaroaren 30a arte Arabako Artxibo Historikoan ikusgai den erakusketa batekoa da; haren izenburua, “Gasteiz, hiri bizi baten ikuspegiak eta oroitzapenak”. Alberto Schommer Koch (1897-1981) Westfalian jaio zen eta, Lehen Mundu Gerra hasi zenean, Alemaniatik atera zen Kamerunera abiatzeko asmoz, artean herrialde hura Alemaniaren kolonia baitzen, baina Donostian geratu zen bere osaba Willy Koch Schoneweisekin lanean. Schommer Kochek Zaragozan eta Madrilen lan egin zuen argazkilari gisa, eta, azkenik, Gasteizen ezarri zuen bere estudioa. Haren argazkiek Arabako bizitza sozial eta kulturala jaso zuten 20ko hamarkadatik 1978a arte, urte hartan itxi baitzuen bere estudioa. 1997an haren funtsak Arabako Aldundiari eman zizkioten.